Prentsa oharra
2025
2025eko urriaren 23a
Tasubinsako hogei bat parte-hartzailek Tafalla-Erriberriko araztegia bisitatu dute Klima-aldaketaren aurkako Mundu Eguna ospatzeko

Urriaren 24an, herrialdeek klima-aldaketaren aurkako borroka gogora ekartzen dute, Nazio Batuek ezarri baitzuten egun ofizial hori. Tasubinsako 18 lagunek Tafalla-Erriberriko araztegia bisitatu dute, hondakin-urak arazteaz arduratzen den NILSA sozietate publikoaren hezkuntza-programaren barruan. Halaber, jarduera horiek Nafarroako klimaren astearen parte izan dira. Nafarroako Gobernuak beste entitate pribatuekin batera antolatzen du klimaren astea, egun hauetako kontzientziazioarekin bat egiteko, hain zuzen.
Tasubinsa, bestetik, irabazi-asmorik gabeko erakundea da eta 1.500 pertsona baino gehiagori eskaintzen die enplegua eta lanbidea Nafarroan. Horien % 85ek behar bereziren bat du eta urtero parte hartzen du NILSAk eskaintzen duen urari buruzko etengabeko hezkuntza-programan; hiru hizkuntzatan (gaztelania, euskara eta ingelesa) eta publiko-mota guztientzako egokituta egiten dute.
Gaur, Tafalla-Erriberriko araztegia bisitatu dute, ezagutzeko nola tratatzen den etxeetako eta industrietako ur zikina dekantazio-tangetan eta iragazki biologikoetan, araztu eta ibaira itzuli baino lehen. Kasu honetan, Zidakos ibaira itzultzen da, hots, Nafarroako ibilgu sentikorrenetako batera, batez ere udan, emari txikia baitu. Bisitan parte hartu dutenek aholkuak ere jaso dituzte, kaka, pixa eta papera baino ez botatzeko hustubideetan behera. Izan ere, produktu bakar batek ere ez luke komunean amaitu behar: zigarrokinek, toallatxoek, kotoi-zotzek, kotoiek, garbiketa-produktuek... Guztiek hodiak buxatu eta ura kutsatzen dute.
Gainera, hilaren 24an, ostiralarekin, NILSAk hondakinei buruzko tailer bat antolatu du Tafallako Ikastolan, ikastetxeak berak eskatua, askotan –oso praktika deitogarria– uretan amaitzen duten hondakinei buruz, zehazki. Helburua da ikasleek tetrabrikak, latak, arrautza-ontziak, plastikozko botilak edo arropa zaharra (kamisetak, esaterako) ekarri eta, jostailu, osagarri edo lanabes bihurtzea, ohiko erabilerarako. Bi orduko jarduera izango da, euskaraz, eta 30 ikasle inguruk parte hartuko dutela aurreikusi da.
Joan den astelehenean, hezitzaileek bi tailer ere eman zituzten Tafallako Marques de la Real Defensa ikastetxean, haurrentzat, eta berrogeita hamar haur inguruk parte hartu zuten. Horietako batean, Pasemos a la acción tailerrean, gazteen egunerokotasunean klima-aldaketa nola arindu daitekeen izan zuten ardatz, eta jarraibideak zein eguneroko keinuak eskaini zituzten, modu positiboan.
2024-2025 ikasturtea
Azken ikasturtean, 9.405 lagunek egin zuten NILSAren programa, eta 10.707 partaidetza ere izatera heldu ziren. Izan ere, batzuk, jarduera bat egin ez ezik, besteak beste, araztegia ikustera, estalpeko tailerretara eta, ondoren, ibaira egiten diren bisitetan parte hartzera animatzen dira.
Era berean, behin baino gehiagotan parte hartu daiteke urtean zehar, edo urte gehiagotan –Tasubinsakoek bezala–, eta beti dohainik, enpresak bere lan publikoaren parte eskaintzen duen kontzientziaziorako zerbitzua baita.
2025eko lehen seihilekoan, NILSAk hezkuntza-materialak berritu zituen, "Operación Rescate" izeneko tailer bat estreinatu zuen ikasgeletarako, kit esperimental bat jarri zuen Lehen Hezkuntzako ikastetxeen eskura, eta onlineko prestakuntzak atera zituen enpresa eta profesionalentzat. Prestakuntza horietan, besteak beste, Florette, Gutarra, Palacios, General Mills, Virto, Ekolo, Iberfruta-Muerza, Almameat eta Goshua enpresek hartu dute parte. "Gero eta gehiago irekitzen gara gizartera, eskoletako publiko tradizionaletatik haratago doazen publiko-segmentu desberdinen bila, gizarte-inklusiotik hasi eta enplegua eta aberastasuna sortzen dutenetaraino, hala nola industria-sarea. Azken horientzat funtsezkoa da prestakuntzak digitalak izatea –ordutegirik eta joan-etorririk gabe, baina gidatuak eta ikuskatuak–, baina, nahi izanez gero, aurrez aurre egiteko ere eska dezakete ", azaldu dute NILSAkoek.
Udan, estreinakoz jarri zuten martxan parte hartu nahi dutenen herritik hurbilen dagoen ibai-tartea garbitzeko kanpaina. Ergoienan egin zuten, haurrentzat, uztailaren 2an. Azkena Beran egin zuten, duela bi aste, jubilatuen elkarte baten eskutik eta Bortzirietako Mankomunitatearen laguntzarekin. Jarduerak gero eta eskaera handiagoa izatea espero du NILSAk. Izan ere, bere erakargarria izango da abenduaren 15ean abiaraziko duten urte berriko kanpainarako.
Munduko testuingurua
Duela aste batzuk, Munduko Meteorologia Erakundeak datu kezkagarriak eman zituen aditzera: karbono dioxidoaren kontzentrazioa inoiz ez bezala hazi zen 2024an, erregistroak daudenetik (1957) izan den handiena. Tasa inoiz ikusi gabeko mailetan dago, eta munduko erakunde horrek erregai fosilak jotzen ditu erruduntzat, baina "klima-berrelikadura” gertatzen ari dela ere ohartarazten du, hau da, suteak areagotu eta karbono dioxidoaren hustubide naturalek (baso eta ozeanoak) lehen bezainbeste ez atxikitzea eragiten duena.
2017az geroztik, NILSA klima-aldaketara egokitzeko Europako LIFE NADAPTA proiektuaren parte da; Europar Batasunak erregio bati eman zion lehena da, eta abenduan amaituko da. NILSAk hiri-drainatze jasangarrirako gida bat argitaratu zuen 2022an: ura zorupean infiltratzeko jardunbide egokien berri ematen du eta hiriguneak ez direla hainbeste hormigoitu behar defendatzen du. Proiektu horri esker, adibidez, argitalpenaren % 60 finantzatu zuten.
Gainera, Nafarroako Gobernuak Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko 4/2022 Foru Legea onartu zuen, eta Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2013 Plan Zuzentzailean ezarritako ibilbideari eusten dio ur-baliabideetarako. Plan horretan, halaber, gizartea kontzientziatzea sartzen da, ahalik eta erresilientiza handiena bermatzeko neurri gisa, eta horren barruan kokatzen da NILSAren hezkuntza-arloa, herritar guztiei irekia (informazio gehiago comunicacion@nilsa.com helbidean).
