Ezkurrak araztegia izango du 2022rako bertako 146 biztanleentzat - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko martxoak 15

Ezkurrak araztegia izango du 2022rako bertako 146 biztanleentzat

Beintza-Labaien

Ezkurrako 146 biztanleek araztegia izango dute datorren urtean, egun Azkugo errekara egiten den isurketa desagerraraziko duena. Udal-sareak, 1997an berritu zirenak euri-urak eta ur beltzak bereizteko sistema jartzeko, kolektore batera konektatuko dira, zeinak etorkizuneko instalazioraino eramanen baitu ur zikinen emaria. Horixe jakin dute gaur goizean Ezkurrako alkateak eta udaleko ordezkariek NILSAren eskutik, hots, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikita Nafarroako saneamenduaren arduraduna den enpresa publikoaren eskutik.
 
Beintza-Labaiengo araztegira egindako bisitan (Ezkurratik hurbil dago eta haren antzeko ezaugarriak ditu), Ezkurrakoak 2022an izango dituenen antzeko neurriak eta eginkizunak dituen instalazio bat ezagutu dute zinegotziek. Hain herri txikiak arazteak ahalegin handia eskatzen du, mantentzeko lan gutxi behar duten eta, ahal bada, energia elektrikorik gabe funtzionatzen duten sistema sendoak instalatu behar direlako.
 
Hango topografia egokia denez horretarako, iragazki biologikoko araztegi bat instalatuko da, ura balantzin bidez banatuko duena. Gainera, ura atxikitzeko amaierako hezegune bat egongo da, segurtasun elementu gisa. Proiektuak lau kokaleku-aukera aztertu behar izan ditu lehenago: lehena, egungo isurketa-gunearen ondoan; bigarrena, 86 metrora; hirugarrena, are urrunago (217 metro) eta landare-zerrenda batek babestua; eta laugarrena, isurketa Aztugo errekaren ezkerralderaino eramango lukeena. Lurraren malda handiak eta zailtasun orografiko orokorrak aukera posible guztiak kontuan hartzera eraman dute, eta distantzia, sarbidea, kostu ekonomikoa, segurtasun-arriskuak (luiziak, batez ere) eta paisaia- eta ingurumen- afekzioak ebaluatu dira.
 
Lehena baztertu egin zen etxebizitzetatik hurbilegi zegoelako (40 metrora), nahiz eta merkeena izan, 357.384 euroko aurrekontuarekin. Bigarrenak, % 9 garestiagoak (389.562 euro), malda handiegia zuen (% 23) eta etxebizitzetatik 86 metrora baino ez zegoen. Laugarrena baserri batetik hurbilegi zegoen, eta horrek ere aldapa handia behar zuen (ia % 20), eta baztertu egin zen.
 
Azkenik, NILSAk hirugarren aukera hautatu du, nahiz eta garestiena izan (merkeena baino % 26,6 gehiago), paisaian hobeto integratzen delako, hirigunerainoko distantzia 150 metro baino gehiagokoa delako eta erraz iristeko delako (% 13ko malda). Aurreikusitako inbertsioa 415.622 euro da (BEZ kanpo), eta herritar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten eta NILSAk kudeatzen duen saneamendu kanonaren bidez ordainduko da.
 
Instalazioan ez da elementu elektromekanikorik egongo, beraz, ez du kontsumo energetikorik izango eta matxurak egoteko aukera asko murriztuko da. NILSAko langileen esku geratuko da instalazioaren egoera ona ikuskatzea, eta hilabetean bi aldiz bisitatuko dute buxadurarik ez dagoela, pilatutako lohi- eta flotatzaile-mailak egokiak direla eta ohiko funtzionamenduarenak ez diren isuririk ez dagoela ziurtatzeko. Halaber, uraren laginak hartuko dira sei hilabetean behin, kalitatea eta isurketen inguruko baimena betetzen dela ziurtatzeko.
 
Gaur egun, NILSA lanean ari da oraindik putzu septikoak baino ez dituzten 11.000 herritarrek arazketa-proiektu osoagoak izan ditzaten, baina oso motel egiten da aurrera ehun biztanle baino gutxiagoko eremu hauetan. Izan ere, inbertsio handiak behar dira, planifikazioa zenbait ekitalditan ezartzen da eta berezitasun konplexuak dituzte (orografikoak, tratamendukoak, udal-sareak, eta abar).