Prentsa oharra
2025
2025eko urriaren 1a
Etxarri-Aranatzeko eta Irurtzungo araztegiek eguzki-energia garbia ekoizteari ekin diote

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako departamentuari atxikitako eta arazketaz arduratzen den sozietate publikoak, NILSAk, eguzki-plakak instalatuko ditu beste bi araztegitan: Etxarri-Aranatzen eta Irurtzunen. Horretarako, 49.022,85 euroko eta 27.217,85 euroko bi proiektuak lizitatu ditu, hurrenez hurren, 2026ra arteko plan baten esparruan. Plan horren helburua energia garbiak sustatzea eta argindar-fakturaren kostua jaistea da. Bi araztegietan lau hilabete beharko dira panelak jartzeko, eta datorren urtarrilean hastea aurreikusten da, eskaintzak aurkezteko epea urriaren 3an amaituko baita.
Arazketaren jarduerak elektrizitate asko behar du Nafarroan. 2024an, 1,518 milioi euroko kostua izan zuen. Gainera, karbono-neutraltasunaren erronka ere jartzen du joan den azaroan onartu zen hondakin-urei buruzko Europako zuzentarau berriak. Zuzentarau horrek aldi baterako mugarri progresiboak ezartzen ditu, 2040an araztegi handiak iturri berriztagarriez soilik elika daitezen lortzeko.
Orain arte, NILSAk hamalau instalazio fotovoltaiko ditu, potentzia desberdinekin: handienak 136,5 kWp ditu, Arga Behereko instalazioan dagoena, eta txikiena, 3 kWp besterik ez dituena, Barasoain-Garinoainekoan. Instalazio bakoitzaren potentzia, kWp-etan neurtzen da (puntako kilowatio, panelaren gehieneko gaitasunaren neurria baldintza perfektuetan), eta araztegi bakoitzak duen kontsumoaren eta plaka fotovoltaikoak jartzeko dagoen espazioaren araberakoa da, baita leku bakoitzaren klimatologiaren araberakoa ere.
Helburua energia elektrikoa sortzea da, sorgailu fotovoltaiko bati eta energia elektrikoa korronte zuzen (plakek sortzen dutena) bihurtzen duen inbertsore bati esker, instalazioan autokontsumitzeko. Lehenengo araztegietan, elektrizitatearen sorkuntza berehalako kontsumora mugatzeko aukera ematen duten inbertsoreak aukeratu ziren, baina denborarekin sarera isurtzen duten autokontsumorako instalazioak jarri dira martxan. Horrela, ahalik eta elektrizitate gehien ekoizten da, instalazioak eskatzen duen energia hornitzeko eta, gainera, soberako energia sare elektrikora isurtzen da, araztegi bakoitzaren potentziala maximizatuz. 2025ean, Cortesko (urtarrila) eta Altsasu-Urdiaingo (ekaina) araztegietako eguzki-plakak instalatzen amaitu da, eta horiei Etxarri-Aranatzekoa eta Irurtzungoa (2026an martxan) gehituko zaizkie; azaroan, berriz, Vianan instalatzen hasiko dira.
Bestalde, Zarrakaztelu-Murillo el Frutokoa, Miranda de Argakoa, Puente La Reina-Garesekoa, Alesbeskoa, Arbizu-Lakuntzakoa eta Erriberriko ponpaketa bideratze administratiboan daude. Tafalla-Erriberrikoa da eguzki-panelen azalera handiena duen instalazioetako bat, Tuterarekin batera. Datorren urtean, Artaxoa, Larraga, Irunberri eta Kasedako proiektuak espero da, 2027an lizitatzeko.
Jarduera horiek 2021-2027rako EGEF programaren barruan sartzen dira. 2025eko otsailean onartutako aurrekontua 981.802 eurokoa izan zen, eta EGEF funtsek 392.721 euro (% 40) finantzatzea aurreikusi da.
Azkenik, Olazti/Olazagutía eta Fiteron egin den, edo Corellan egiten ari diren moduan, hogei urte baino gehiagoko balio-bizitza duten araztegien birmoldaketa integraletan eguzki-plakak jartzea ere sartuta dago. Azken kasu horretan, guztiz finantzagarriak dira Next Generation funtsen bidez, 180.000 eurorainoko balioarekin, NILSAk zuzentzen duen Erriberako eraldaketa eta berreskurapen digitalerako Europako proiektuaren (PERTE) bidez.
Une honetan, Nafarroako arazketa-sistemaren elektrizitate-kontsumoa 11.312.400 Kwh da, 2024ko datuen arabera, eta eguzki-plakek, iaz, 750.076 Kwh sortu zuten; beraz, argindar-fakturan % 6 aurreztu zen (Kwh-aren batez besteko kostua 0,13 eurokoa izan zen). NILSAren helburua hurrengo urteetan % 15 gainditzea da.
2019an hasi zen
NILSA duela sei urtetik ari da araztegiak eguzki-panelez hornitzen, Europako Itun Berdearen testuinguruan. Itun horrek energia-neutraltasuna du helburu datozen bi hamarkadetarako. Energia fotovoltaikoa sustatzeko, karbono dioxidoaren emisioak murrizteko eta energia elektrikoan aurrezteko modu bat da, araztegien mantentzea saneamendu-kanonaren bidez finantzatzen baita, eta zerga hori Nafarroako herritar guztiok ordaintzen dugu uraren ordainagirian.
Instalazio guztietan plakak instalatzea posible ez bada ere, batzuetan ez baita komeni klimatologiarengatik (batez ere iparraldean), 2019an Beire-Pitillaseko araztegian dagoen instalazio-pilotuan lortutako emaitza onek proiektuaren hedapena bermatu zuten.
2014-2020 aldirako EGEF funtsen aurreko deialdian, NILSAk honako araztegi hauetarako laguntzak lortu zituen: Arga Behea (Funes, Faltzes, Azkoien, Martzilla eta Caparroso), Ebro Behea (Ablitas, Fustiñana, Cabanillas, Ribaforada eta Buñuel), Ega Behea (Cárcar, Andosilla eta San Adrian), Tafalla-Olite, Tutera (Tutera, Fontellas, Murchante), Valtierra-Arguedas, Cintruénigo eta Milagro, 512.980 euro, 1.025.960 euroko aurrekontu osoaren % 50.
Laguntza horiek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) Programa Operatiboaren barruan kokatu ziren, eta, zehazkiago, eraikuntzan eta azpiegitura eta zerbitzu publikoetan energia-eraginkortasuna hobetzeko 4.3.1 helburu espezifikoaren barruan.
