Orotz-Beteluk araztegi osoagoa izango du - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko ekainaren 23a

Orotz-Beteluk araztegi osoagoa izango du

Orotz-Beteluk 153 biztanle ditu erroldatuta, eta herriko hondakin-urak, 2004an eraikitako hustubideen bitartez, data bereko hormigoizko Imhoff batera bideratzen dira. 2017ko ekainean, herrian araztegi osoago eta eguneratuago bat eraikitzeko lehenengo proiektua idatzi zuen NILSAk. Baina Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, Itoizko urtegiaren atzealdeko presa txikia eraikitzean sortutako uholde-arriskurako kurbak kontuan hartuta, proiektuaren aurkako txosten bat idatzi zuen. Kurbek uholde-kota igotzen zuten eta proiektua ehun urteko birgertatze-aldiaren barruan zegoen; horregatik, 2018ko azaroan beste proposamen bat idatzi zen.
 
Urte hartako abenduan, udalak beste leku batean kokatzeko eskatu zuen, herritik hurbil zegoelako eta inpaktu bisuala zuelako, eta hori oso garrantzitsua da Pirinioetako herri honetarako. Hala, hirugarren kokaleku bat bilatzen hasi zen NILSA iaz, errepidearen ondoan, eta azkenik adostasuna lortu da.
 
Instalazio berria NA-2040 errepidearen (8+555 kilometroa) eskuineko aldeko partzela batean kokatuko da, eta alde batean errepidea eta bestean Itoizko urtegia izango ditu. Hondakin-ura ponpaketa bidez iritsiko da partzelara (Imhoff tangaren ondoan jarriko da). Bultzadarako ibilbidea oinezkoentzako bidean egingo da, errepidearen eskuineko aldean. Zanga berean elektrizitatea eta hornikuntza hartzeko hodiak ezarriko dira. Bi zerbitzuetako konexio-puntuak Iberdrolak, eremuko elektrizitate-hornikuntza egiten duen konpainiak, eta Orotz-Beteluko Udalak zehaztu dituzte, hurrenez hurren.
 
Oraingo Imhoffa segurtasun-elementu gisa erabiliko da. Ponpaketako urak gainezka egingo balu, ur hori Imhoffetik pasako litzateke, eta Irati ibaira isuri baino lehen ura dekantatzen dela bermatuta.
 
Halaber, urrutiko kontrol-sistema bat ezarriko da, NILSAko bulegoetatik edo interneten bidez kontrolatu ahal izateko, eta, horri esker, gerta litekeen edozein matxura edo alarmaren berri izan daiteke (24 orduko epean, gehienez, konponduko dira). Beste alde batetik, mantentze-lanak egingo dituen bikote bat joango da instalaziora astean bitan buxadurak, lohi-mailak eta egoera orokorra ikuskatzeko, hondakinak eta zaborra kentzeko eta lorezaintza-lanak egiteko.
 
Instalaziotik kendutako lohiak beste araztegi handiago batean tratatuko dira, araztegi txiki guztietan egiten den bezala. Izan ere, lohi gutxi ekoizten da, eta ez du merezi sistema propiorik izatea ez eraginkortasunaren, ez inbertsioaren ikuspegitik.
 
Instalazio berria egunean batez beste 0,69 litro segundoko emaria tratatzeko diseinatuta dago (60 m³/eguneko); 4,84 litro segundoko hartuko lituzke gehienez eta hortik aurrera funtzionatzeari utziko lioke. Hala ere, nekez gerta daiteke, aurreikusitako batez besteko emaria halako zazpi baita kantitate hori. Emari handiko egunetan, euri-jasek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 1,66 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da.
 
Arazketa-sistema NILSAk Nafarroa osoan erabiltzen duena izango da: iragazki biologikoa lehen mailako dekantazioarekin, lehenik, eta bigarren mailako dekantazioarekin, ondoren. Dekantazio-tangan lehen mailako arazketa egiten da; beraz, hau da urak, garbitzeko, egin beharreko lehenengo etapa. Horren helburua hondakin-uretako solido esekiak grabitate-indarraren bidez kentzea da. Kendutako solido eseki horiek materia organikoa dira, batez ere, eta malutatzaile edo lehen mailako lohi deitzen zaie. Dekantazio-tanga bat edo gehiago egon daitezke hondakin-ura tratatzeko linea batean, instalazioaren konplexutasunaren edo ura garbitzeko behar diren etapen arabera (haren karga kutsagarria kontuan hartzen da etapetarako). Bigarren mailako dekantazio-tangak lehen mailakoak baino handiagoak izan ohi dira eta malutatzaile guztiak kentzen direla bermatzen dute.
 
Obrek sei hilabeteko iraupena izango dute eta urtea amaitu baino lehen hasiko dira. Bestetik, inbertsioak 550.652,67 € joko duela aurreikusi da eta Nafarroako herritar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten eta NILSAk kudeatzen duen saneamendu-kanonarekin ordainduko da.