Komunaren Munduko Eguna ospatuko du NILSAk, Europako esparruan saneamenduarekin eta Nazio Batuen helburuekin duen konpromisoa berretsita - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko azaroak 18

Komunaren Munduko Eguna ospatuko du NILSAk, Europako esparruan saneamenduarekin eta Nazio Batuen helburuekin duen konpromisoa berretsita

Bihar Komunaren Munduko Eguna ospatuko da. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ezarri zuen, komuna, ehun urtetik gorako sistema jada, eritasun-kutsapena saihesten eta osasungarritasuna errazten duela gogorarazteko. Urteurrena garapen bidean dauden herrialdeetako milioika eta milioika pertsonaren bizi-baldintza penagarriei buruz atentzioa emateko jaio bazen ere, NILSAk Nafarroako behar bat gogorarazteko erabili izan ohi du: ez dela paper-zapi bustirik ezta inolako produkturik ere komunetik edo etxebizitzako beste edozein hustubidetatik behera bota behar.
 
Enpresa publikoak, saneamenduaz eta arazketaz arduratzen denak eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikita dagoenak, askotariko ekintzak egin ditu Monteagudon, 09:30etik 14:30era, gazteenak uraren erabilera egokiaz kontzientziatzeko (hondakin-ura barne; izan ere, uraren ziklo osoaren parte izaten jarraitzen du eta, araztu ondoren, ibaira bueltan eramaten da).
 
Edizio honetan, Honorio Galilea eskola publikoko ia 60 ikaslek hartu dute parte jardueretan: tailerrak Haur Hezkuntzako ikasleentzat (lau eta sei urte arteko hamar haur) eta Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailakoentzat (30 guztira, sei eta bederatzi urte artekoak), eta, horiez gain, araztegira bisitak, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoentzat (hamar eta hamaika urteko hogei partaide).
 
Garapen Iraunkorrerako Helburuak
 
Monitore-taldeak, Naiara Gorostidik eta Odei García de Aciluk osatuak, 2030erako saneamendu unibertsala Garapen Iraunkorrerako Helburuen xedeetako bat ere dela (zehazki, seigarrena: ur garbia eta saneamendua) gogorarazi du. Gaur egun, eta Nazio Batuen datuen arabera, 4.200 milioi pertsona osasun-zerbitzu egokirik gabe bizi dira; beraz, munduan hamar pertsonatik seik ezin dituzte saneamendu-instalazioak baliatu. Bestetik, 637 milioi pertsonak aire zabalean libratzen jarraitzen dute, hau kutsagarria eta osasungaitza delarik, eta, horren ondorioz, higiene-faltarekin lotutako beherako-gaixotasunen eraginez, mila haur hiltzen dira egunean.
 
Gainera, munduan, giza ekintzen ondorio diren hondakin-uren % 80 baino gehiago ibaietan edo itsasoan isurtzen dira tratatu gabe, eta horrek kutsadura eragiten du, bereziki konplexua den testuinguru batean, munduko biztanleriaren % 40ak ur-eskasia pairatzen baitu (kopuruak gora egitea aurreikusi da). NBEk gogorarazi duenez, 1.700 milioi pertsona baino gehiago ur-kontsumoa birkarga baino handiagoa den ibai-arroetan bizi dira egun, eta uholdeek eta urarekin lotutako beste hondamendiek hondamendi-naturalek baino % 70 hildako gehiago eragiten dituzte.
 
Saneamendurako Giza Eskubidea
 
Munduko egun honen harira, NILSAk baterako aitorpen batekin egin du bat (https://www.europeanfiles.eu/environment/joint-statement-for-the-promotion-of-access-to-sanitation-for-all-in-europe), Hornidura eta Saneamenduko Espainiako Elkartea (AEAS) buru, Europar Batasunari deia egiteko, helburu honekin: batasuneko legedian saneamendurako giza eskubidea bermatzea da. Aitorpenaren parte sinatzaileek saneamendua oraindik eskura ez duten hamar milioi pertsonentzat hala izatea eskatzen diete Europako arduradun politikoei.
 
Herritarren kolaborazioa
 
Panorama global kezkagarri horren aurrean, Nafarroak bere uren % 98 behar bezala arazten ditu, eta lanean ari da oraindik putzu septikoak baino ez dituzten 11.000 herritarrek arazketa-proiektu osoagoak izan ditzaten, baina geldo egiten da aurrera ehun biztanle baino gutxiagoko eremuetan; izan ere, inbertsio handiak behar dira, planifikazioa zenbait ekitalditan ezartzen da eta berezitasun konplexuak dituzte (orografikoak, tratamendukoak, udal-sareetakoak, eta abar).
 
Ostera, NILSAk premiazkotzat jotzen du Nafarroako herritarrek hustubideak behar bezala erabiltzea, ura aurrezteko eta estolderia-sareetan eta gainerako arazketa-instalazioetan buxadurak eta arazoak saihesteko; izan ere, horri esker, ur litroak xahutzea eta matxura garestiak ordaintzea ekidingo dira. Horretarako, etxerako aholku multzo bat jarri du jendearen eskura 2018tik (https://memorias.nilsa.com/2018/eu/beteranotasuna-eta-berrikuntza.php). Aholkuak olioarekin, kosmetikoekin, garbiketa-produktuekin, zapi bustiekin eta bideen garbiketarekin lotzen dira, eta guztiok aplika ditzakegu egunerokotasunean, esfortzurik egin gabe. Azpiegitura publikoetan gastuak eta auzo-komunitateetako buxadura-arazoak murrizten lagunduko dute.
 
2016, 2017 eta 2019ko kanpainak
 
Urteurren honen aurreko edizioetan, NILSAk, Iruñerriko Mankomunitatearekin batera, kanpainak egin zituen (https://www.nilsa.com/eu/zer-egiten-dugu/saneamendua-eta-arazketa/zer-egin-behar-dut-paper-zapi-bustiekin/)hustubideetan zapi bustiak prebenitzeko: ontzietan biodegradagarriak direla jartzen duen arren, ez da hala, eta beti da beharrezkoa zakarrontzira botatzea, gainerakoen edukiontzian amaitzeko. Buxadura handienak eta garestienak eragiten dituzte etxebizitzetako hoditerian eta udaletako estolderia-sareetan. Iaz, bi entitate publikoek bainugelan paperontzi bat jartzearen eta honetan komuneko papera ez den edozein produktu uztearen garrantzia gogorarazi zuten (komuneko papera da komunera jaurti daitekeen bakarra).