NILSAk Berako Toki Ona institutuko ia ehun ikaslerekin ospatu du Uraren Nazioarteko Eguna - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko martxoak 22

NILSAk Berako Toki Ona institutuko ia ehun ikaslerekin ospatu du Uraren Nazioarteko Eguna

Martxoaren 22a Uraren Nazioarteko Eguna da, eta NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikitako enpresa publikoak, saneamenduaz gain Uraren Ziklo Integralaren Planaren arduraduna ere denak, bere hezkuntza-programaren bidez ospatu du. Goiz osoan zehar, Naiara Gorostidi eta Odei García de Acilu monitoreek Berako araztegian eta Bidasoa ibaiaren ertzetan barna gidatu dituzte Toki Ona Bigarren Hezkuntzako Institutuko ia ehun gazte.
 
Jarduerak euskaraz egin dira osorik, hezkuntza-programak hiru hizkuntzatan (gaztelania, euskara eta ingelesa) eskaintzen baititu; haien bidez, hondakin-uren tratamenduaren prozesua ezagutu dute instalazioena bertan, baita ibaiaren eta ibaiertzen egoera ekologikoa aztertu ere. Kontzientziazio-programak, edateko uraren, eta gero hondakin-uraren, zikloa ezagutarazi ez ezik, baliabidean aurrezteko eta ingurumen-jasangarritasunerako jokabide egokiei buruz hazi ere nahi du, ibai-ekosistemen garbiketa eta animalia-bizitzarekiko errespetua bereziki nabarmenduta betiere.
 
Bihar jarraituko dute jarduerekin, egun osoan, beste talde batzuekin, oso harrera ona izan baitu hezkuntza-programak. Izan ere, martxoan soilik, 113 talde daude programatuta Nafarroa osoan: gaur arte, Sunbilla, Azagra, Elizondo, Lekunberri, Tutera (Valle del Ebro), Ribaforada (San Bartolomé), Cintruénigo (La Paz), Lizarra (ikastola eta ANFAS) eta Berako (Toki Ona) institutu eta eskola publikoetan egin dira jarduerak. Datozen hamar egunetan, Castejón eta Zangozako institutuetan eta Tuterako Griseras eskola publikoan egingo dira. Halaber, prestakuntza bat aurreikusita dago Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arreta Lanbide Heziketako zikloaren barruan eta beste bat, Haur Hezkuntza eta Gizarteratzeko Goi mailako Gradurako.
 
NILSAko hezkuntza-programa guztiz doakoa da, Nafarroa osoa hartzen du eta gazteen zein helduen beharretara egokitzen da, haien eskakizunetara egokitzen baita (hizkuntza, betekizun bereziak, adina, mugikortasuna eta abar). Koronabirusaren pandemiak aurrez aurreko jarduera bertan behera utzi zuen 2020ko martxoaren 13an. Uztailaren 1ean hasi ziren egiten berriro, eta markak hausten ari dira beste behin ere: 12.000 pertsonak baino gehiagok egin zituzten iaz jarduerak ikasgeletan, araztegietan eta ibaiertzetan.
 
Halaber, NILSAk apirilaren 4an abiatu zuen online atala eskaintzen jarraitzen du bere webgunean (www.nilsa.com); izan ere, aurrez aurreko jarduera utzi zen bertan behera, ez hezkuntza-programa. Hasierako bederatzi atalek jarraitzen dute, baita eskuak garbitzeari buruzko joko batek ere (Candy Crush bideojokoaren antzeko dinamika erabiltzen du). Eta hauek guztiak ere: zientzia arloko aplikazioak (Murgil zaitez herritar zientzian); ur-ekosistemetako izaki bizidunei buruzko bilduma-fitxak (Aurki itzazu ibaiaren fauna eta flora); uraren ziklo integralari buruzko albiste berdeak (Albiste deigarriak); hezkuntza-programan aurrez aurre landu ohi diren gaiei buruzko bideoak (Etxetik); tailer eta jardueretan erabilitako aurkezpenak, jolasak eta lan-materialak (Jolastuko?); txikientzako zein adinekoentzako eskulanak (Eskulanak); ura etxean arduraz erabiltzeari buruzko bilduma (Ura zaintzeari buruzko tailerra); ingurumen-praktika egoki baterako joko bat (Asteko erronka); eta ur birtualaren kontzeptua kontuan hartzen duten sukaldaritza-errezeta osasungarriak (Ur-aztarna apaleko errezetak). 2020an, gaztelaniazko bertsioak 7.828 bisita zenbatu zituen, eta euskarazkoak, 2.195.
 
NILSAk programa indartu nahi du datozen ikasturteetarako; eskaintza eta helmena handitu nahi ditu, zehazki, hazkunde iraunkorra izan baitu bisitari-kopuruak urtez urte azken sei ikasturteetan. Izen-emateak aurtengo ekainera arte daude zabalik (526 erreserba egin dira jadanik), eta martxoan iazko marka hautsi zen.