Prentsa oharra

2025

2025eko azaroaren 7a

Nafarroan ura digitalizatzeko ESEPEak 6,6 milioi euro exekutatuta izango ditu 2025aren amaieran, guztira 7,99 milioi euroren gainean

Estella-Lizarra araztegia

Uraren zikloaren digitalizazioari buruzko lehen ESEPE – ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoa 2023ko urrian eman zitzaion Nafarroari, eta, bi urte geroago, aurreikusitako inbertsioen % 51 exekutatu ditu, eta 2025a amaitzean % 83ra iristea aurreikusten du.   

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak 7,99 milioi euro eman zizkion NILSA sozietate publikoak gidatutako proiektu bati. NILSA Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikita dago, eta Montejurrako eta Iruñerriko mankomunitateek ere parte hartzen dute sozietate horretan.   

Urtebete geroago, NILSA buru duen beste partzuergo batek bigarren ESEPE bat lortu zuen Erriberarako.  Era berean, Iruñerriko Mankomunitateak ere 7,64 milioi euroko bigarren ESEPE bat lortu zuen. Horrek esan nahi du proiektu horiei eusten dieten Europako funtsak, Next Generation izenekoak, komunitate osora iristen ari direla, baita tokiko entitateen bidez ere, Nafarroako Gobernuarekin batera egindako ahalegin batean.    Uraren zikloa digitalizatzeak berekin dakar neurri teknologikoak ezartzea, dauden prozesuen efizientzia hobetzeko, uraren kontsumoa murrizteko edo desbideratzeak (hala nola ihesak) zuzentzeko datuak emateko, etorkizuneko agertokiak diseinatzeko, estrategia berriak garatzeko eta informazio ugari biltzeko, besteak beste.  

Lehen ESEPE horretan 44 jarduketa ezarri ziren, 16 taldetan egituratuta, eta horien barruan heldutako ekintzen zenbatekoa lau milioi eurokoa izan da aurtengo uztailera arte. Ministerioak ez ditu oraindik datu horiek osorik ikuskatu, baina NILSAk eskaintzen ditu proiektuaren kudeatzaile eta koordinatzaile gisa, eta entitate horrek ere aurreikusi du datorren urtean 6,6 milioi euro baino gehiago exekutatzea, guztira emandako 7,99 milioi euroetatik. Gobernu zentralak, ordea, 2024ko abenduko inbertsioak ikuskatu ditu, eta exekuzioa % 35,5ekoa izan dela adierazi du. Zifra hori aurten nabarmen gainditu da: Ministerioak datorren urtera arte azken zifrak ikuskatuko ez baditu ere, NILSAk egiaztatu du joan den maiatzean portzentajea % 47koa zela.    

Ministerioak uda honetan emandako luzapen baten ondoren, 2026ko ekainaren 1a da amaiera-data, 2025eko abenduaren 31n amaitzekoa zen proiektu batentzat, baina ekintza esanguratsuak amaitzeko epea luzatzea lortu du.   

2023aren amaieratik lau milioi euro baino gehiagoko kontratuak jarri ditu abian, eta horien artean nabarmentzen dira, besteak beste, topografiako esparru-akordioak, ibaien ur-masen kalitate-azterketak, horien diagnostikoak, emari- eta lohi-sentsoreak, modelizazio matematikoak, datuak tratatzeko plataforma digitalak, gainezkatze-puntuak kontrolatzeko sareak eta denbora errealeko alerta eta kontroleko estazioak. Hala ere, datozen lau hilabeteetan lizitazioak egiteke daude oraindik. Horien bidez, aurrekontu osoaren aipatutako % 83ko exekuziora iritsiko da.    Egiteke daudenen artean, saneamendua digitalizatzeko azterketa topografikoak nabarmentzen dira, eta horietako batzuk hasi dira dagoeneko, baina berrogeita hamar herri baino gehiago inplikatzen dituen zati bat geratuko litzateke (1).   

Bestalde, parametro anitzeko zundak instalatu beharko dira, uraren kalitatearen zortzi aldagai gainbegiratzen dituztenak —kloroa, uhertasuna, PHa, eroankortasuna, tenperatura, gazitasuna, solido disolbatuak eta oxidoa murrizteko potentziala—.   

Era berean, hondakin-ura tratatzeko araztegietan gertatzen diren hainbat prozesuri aplikatutako eredu matematikoak garatzen hasiak dira. Hiru modelizazio mota egin dira: estazioena beraiena, hidraulikoa eta iragazkien biologikoa —garbitzeko, ura igarotzen den elementu nagusia—, eta Tuterako digestio anaerobio termofiloko instalazioarena. Modelizazio horrek onura ekarri die Estella-Lizarra, Aberin, Aiegi, Villatuerta, Morentin, Oteiza, Tafalla, Erriberri, Tutera, Cascante, Murchante eta Fontellas udalerriei eta Deierriko bailarako hainbat punturi. 2025eko lehen seihilekoan 123.000 eurotik gorako inbertsioa exekutatura iritsi da, eta biki digitalak deitutakoak ezartzeko abiapuntua izan da: era guztietako azterketak eta simulazioak egin ahal izateko instalazioak birtualki klonatzeko aukera ematen duten tresnak.   

