NILSAk bere hezkuntza programa aurkeztuko du klimaren goi-bileran - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2019

2019ko abenduaren 4a

NILSAk bere hezkuntza programa aurkeztuko du klimaren goi-bileran

Saneamendu eta arazketarako NILSA enpresa publikoak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitakoak, klimaren goi-bileran –COP25 izenarekin ere ezagutzen da– parte hartuko du abenduaren 10ean; Madrilen egiten ari da abenduaren 2tik 13ra eta ia 200 herrialde bildu dira bertan. NILSA bere hezkuntza programa aurkezteko gonbidatu dute; herritarrek berotze globalaren eta planetaren suntsiketaren inguruan kontzientzia har dezaten laguntzeko eta uraren, baliabide urri eta ezinbesteko horren, erabilera jasangarriaren alde egiteko jokabide egoki gisa hartzen da proiektua.

Rebeca Echeverríak, enpresa publikoko komunikazio-zuzendariak eta hezkuntza programaren gainbegiraleak, NILSAren izenean parte hartuko du “Klima aldaketari aurre egiteko aliantzak eta hezkuntza” izeneko mahai-inguruan (Suez taldeko dibisio pedagogiko eta hezigarriak antolatu du). Bertan, ingurumen-hezkuntzan aditua den Uraren Eskolako Marta Solerrekin eztabaidatuko du, eta NILSAren programaren erronkak izango ditu hizpide; programak saneamendu eta arazketa ditu ardatz, baina pasa den abuztutik berotze globalaren ondorio kaltegarriei eta horiei aurre egiteko moduei buruzko jarduerak ere baditu.

NILSAren programa 1999an hasi zen, Nafarroako herritar guztiei zuzenduta dago, erabat doan da eta hiru hizkuntzatan eskaintzen da: gaztelania, euskara eta ingelesa. 2019. urtea amaitzeko hiru aste falta direnean, urte honetako parte-hartze aurreikuspenaren arabera, 8.200 pertsona baino gehiagok hartu dute parte; goranzko joera konstante eta nabarmenean mantendu da azkeneko bost urteetan. Bosturteko honetan NILSAk hauek zabaldu ditu: programaren iraupena, ikasturtera mugatuta egotetik jarraia izatera pasa baitzen zen (hamabi hilabeteetan daude jarduera orain); xede-hartzaileak, hirugarren adinekoentzako zentroetakoei, entzuteko, ikusteko, mugitzeko desgaitasuna edo desgaitasun kognitiboa dutenei, irakasle taldeei... ere eskaintzen baitzaie; eta jardueren kopurua eta irismena.

Ikasgeletako tailerrak eskatzen dira gehien urtero: 2018an 3.431 parte-hartzaile izatera heldu zen, 2017an baino gehiago, orduan 2.878 parte-hartzaile egon baitziren. Ikasle ez direnei dagokienez, ordutegi murritzagoa baitute, 55 saio egin ziren, hainbat taldetan: talde mistoak (familiak, helduak eta haurrak); dibertsitate funtzionala zutenek osatutako taldeak; eta adinekoek osatutakoak. Azken kasu horretan, 327 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten Uraren Memoriak saioetan, eta saioek gero eta interesdun gehiago dituzte 70 urtetik gorakoen, erretiratuen edo zahar-etxeetako egoiliarren artean.

Jatorriari dagokionez, iazko parte-hartzaileak Nafarroako 72 herritakoak ziren, NILSAK Nafarroa osoari ematen baitio zerbitzua, Iruñerriko Mankomunitateari izan ezik (hezkuntza programa propioa baitu). Bisita gehienak udaberrian (% 43) eta neguan (% 28) egiten dira, eta parte-hartzaileen ia % 15k jarduera bat baino gehiago egiten du; ekintza bakoitzaren ostean egiten diren galdetegietan asebetetze-maila bikaina erdiesten da.

 
Gaur egun, interesa duen edozeinek entitatearen webgunean eskaintzari buruzko informazioa lortu eta izena eman dezake. Ez dago gutxieneko parte-hartzaile kopururik, ezta beste baldintzarik ere; gainera, eskakizun bereziak dituzten jarduerak edo bisitak eska daitezke eta erantzun positiboa ematen zaie banaka.

Klimaren goi-bilerak
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) sustatu zituen klimaren goi-bilerak laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran eta lehenengoa Berlinen izan zen 1995ean. Bertara estatuburuak eta gobernuburuak joaten dira. Oraingoa hogeita bosgarrena da eta ezagunenak 1997an Kyoton egindakoa, berotegi-gasak murrizteko helburua zuen Kyotoko Protokoloa ekarri zuena, eta 2015ean Parisen egindakoa dira, non Japonian hartutako konpromisoak sendotzeko akordioak hartu ziren.
 
Programa
MAHAI-INGURUA:
KLIMA ALDAKETARI AURRE EGITEKO ALIANTZAK ETA HEZKUNTZA
Abenduak 10, asteartea, 10:30etik 11:30era
 
EREMU BERDEA. Suezen standa
 
10.30Larrialdi klimatikoari aurre egiteko hezkuntza-aliantzak.
Lluc Pejó, Uraren Eskolako zuzendaria.
 
10.40 Elkarrizketa: Aliantzak goi-mailako heziketan.
• Albert Folch, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Ingeniaritza zibileko eta ingurumen-ingeniaritzako Departamentua.
• Mònica Pérez Clausen, Uraren Eskolako zuzendari akademikoa.
 
10.55 Film labur baten proiekzioa: “Retos”
 
11.05 Elkarrizketa: Aliantzak ingurumen-hezkuntzan
• Rebeca Echeverría, NILSAko komunikazio-zuzendaria.
• Marta Soler Artiga, Uraren Eskolako ingurumen-hezkuntzan aditua.
 
11.20 Ikus-entzunezkoa: “The Zone of Hope: el futuro no está escrito”