Torres del Ríok araztegia du jada - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko urriaren 2a

Torres del Ríok araztegia du jada

Torres del Ríok 135 herritar ditu, eta araztegi propioa du jada. Lehen, sei isuri zituen herriak, hainbat arrotara joaten zirenak, eta orain bateratu egin dira. Herrigunea mendigune batean dago eta bi ibaik, Linaresek eta Mariañanasek (aurrekoaren adarra) inguratzen dute; isuriak botatzeko zenbait puntu zituzten bi ertzetan, baita hobi septikoak ere, bota egin direnak. Egungo soluzioarekin, emari guztia instalazioan tratatzen da.
 
Halaber, Donejakue Bidea herritik pasatzen da eta erromes ugari hartzen ditu. Zaila da kalkulatzen zenbat jendek igarotzen duen gaua herrian, baina udalak egunero batez beste ehun erromes inguru direla kalkulatu du. Hori ere kontuan hartu da instalazioaren proiektua idazterako orduan. Egunean batez beste 1,06 litro segundoko emaria tratatzeko diseinatuta dago (92 m³/eguna); 7,43 litro segundoko hartuko lituzke gehienez, eta, hortik aurrera, funtzionatzeari utziko lioke. Hala ere, nekez gerta daiteke hori, aurreikusitako batez besteko emaria halako zazpi baita. Emari handiko egunetan, euri-jasek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 2,55 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da.
 
Jurramendiko Mankomunitatearen esku daude instalazioaren eragiketa eta mantentze-lanak; izan ere, NILSAk Nafarroako araztegi guztiak eraiki arren, Jurramendiko eta Iruñerriko araztegien kudeaketa mankomunitate horien esku geratzen da. Gainerakoak Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako eta saneamenduaz arduratzen den enpresa publikoaren ardurapean geratzen dira.
 
Torres del Ríoren kasuan, proiektuak zenbait urte iraun ditu, hautabideak bilatzeko ikerketak konplexuak izan baitira; izan ere, isuri ugari egiten ziren bi ibaien ertzetan eta partzela egoki gutxi zeuden instalazioak jartzeko. Araztegiaz gain, hormigoi armatuzko ponpatze-estazio bat eraiki da lur azpian, Linares ibaiaren ezkerreko ertzean. Ponpatze-estazioak hiru gorputz ditu. Lehenengoan, lehen sarrera-kutxatila dago. Bigarrenean, bi ponpa jarri dira, bat erreserbarako. Hirugarren gorputza balbuletarako da. Hormigoizko egitura 20 zentimetro inguru baino ez da irteten lurretik, eta, beraz, ez du ibaiaren emaria oztopatzen, lurpean dagoelako, eta, aldi berean, uholdeek ez diote eragingo, ponpak urperagarriak direlako. Kaxa elektrikoak sarbidearen ondoan jarri dira, gainezkatu daitekeen eremutik kanpo.
 
Bestetik, hondakin-uren bi hustubideren bidez lotuko dira isuriak eta ponpaketa-estazioa; PVCzkoak dira, eta 207 eta 92 metro dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren hustubide bat ere eraiki da, zuzenean araztegiraino doana, 813 metrokoa luze.
 
Arazketa-sistema NILSak Nafarroan osoan erabiltzen duena da: iragazki biologikoa lehen mailako dekantazioarekin, lehenik, eta bigarren mailako dekantazioarekin, ondoren. Azkenik, 250 metro karratuko eta 80 zentimetroko sakonerako amaierako hezegune bat ere badu  Lehen mailako arazketa, hau da, urak garbitzeko egin beharreko lehenengo etapa, dekantazio-tangan egiten da. Horren helburua hondakin-uretako solido esekiak grabitate-indarraren bidez kentzea da. Kendutako solido eseki horiek materia organikoa dira, batez ere, eta malutatzaile edo lehen mailako lohi deitzen zaie.
 
Dekantazio-tanga bat edo gehiago egon daitezke hondakin-ura tratatzeko linea batean, instalazioaren konplexutasunaren edo ura garbitzeko behar diren etapen arabera (haren karga kutsagarria kontuan hartzen da etapetarako). Bigarren mailako dekantazio-tangak lehen mailakoak baino handiagoak izan ohi dira, eta malutatzaile guztiak kentzen direla bermatzen dute. Amaierako hezeguneak arazketaren hirugarren etapa dira, eta ura atxikitzeko putzu gisa ere erabiltzen dira, behar izanez gero.
 
Halaber, urrutiko kontrol-sistema bat ezarri da, NILSAko bulegoetatik, Jurramendiko Mankomunitatetik edo interneten bidez kontrolatu ahal izateko, eta, horri esker, gerta litekeen edozein matxura edo alarmaren berri izan daiteke (24 orduko epean, gehienez, konponduko dira). Beste alde batetik, mantentze-lanak egingo dituen bikote bat joaten da instalaziora astean bitan buxadurak, lohi-mailak eta egoera orokorra ikuskatzeko, hondakinak eta zaborra kentzeko eta lorezaintza-lanak egiteko.
 
Obrek hamar hilabete iraun dute: 2019ko irailean hasi eta 2020ko otsailean amaitu zituzten. Aldi batez probak egin ostean, behin betiko martxan jarri berri dute. 807.631,85 € inbertitu behar izan dira, eta Nafarroako herritar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten eta NILSAk kudeatzen duen saneamendu-kanonaren bidez ordaindu da zenbateko osoa.