Biohondakinak eta arazketa-lohiak, NUPek eta NILSAk osatutako Tokiko Iraunkortasuneko Katedraren lehen jardunaldietako protagonistak - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2022

22ko azaroaren 24a

Biohondakinak eta arazketa-lohiak, NUPek eta NILSAk osatutako Tokiko Iraunkortasuneko Katedraren lehen jardunaldietako protagonistak

Tokiko iraunkortasunari buruzko lehen jardunaldiak, NILSAk eta NUPek osatzen duten izen bereko katedrak antolatuak, Iruñean eginen dira, azaroaren 24an eta 25ean. 

Klima-krisia eta ekonomia zirkularreranzko trantsizioa ardatz diren testuinguru global honetan, funtsezkoa da haien ondorioek bereziki eragiten dieten esparruei buruzko kontzientziazioa eta dibulgazioa, hala nola arazketa-lohien kudeaketari buruzkoa. Hori dela eta, eremu hori izango dute mintzagai jardunaldiek lehen egunean, eta, bigarrenean, etxeko biohondakinak jorratuko dira, lorategi eta parkeetako landare-hondakinak barne.

Bi gaiak kudeaketaren ikuspegitik landuko dira, baina baita legeriaren ikuspegitik ere. Horretarako, ingurumen-zuzenbideko adituek parte hartuko dute, hala nola Ángel Ruiz de Apodaca Nafarroako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak, eta gobernuaren esparrukoek ere, hala nola Raúl Salanueva Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Ataleko buruak.

Azaroak 24
Ostegunean, hilak 24, Lurralde Kohesioko kontseilariak inaugurazioa egin ondoren, Iruñerriko Mankomunitateko adituak, Mikel Manzanos Ingurumeneko zuzendaria eta Sandra Blázquez teknikaria izango dira, baita Proiektu eta Obren zuzendari Gregorio Berrozpe eta I+G+Bren arduradun Jairo Gomez ere, NILSAkoak biak. Horiek guztiek Nafarroako kasu arrakastatsu batzuk ezagutaraziko dituzte, baita etorkizuneko errokank ere.Haien esperientzien osagarri, Kataluniako Uraren Agentziako Estrategia eta Erregulazioko buru Marc Moliner arituko da.Moderatzailea NUPeko Ingeniaritza Hidraulikoko katedraduna izango da, José Javier López.

13:00etan, mahai-inguru bat izango da, eztabaida eta galderak sustatu nahi dituena. NUPeko Iruñeko campuseko 4. Ikasgelan egingo dira, eta sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte. Aldez aurretik eman behar de izena, hemen: https://bit.ly/3zbdpfq 
 
Bazkaldu ondoren, 15:00etan, konpostajeari buruzko tailer bat programatu da, NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko Inazio Irigoien irakaslearen eskutik.Lehen jardunaldia amaitzeko, Arazuriko araztegia (Nafarroako handiena) bisitatuko da, eguzki-lehortzeko instalazio berria eta han egiten diren landa-saiakuntzak ezagutzeko.

Azaroak 25
Ostiralean, hilak 25, NILSAko zuzendari kudeatzaile Fernando Mendozak emango du hasiera; moderatzaile ere arituko da, egun osoan. Beatriz Yaben adituak, Iruñerriko Mankomunitateko Ingurumeneko teknikariak, Óscar Rubiok, Hondakinen Partzuergoko Prebentzio Bulegoaren arduradunak, Inazio Irigoienek, NUPeko irakasleak, eta Ramón Planak, hondakin organikoen tratamendu biologikoen aholkulari eta prestatzaileak, hartuko dute parte. Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak itxiko ditu jardunaldiak, 13:30ean. Jarraian, bazkaria izango da, eta, ondoren, konpostajeari buruzko tailerraren azken saioa.

Bi saioen helburu orokorra da dagoeneko ezarrita dauden jardunbide egokiak eta etorkizuneko arau-esparrua ezagutaraztea; izan ere, erakundeek eta partikularrek esparru hori bete beharko dute. Bestalde, iraunkortasuna Europar Batasunaren 2030 arteko helburu nagusietako bat da, eta zeharkako faktore bat ere bada bere proiektu klimatiko, sozial, ekonomiko eta energetiko guztietan. Aukeratutako bi gaiak, lohiak eta biohondakinak, Europako eta munduko kezka horren barruan kokatzen dira, baina herritarrengandik hurbil dagoen ikuspegi lokal batetik; batez ere Nafarroako adituak garatzen ari dira ikuspegi hori.

Tokiko Iraunkortasuneko NILSA Katedra
Katedra 2021. urtearen amaieran sortu zen, eta bi erakundeen artean jakintza trukatzeko foroa da. NILSA, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikitako enpresa publikoa, saneamenduaren eta arazketaren arduraduna da, baita Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kudeatzailea ere. I+G+B sustatzeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, hots, Nafarroako erakunde akademiko nagusiarekin, batera lan egiteko apustu estrategikoari esker egin da proiektu hau. Iazko azaroan sinatutako hitzarmenak bi urteko indarraldia du, eta, hortik aurrera, urtero luzatuko da isilbidez, gehienez ere lau urtez.

Ikasleek eta irakasleek hartzen dute parte garatzen ari diren lanetan; NILSAko langileekin zuzenean garatzen dute haiek guztiek lana. Bestalde, batzorderako izendatutako karguek ez dute inolako ordainsaririk jasotzen han aritzeagatik; hori bai, NILSAk 30.000 euro ematen dizkio NUPi urtean, mezenasgo gisa.

Beste alde batetik, esparru honetan, NILSAko instalazioetan unibertsitate-praktika batzuk ere finantzatu dira, araztegi bateko prozesuak ikastera eta modelizazio matematikoetarako datuak bildu eta prozesatzera bideratuak. Hala, ikerketako tresna akademiko gisa ez ezik, zientzia-, enpresa- eta lan-esparrurako soluzio praktikoak aplikatzeko sistema gisa ere eratzen da katedra.
 
Life Nadapta
NILSAren eta NUPen arteko hasierako lankidetzetako batek LIFE16 IPC/ES/000001 - LIFE-IP NAdapta-CCprograma europarrean parte hartu du. Programa horren izenburua hau da: “Klima-aldaketara egokitzeko politikaren aplikazio integratu, koherente eta inklusibo baterantz, eskualde batean:Nafarroa”, eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko Europako Batasunan gauzatutako lehen programa izan zen. Nafarroako Gobernuari eman zitzaion, 2017an. 2020an, NUPek eta NILSAk drainatze iraunkorreko proiektu bat egin zuten unibertsitate horretako Tuterako campusean, Europar Batasunaren proiektu horren barruan, eta % 60 Bruselak finantzatu zuen. Gainerako % 40 NILSAk finantzatu zuen, osorik; 79.104 euro ziren guztira.