Nafarroako Gobernuak Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea aurkeztu du datozen hamabi urteetarako, 439 milioi euroko aurrekontua duela - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

21 de diciembre de 2018

Nafarroako Gobernuak Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea aurkeztu du datozen hamabi urteetarako, 439 milioi euroko aurrekontua duela

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak 2019-2030 Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea aurkeztu du gaur, hots, Foru Komunitatean aldaketa klimatikoaren aurka sortutako bitartekorik garrantzitsuena ur-arloan. 439 milioi euroko aurrekontua izango du. Hemendik aurrera, jendaurrean jarriko da 45 egun baliodunez. Gero, Parlamentuan tramitatzen hasiko da.

Esparru zabala barne hartzen du planak, azpiegituretatik etorkizuneko gobernantzaraino (tarifikazioa barne), eta bereziki garrantzitsua da aldaketa klimatikoa jasaten ari garen gaur egungo agertoki honetan. Izan ere, aurreikuspenek diote %15 murriztuko direla ekarpen hidrologikoak Nafarroan, eta datu estatistikoek, biztanleria-tasak egonkor jarraituko duela, hau da, gutxienez eskari bera asetzen jarraitu beharko dugula baliabide gutxiagorekin. Egungo ur-kontsumoa, Nafarroan, 77 hektometro kubiko da urteko.    
  
Planak dituen helburuen artean, gainazaleko eta lurrazpiko ur-masen egoera ekologiko ona lortzea nabarmentzen da, baita kostuak erabat berreskuratzea ere 2027rako. Izan ere, Uraren Esparru Zuzentarauak, garrantzitsuenak Europar Batasunean, ezinbesteko betekizuntzat jotzen du azken hori.  Gaur egun, ez dago gastatzen duena berreskuratzen duen kudeaketa-sistemarik, zenbait partida ez direlako aurreikusten kontuetan, esaterako, azpiegituren amortizazioa, eta beste batzuk ez direlako kontuan hartzen, esaterako, ingurumen-kostuak. Proposatutako helburuak lortzeko, Toki Administrazioaren Erreformaren Legea gidalerro hartuta artikulatuko den sistema publiko bat aukeratu da.

Hornidurari dagokionez, xedatzen du 2030. urtean kalitate handiko iturri egonkorrak eta behar bezain dibertsifikatuak izan beharko direla biztanle guztiei zerbitzu jarraitu eta bikaina asetzeko, ahaztu gabe kontsumo arduratsua (120 litro, gehienez, biztanle eta egun bakoitzeko) ezinbestekoa izango dela. Beste alde batetik, saneamendua erabatekoa izango da 100 biztanletik gorako gune guztietan 2024rako. Gaur egun, Nafarroako biztanleen 98k saneamendu egokia du, eta gainerako %2an lortzeko lan egiten ari gara; zaila da hori, ordea, sakabanaketa geografikoa eta portzentaje apal hori osatzen duten guneetako biztanle-dentsitate urria direla eta. 

Halaber, planak I+G+B inbertsioa jasotzen du –lehentasunezko 11 ikerketa-lerro ditu eta aurrekontuaren %2ra iritsiko da 2030ean– zerbitzua hobetzeko printzipio gisa, baita informazio-, heziketa- eta sentikortasun-kanpainak herritarrentzat ere.
Gobernantzaren eta tarifa-kudeaketaren esparruari dagokionez, ezinbestekoa da kostuen azterketa zorrotza egitea 2020. urtean, berrehun entitate baino gehiagok ematen baitituzte hornidura-zerbitzua eta hura kobratzeko kudeaketa Nafarroan gaur egun, hau da, ez dago modu bakar eta homogeneorik.   Planak tarifa-sistema komun, solidario eta orekatua jasotzen du 2021. urterako, aurrezpena eta efikazia sustatuko dituena uraren erabilera eta kudeaketan. 

Jendaurrean jarriko den dokumentu honek 741 ekarpen jaso ditu jada, aurtengo urtarril eta maiatzera bitartean egindako partaidetza-prozesuaren bidez: 556 bileretan, eskua jasota eta lan-taldeetan egindako proposamenen bidez, eta beste 185 Internet bidez. Horietatik 140 Gobernu Irekiaren bidez iritsi ziren, eta beste 45, posta elektronikoz. 394 pertsonak parte hartu zuten (301 gizonezko eta 93 emakumezko). Fase berrian zehar eta Parlamentuan tramitatzen hasi aurretik, alegazioak jaso daitezke herritar, enpresa, kolektibo eta abarren partetik.

