NILSA, Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.

Prentsa oharra

2024

2024ko URTARRILAREN 26a

150 ikaslek baino gehiagok Lizarrako araztegia bisitatu dute Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Egunean, NILSAren hezkuntza-eskaintzaren barnean

Visita a la depuradora de Estella-Lizarra

Lizarraldea BHIko 150 ikaslek baino gehiagok Lizarrako araztegia bisitatu dute gaur goizean, NILSAren hezkuntza-programaren barnean. NILSA arazketan aritzen den enpresa publikoa da, eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikita dago. Instalazio hori Jurramendiko Mankomunitateak jarduten du, eta NILSAren esparruko arazketa- eta saneamendu-instalazio guztien barruan kokatzen da, toki-erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzaren adibide gisa.

Gaur goizean, ekitaldi bat antolatu da urak klima-aldaketaren testuinguruan duen garrantziari buruz kontzientziatzeko. Hala, DBHko bigarren mailako zortzi taldek hartu dute parte, sei gaztelaniaz eta bi euskaraz, eta 09:00etatik 13:30era bitartean ibili dira lantegian, hondakin-ura ibaira itzuli aurretik nola garbitzen den ikasteko.

2022-2023 ikasturtean, COVID-19aren pandemiaren aurreko kopuruak itzuli dira. Izan ere, 8.335 parte-hartzaile izan dira (480 taldetan banatuta), eta aurreko ikasturtean, 7.799. Gainera, pandemia-garaian martxan jarritako online atalean, 12.009 bisita izan ziren gaztelaniaz, eta 2.848, euskaraz. Aire zabaleko edo gelako ekintzetan parte hartu dutenen % 21ek hezkuntza-programako jarduera bat baino gehiago egin dute, eta tailerren eta hitzaldien teoria osatu dute araztegietara egindako bisita praktikoarekin.

“Eskoletatik datozen parte-hartzaileen zifrak (% 85eko parte-hartzearekin) mantendu egin dira, baina programa guzti-guztientzat dago zabalik: kolektiboak, elkarteak, udalak, kultura-etxeak eta beste edozein erakunde edo pertsona, mota guztietakoak. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, ahalik eta ikuspegi inklusiboenarekin, orduan eta ingurumen-kontzientzia handiagoa sortuko dugu, eta hori da, hain zuzen ere, gure helburu nagusia”, adierazi du NILSAko gerente Fernando Mendozak. “Gainera, programaren helburua ez da soilik hondakin-urak arazteko prozesua ezagutaraztea, baizik eta ingurumenari eta gainerako izaki bizidunei, hala nola landareei eta animaliei, zor diegun errespetuari buruz kontzientziatzea ere bai. Aukera dugun bakoitzean, animalien bizitza eta hura gordetzen duten ekosistemak defendatzen ditugu”, adierazi du “kontzientziazioaren eta hezkuntzaren bidez, iritzi publikoaren atea berriro deitzeko gako gisa balio duen” egunean.

Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Eguna

Duela 46 urte, Belgraden nazioarteko mintegi bat antolatu zen ingurumen hezkuntzari buruz, eta horrek ingurumen hezkuntzaren printzipioak ezarri zituen NBEren programen esparruan. Gainera, Belgradeko Gutuna deiturikoa argitaratu zen. Gutun horren azken helburua hauxe zen: “ingurumenaz eta haren arazoez kontziente eta arduratsua izanen den mundu-mailako biztanleria sortzea, arazoei irtenbidea emateko helburuz bakarka zein taldean lan egiteko ezagutzarekin, gaitasunarekin, jarrerarekin, motibazioarekin eta konpromisoarekin”.

Espiritu horrekin, NILSAk ingurumen hezkuntzaren, uraren (martxoaren 22a) eta ingurumenaren (ekainaren 5a) mundu-egunak ospatzen ditu gazteenekin, 1999an sortu zen hezkuntza-programaren esparruan. Programa hori guztiz doakoa da, hirueleduna (gaztelania, euskara eta ingelesa), eta Nafarroan bizi den edozein pertsonak egin dezake.