Puntu horrekin oso lotuta, eta zibersegurtasun-lerroaren barruan, 33.000 euro ere bideratu dira Tafalla-Erriberriko eta Lizarrako araztegien konektibitate-kontratura. Biki digitalak ezarri aurreko fasearen parte da, eta Nasertic sozietate publikoak darama lana: zuntz optikoa instalatzea Lizarran eta SD-WAN 4G bidezko konektibitatea instalatzea Tafalla-Erriberrin. Biki digitalen jarduketa amaitzeko dago oraindik. Jarduketa horrek jauzi kuantitatiboa dakar adimen artifizialaren laguntzarekin Nafarroan ura kudeatzeko bidean.  

Iruñerriko Mankomunitatea

Iruñerriko Mankomunitateak gidatutako ekintzei dagokienez, jarduketen % 74,8 gauzatu dira, eta 2026ko ekainean % 100 gauzatzea aurreikusten da. Hauek dira dagoeneko exekutatu diren edo oso aurreratuta dauden ekintza nabarmenenak: hodien berrikuntza kudeatzeko eta planifikatzeko sistema aditua ezartzea; saneamendu-sarearen eredu matematikoa; parametro anitzeko zundaren bidez hornidura-iturrietako uraren kalitatea monitorizatzea; instalazioen konektibitatea digitalizatzea; edo azpiegituren zibersegurtasunerako ekipamendua ezartzea.

Azpimarratzekoa da, orobat, kalibre handiko kontagailuen teleirakurketa ezarrri izana. Dagoeneko 1.000 kontagailu baino gehiago instalatu dira, eta Iruñerriko kontsumoaren % 15 baino gehiagoko ordu-irakurketen kontrola ekarri du jadanik.

Datozen hilabeteetan, dagoeneko programatutako jarduerak egingo dira, hala nola hornidura-sektoreen sarreran presioa erregulatzeko balbulak ezartzen amaitzea, araztegietako kolektoreen eta isurbideen parametro anitzeko zunden bidezko kalitate-kontrola, edo herritarrekiko harreman berri bat ekarriko duen uraren ataria.

Azkenik, azpimarratzekoa da ESEPE honek kudeaketaren eraginkortasuna eta azkartasuna erakutsi duela, Nafarroako hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren hiru kudeatzaile handienen arteko lankidetzan: bi mankomunitateek eta sozietate publikoak biztanleriaren % 64,7 ordezkatzen dute horniduraren esparruan, eta % 100 arazketaren esparruan. 

LAGUNTZA-INFORMAZIOA

NAFARROAKO UR DIGITALAREN ESEPEan sartutako jarduketak 

  • Saneamendu-sarearen ezaugarritze topografikoa eta digitala
  • Uraren zikloa eta kalitatearen kudeaketa hobetzeko azterketak
  • Biki digitalak 
  • Efizientzia-hobekuntzak ura hartzean
  • Hartzea eta hornidura digitalizatzea
  • Horniduraren sektorizazioa eta kontrol dinamikoa
  • Landa-eremuetako hornidurako telelanen proiektu pilotuak
  • Saneamendua: sistemaren digitalizazioa eta kontrola 
  • Isurketa-sistemak: digitalizazioa eta kontrola 
  • Plataforma eta tresna digitalak eta informazio-ataria 
  • Zibersegurtasuna 

(1) Herriak: Guesálaz, Tirapu, Morentin, Adiós, Uterga, Úcar, Elgorriaga, Valle de Yerri, Enériz, Aberin, Ituren, Añorbe, Urdian, Murillo el Fruto, Berbinzana, Miranda de Arga, Obanos, Oteiza, Cáseda, Fontellas, Arróniz, Arbizu, Cárcar, Sesma, Villatuerta, Lakuntza, Sartaguda, Lumbier, Cabanillas, Olazti/Olazagutía, Artajona, Doneztebe/Santesteban, Cadreita, Fitero, Carcastillo, Buñuel, Falces, Ayegui, Funes, Ablitas, Fustiñana, Leitza, Lesaka, Andosilla, Caparroso, Marcilla, Puente la Reina/Gares, Ribaforada, Cascante, Murchante, Castejón, Lodosa, Peralta, San Adrián, Altsasu/Alsasua, Cintruénigo, Estella-Lizarra, Tudela.