Gogora ekarri nahi dugu bi seiurtekoren epea aurreikusi dela plana ezartzeko. Seiurteko bakoitzak (2019-2024 eta 2024-2030) bere mugarriak ditu, tokiko entitate bakoitzaren aukeren eta Nafarroako Gobernuak herrien eskura jar ditzakeen baliabideen arabera berrikusiko direnak, aldiro-aldiro berrikusiko baita plana.
 
LAGUNTZA-INFORMAZIOA

Planaren helburu orokorrak
 
•      Eskubide unibertsala da ur-hornidurako eta -saneamendurako zerbitzu egokia izatea.
•      Zerbitzua modu eraginkor eta profesionalenean emango da, eta, horretarako, eskualdeen esku geratzea proposatzen da (udalaz gaindiko erakundeak, toki-administrazioaren erreforman proposatutakoak).
•      Tarifa-sistema solidarioa eta homogeneoa izango da, eta kostu guztiak estaliko ditu, ingurumen arlokoak barne.
•      60 litroko hornidura, gutxienez, bermatzen da, biztanle eta egun bakoitzeko. 
•      Sarera konektatutako ur-kontsumoa ez da Nafarroan sortutako ur-baliabideen %2tik gorakoa izango.
•      Plana da bitarteko nagusia gainazaleko eta lurrazpiko masen egoera ona lortzeko, plan hidrologikoetan xedatutakoarekin bat etorrita.
•      2024rako, etxeko hornidurak ez dira 120 litrotik gorakoak izango biztanle eta egun bakoitzeko.  100 biztanletik gorako gune guztiek arazteko sistema biologikoa izango dute.
•      2027rako, hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren sistemak erabat berreskuratu beharko ditu kostuak.
•      2030erako, biztanleen %100a kalitate handiko ur gordineko iturrietatik hornituko da.
•      Sareek %60ko gutxieneko efizientzia izango dute 2024an, eta %70ekoa, 2030ean.
•      500 biztanletik beherako guneek, aldiz, %50eko gutxieneko efizientzia izango dute 2024an, eta %60koa, 2030ean.
•      Planak genero-berdintasuna sustatuko du bere jarduera-eremuaren barruan.
•      Aurrerapausoak egingo dira prestakuntzan, heziketan eta sentsibilizazioan, helburuak lortzeko tresna nagusi gisa; eta I+G+B inbertsioa bultzatuko da.  
 
Aurrekontuaren banakapena
 
•      Hiri-erabilerako uraren ziklo integrala indartzea: 5.750.000 euro.
•      Hornidura-ekintza orokorrak: 1.985.000 euro.
•      Altako hornidura-azpiegituren hobekuntza*: 126.858.909 euro.
•      Bajako hornidura- eta saneamendu-azpiegituren hobekuntza**: 154.000.000 euro.
•      Saneamendu-ekintza orokorrak: 1.480.000 euro.
•      Altako saneamendu-azpiegituren hobekuntza***: 118.541.253 euro.
•      Uraren hiri-zikloaren kostuak eta tarifa-sistema: 430.000 euro.
•      Ezagutza, sentsibilizazioa eta zabalkundea: 30.425.000 euro.
•      Guztira: 439.270.163 euro.

*Goi-hornidura: ura iturritik hartu eta arazteraino eramatea.
**Behe-hornidura:  araztegian tratatutako ura hartu eta erabiltzaileen txorrotaraino eramatea. Behe-saneamendua: hondakin-urak sortzen diren tokian (etxeetan, industrietan...) hartu eta udal-estolderian barna bideratzea.
***Goi-saneamendua: udal-estolderian barna araztegietaraino bideratzea.
 
Planari buruzko dokumentazio osoa:

Gaztelaniaz: https://www.nilsa.com/es/que-hacemos/saneamiento-y-depuracion/plan-director-del-ciclo-integral-de-agua-de-uso-urbano/
Euskaraz: https://www.nilsa.com/eu/zer-egiten-dugu/saneamendua-eta-arazketa/hiri-erabilerako-uraren-ziklo-integralaren-plan-zuzentzailea/