Aurten, NILSAk berriro lizitatuko du, eta Mendozak gaineratu duen bezala: “zenbatekoa bikoiztu egingo dugu, 200.000 euroraino, uste baitugu enpatian heztea bide bakarra dela elkarrekin bizitzeko, baita ibai-ibilguetako izakiekin ere. Izan ere, hori modu bat da kontzientziatzeko urak presio hidriko handiagoak edo txikiagoak izanen dituela klima-aldaketaren ondorioz, eta orain arte Nafarroan arazo izan ez bada ere, lurralde guztietan gertatuko dira. Bizi garen bitartean, ezin dugu ziurtzat jo naturak ez dituela gure ekintzak pairatzen, edo berdin diola guk zer egiten dugun. Errespetuaren alde egin behar dugu”.

Eskaintzak barne hartzen ditu ikasgelako tailerrak, ibaietara eta araztegietara bisitak, edozein motako publikoari egokitutako hitzaldiak, premia bereziak dituztenak barne (entzumenekoak, mugimendukoak, ikusmenekoak, kognitiboak...), eta udako programa espezifiko bat herri txikietarako, izaera ludikoa izanen duena.

Lehortea eta klima-aldaketa

Espainiako Meteorologiako Estatu Agentziaren (AEMET) datuen arabera, 2023a bigarren urterik beroena izan zen 1961ean seriea hasi zenetik, soilik 2022aren atzetik, eta seigarren urterik lehorrena izan zen. Aurreko urteko batez besteko tenperatura 1,3 °C altuagoa izan zen 1991-2020 aldiko batezbestekoarekin alderatuta, berotze globala hazten ari den testuinguru batean. Izan ere, bederatzi urterik beroenak XXI. mendekoak dira.

Prezipitazioei dagokienez, 2023. urtea oso lehorra izan zen, 536,6 mm-ko batez besteko prezipitazioarekin, hau da, balio normalaren % 84. Seigarren urterik lehorrena izan da 1961z geroztik, eta laugarrena XXI. mendean. Joera horiei klima-aldaketaren muturreko fenomenoak gehitu behar zaizkie, hala nola euri-jasa handiak, ekaitz gogorrak edo lehorte oso luzeak.

2023an prezipitazio bortitz ugari izan ziren: Fien ekaitzarekin hasi zen urtea, eta haize bortitzak, kostako fenomenoak eta prezipitazio- eta elurte-pilaketa handiak eragin zituen, batez ere Kantauri aldean. Otsailean, Isaak eta Juliette nabarmendu ziren, eta ekainean, berriz, Oscar ekaitza etorri zen. Udazkenean, Aline nabarmendu zen, urriaren amaieran, eta Domingos, azaroan. XX. mendera arte, fenomeno horiek oso gutxitan gertatzen ziren eta bakanak ziren, baina gero eta maizago gertatzen ari dira, eta gero eta intentsitate handiagoa izaten ari dira, ondorio suntsitzaileagoekin.

2017az geroztik, NILSA klima-aldaketara egokitzeko Europako LIFE NADAPT proiektuaren parte da (LIFE 16 KPI/ES/000001 - LIFE -IP NAdapta-CC), eta 2022an hiri-drainatze iraunkorrari buruzko gida bat argitaratu zuen, ura zorupean iragaz dadin hain ekaiztsuak diren gertaera horietan, eta hiriguneak gehiegi hormigoitu ez daitezen. Argitalpenaren % 60 Europako Batasunaren LIFE NADAPT proiektuak finantzatu zuen, eta honela azpititulatu zen: Eskualde batean, hots, Nafarroan, klima-aldaketara egokitzeko politika modu integratuan, koherentean eta inklusiboan inplementatzerantz.

Gainera, Nafarroako Gobernuak Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko 4/2022 Foru Legea onartu zuen, eta Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2013 Plan Zuzentzailean ezarritako ibilbideari eusten dio ur-baliabideetarako. Plan horretan, halaber, gizartea kontzientziatzea sartzen da, ahalik eta erresilientzia handiena bermatzeko neurri gisa.