Larrionek araztegia estreinatu du, Eultzi eta Amillaori ere zerbitzua eman ahalko diena - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2019

2019ko urtarrilaren 30ean
 

Larrionek araztegia estreinatu du, Eultzi eta Amillaori ere zerbitzua eman ahalko diena

Egun batzuk daramatza lanean Larriongo araztegiak. Herriari ematen dio zerbitzua egun, baina, etorkizunari begira, Allingo beste kontzeju batuetako hondakin-urak ere, hala nola Eultz eta Amillaokoak, tratatu ahalko ditu.    2017ko urrian hasi zen eraikitzen, eta gaur inauguratu da ofizialki Cursos Bajos del Urederra (Urederraren Behe Ibilguak) izenarekin. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Toki Administrazioko zuzendari nagusi Xabier Lasak inauguratu du, zehazki.       

Jurramendiko Mankomunitateko lehendakari Mariví Sevilla, Allingo alkate Eduardo Martinicorena eta Larrionko kontzejuko ordezkariak aldamenean zituela, Lasak azpimarratu du Nafarroako Gobernuak Nafarroako hirigune guztiei oinarrizko toki-azpiegitura homogeneo eta eraginkorrak, hala nola arazketa, emateko egindako ahalegina, biztanle-dentsitatea edo kokapena bazter utzita. 
NILSAko Iñaki Urrizalki kudeatzaileak, aldiz, hondakin-urek ibaira egoera optimoetan itzultzeko jasotzen duten prozesua azaldu du. NILSA enpresa publikoak proiektua sustatu eta instalazioa eraiki du, eta Jurramendiko Mankomunitateak ustiatuko du. Orain arte, lurzorura isurtzen zuen Larrionek zuzenean (135 biztanle ditu erroldak). Egungo instalazioak, Eultzeko kontzejuko lurzati batean dagoenak, iragazki biologikoak ditu ura arazteko eta atxikipen urmaelak, 287 metro koadroko azalera dutenak.
 
Nafarroako araztegi gehienen antzekoa da, beraz. Egun, 150 araztegi baino gehiago daude Nafarroa osoan, baita 500 hobi septiko ere.  Larriongoan, bestetik, 449 metroko hustubide bat egin da, Urederra ibaiaren ezkerraldeko isurketa hartzeko; hustubideak ibilgua zeharkatu eta instalazioraino eramaten du isurketa, ibaiari inolako kalterik egin gabe. Bi isurketa-toki zeuden herrian: bata, ezkerraldean, eta bestea, eskuinaldean.  Batu egin ditu, beraz, hustubideak. 
 
Instalazioak 1,60 litro segundoko tratatu ditzake batez beste egun bakoitzeko (138 m³/egun), eta emari hau tratatu lezake gehienez: 11,22 litro segundoko (ohikoa halako zazpi). Horrek esan nahi du beste kontzeju batzuetako isurketak ere, hala nola Eultz eta Amillaokoak, hartu ahalko dituela etorkizunean instalazio handitu edo obra gehigarrik egin beharrik gabe, hau da, aparteko kosturik gabe.  Inbertsioak 699.745,91 euro jo du, eta NILSAk kudeatzen duen eta zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatu da osorik. 
Une honetatik aurrera, NILSAko hezkuntza-programan sartu da araztegia. Bisita gidatuak eskaintzen ditu Nafarroako instalazio guztietara, doan eta hiru hizkuntzatan: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. 2018an zehar, 7.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten bisitetan zein uraren erabilerekiko sentsibilizatu nahi duen programa horren gainerako jardueretan. Hona hemen batzuk: tailerrak ikasgeletan, haurrentzako jolasak, jostailuak sortzea hondakinetatik, hitzaldiak adinekoentzako egoitzetan eta ura aztertzea ibai-ertzeetan, besteak beste. 
 
Bukatzeko, aipatu beharra dago Nafarroako Gobernuak arazketari ez ezik hornidurari ere emandako bultzada. Izan ere, Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea 2019-2030 aurkeztu du arestian. Joan den abenduaren 21ean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilari Isabel Elizaldek jendaurrean aurkeztu zuen hitz hauekin: “estreinako aldiz dago plan integral bat”. Orain arte, bi plan zeuden: bata, hornidurarako, eta bestea, arazketarako; azken horren esparruan eraiki da Larriongo araztegia, baita Nafarroako gainerakoak ere.  
 
Plan zuzentzaile berriari esker, Nafarroako Gobernuak ikusmira integratzaileago, eraginkorrago eta zorrotzago baten alde egin du uraren zikloari dagokionez; horrez gain, arlo horretako araudi europarrarekin bat egiten du ikusmirak, baita aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko eszenategi global batekin bat ere. Hori dela eta, 439 milioi bideratu ditu plan horretara, eta haietako ia 400 arazketa- eta hornidura-azpiegiturak hobetu, konpondu edo eraikitzeko dira.