Prentsa oharra

2025

2025eko otsailaren 12an

Galipentzuk araztegi berria estreinatu du miloi erdi euro baino gehiagoko inbertsio bat egin ondoren

Gallipienzo

Galipentzu Berriak badu bere araztegi berria, 520.840,49 euroko inbertsioa egin ondoren. Inbertsio hori guztia saneamendu-kanonaren kontura osorik finantzatu da eta NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitako sozietate publikoak, kudeatzen du eta bera da saneamenduaz eta arazteaz arduratzen dena.

Gaur, instalazioa bisitatu dute Jesús Mari Rodríguez Nafarroako Gobernuko Tokiko Administrazioaren zuzendari nagusiak, Fernando Mendoza NILSAko gerenteak eta udalbatzak, Roberto Hernández alkatea buru zela, baita beste arduradun eta teknikari batzuk ere. Araztegian egindako ibilbideak udalerriko hondakin-ura, ibaira itzuli aurretik, garbitzeko instalazio baten funtzionamendua ezagutzeko balio izan du. Lehen, isuriak –bata iparraldean eta bestea hegoaldean– hodi baten bidez bideratzen ziren Aragoi ibaira arte, inolako tratamendurik egin gabe.

Horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak Nafarroako Gobernuak “uraren kudeaketa jasangarriarekin” duen konpromisoa berretsi du.  Galipentzu Zangozako eskualdean dagoela eta 96 biztanle erroldatuta daudela gogorarazi du, “Nafarroako herritar guztiekin hartu dugu konpromisoa, eta are gehiago uraren moduko ezinbesteko baliabide batekin”. Nafarroako Gobernua "gure natura-inguruneak zaintzeko jasangarritasun-helburuekin dago".

Obra berriarekin, Kale Nagusian hasten den isurbide bat eraiki da eta, ia 300 metroz, ura instalazio berriraino eramaten du. Hegoaldeko isuria isurbide horretara konektatu da 15 metroko luzera duen adar baten bidez.

Araztegiak elementu hauen bidezko tratamendu-sistema tradizionala du: dekantagailu primario bat (bertan solido flotatzaileak tangaren hondora joaten dira eta erretiratu egiten dira), bakterio-ohantze bat (iragazki batetik igarotzean urak karga kutsatzailea galtzea eragiten duen elementua) eta bigarren mailako dekantagailu bat. Horrez gain, 143 metro karratuko eta 80 zentimetroko sakonerako hezegune artifizial bat eraiki da, uraren arazketan aparteko etapa gisa jardungo duena, 235 metroko luzera duen isurbide baten bidez Aragoira itzuli aurretik egingo den azkena. Aurreikusitako emaria segundoko 0,33 litrokoa da, nahiz eta instalazioa gehienez segundoko 1,89 litrorako dimentsionatu den. Horrek esan nahi du hirigintza-garapenak gertatzen badira, sasoiko populazioa handitzen bada edo jarduera handitzen bada, ez dela berriro egokitu beharko, ez eta aparteko obrarik egin beharko ere.

2019-2030ko Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea

Gaur egun, Parlamentuak 2019an onartu zuen Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea gauzatzen ari da Nafarroako Gobernua. Plan horrek Europar Batasuneko Uraren Esparru Zuzentarauarekin lerrokatuta dauden arazketa- eta hornidura-helburuak ditu.

Obrak egiteko erritmoa jada eginda dauden obra handietakoa baino mantsoagoa da; izan ere, jendea oso sakabanatuta bizi den udalerriak edo tokiak dira, biztanleria-dentsitate txikikoak –hala nola bentak, bordak, jaurerriak, baserriak edo mendiko etxeak–, eta, askotan, baldintza geografiko zailak dituzte eraikuntzaren ikuspegitik. Hala ere, ingurumenean duen eragina nahiko txikia da, etxeko isurketa delako, eta industria-kargarik ez duelako; izan ere, ingurumen-kontuengatik premiazkotzat jo ziren eremuek arazketa-soluzioak dituztelako jada.

Datozen urteetan, ehun biztanletik beherako herriguneetarako instalazioak eraikitzeko inbertitzeaz gain, NILSAren lehentasunezko ardatzetako bat antzinatasunagatik (bi hamarkada baino gehiago funtzionamenduan) edo erabileragatik amortizatutako azpiegiturak partzialki edo erabat birmoldatzea da, hala nola Corella, Olazti/Olazagutía edo Estella-Lizarrakoak. Duela gutxi Fiterokoa eta Cintruénigokoa birmoldatu ziren. Laster, eta biztanle-dentsitate oso txikiko guneetarako instalazioen kapituluaren barruan, Ezkurrako eta Arbontzeko araztegiak inauguratuko dira. Horiek ere 2024an eraiki zirena.