NILSA, Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.

Prentsa oharra

2024

2024ko azaroaren 19a

Osasun Mentaleko Nafarroako Elkarteak eta NILSAk bat egin dute klima-aldaketaz ohartarazteko WCaren mundu-egunean

Nilsa - Anasaps

Erakunde publikoak hitzaldi bat antolatu du irabazi-asmorik gabeko erakundeak eskatu ondoren, azaroaren 19a komunaren eta saneamenduaren mundu-eguna dela baliatuz

Urtero, NILSAk, Nafarroako ur zikinak arazten dituen eta Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako departamentuari atxikita dagoen erakunde publikoak, gutxi ezagutzen den egun bat ekartzen du gogora, nahiz eta garrantzia handiagoa hartzen duen, zoritxarrez, klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileak gertatzen diren bakoitzean.   

Tamalez, Valentziar Erkidegoa kaltetu duen DANAk eta saneamendu- eta arazketa-azpiegituretan izandako kalteen ondorioek agerian utzi dute, etxeetako komunetatik hasita, ur zikinen kudeaketa erabakigarria dela osasun publikoa mantentzeko. Garapen bidean diren herrialdeetan kolera-epidemiak areagotu egiten dira arazketa-azpiegiturarik ez dagoenean. Garatutako herrialdeetan ura kudeatzen duten instalazio guztien erresilientzia aurretik jakin ezin diren klima-aldaketaren ondorioek gero eta gehiago tenkatuko duten gai bat da eta, horregatik, denok prestatuta egon behar dugu.  

Gai hori eta berotze globalarekin erlazionatutako beste kontu batzuk jorratu dira heziketa-tailerrean. Tailer horrek inklusiboa izan nahi du publiko heldu mota ororekin, NILSAren heziketa-programa ez dagoelako eskola-umeei soilik zuzenduta. Sorkuntza dinamiko bati esker klima-aldaketaren arrazoien eta ondorioen 36 txartel handirekin egindako horma-irudi erraldoi bat marraztu da, eta parte-hartzaileek uretan izandako inpaktuak landu dituzte, baita lurrean izandako inpaktuak eta muturreko fenomeno meteorologikoen eraginak ere.   

Bestalde, hezitzaileek egoera berri horiek hobetzeko konponbideak iradoki dituzte, taldean nahiz bakarka egiteko. Aurrez, NILSA ANASAPSekin aritu izan da lanean Tuteran eta Tafallan, baita bakoitzak bere ezaugarrietara egokitutako programak eskatzen dituzten erakundeekin ere, hala nola Anfas, Tasubinsa, Itaka Eskolapioak, Tuterako helduen hezkuntzarako eskolak, ONCE edo Isterria fundazioarekin. Heziketa-programa guztiz doakoa da eta kolektiboak egindako edozein eskakizunetara egokitzen da. Gainera, enpresetarako trebakuntza espezifiko bat ere jarri du martxan online.

“Helburua ahalik eta jende gehienera iristea da, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun Nafarroako enpresek eta industriek, klima-aldaketa bizkortuaren testuinguru batean, uraren kudeaketari buruzko sarbide libreko modulu digital batzuk edukitzea. Langileentzat zein zuzendaritza-taldeko kideentzat. Duela hilabete ireki genuen izen-ematea eta, momentuz, Florette, Gutarra eta Grupo Palacios apuntatu dira. Espero dezagun gehiago ere interesatzea: mezu bat idatzi behar da comunicacion@nilsa.com helbidera eta taldea harremanetan jarriko da”, azaldu du Fernando Mendozak, elkartearen gerenteak.

Hitzaldian nabarmendu da ere uraren kudeaketa ez dela soilik biztanleei ura hornitzean oinarritu behar, ziklo osoa ixtea lortzera iritsi behar dela baizik: araztutako emaria egoera onean ibaietara itzuli arte.   

“Era berean, ez dute ikasleek soilik jakin behar zer den araztegi bat edo zer bota behar den komunetik (komuneko papera bakar-bakarrik), herritar guztiok ahalegindu behar dugu hustubideak, hodia eta estolderia-sarea egoera onean mantentzen, gure etxeetatik hasita. Oso garrantzitsua da WCtik, konketatik edo harraskatik ezer ez botatzea: ez toallatxorik, ez higiene-produkturik, ez janari-hondarrik, ez lixibarik, ez antzekorik… Keinu erraza da, edonork egin dezakeena, eta egoera orokorrak hobetzen laguntzen du, paradoxikoa edo ezdeusa iruditu arren”, amaitu du Mendozak.   

Planetako ur zikinen % 80

Nafarroan, hondakin-uren % 98ari arazketa-tratamendu tertziario bat egiten zaio (hau da, hondakin-urak hiru etapatik pasatzen dira garbitzeko prozesuan), eta gai hori ere azaltzen da NILSAren heziketa-programan. Espainiako eta Europar Batasuneko ehuneko altuenetako bat da. Alabaina, gizakiok planetan sortutako hondakin-uren % 80 tratamendurik gabe isurtzen dira ibaietara edo itsasora.

Egun hori dela eta gizartea kontzientziatzeari lotuta, Europar Batasunari deialdi bat egiteko, Ur-horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkarteak (AEAS) bultzatutako adierazpen bat sinatu zuen duela lau urte NILSAk: batasunaren legedian saneamendua giza eskubidetzat jotzeko eskatzen zen, izan ere, oraindik hamar milioi pertsonek (guztizko 446 milioitik) saneamendurik ez dutelako Europan.  

NBEk seinalatutako eguna

Nazio Batzuen Erakundeak (NBE) lema berri bat adierazten du urtero, 2030 Agendaren esparruan, eta Agenda horren 6. helburua guztientzako ura eta saneamendua lortzea da. Oraingo honetan, nabarmentzen du “gure bizitzen erdian, ezinbestekoa den gune honek segurua izan beharko luke, eta ez arrisku bat. Alabaina, milaka milioika pertsonen saneamendua arriskuan dago gatazken, klima-aldaketaren, hondamendien eta zaintza faltaren ondorioz. Gaur egun, 3.500 milioi pertsonek ez dute saneamendu-zerbitzurik, eta 400 milioi baino gehiagok aire zabalean egiten dituzte sabel-husteak, eta hori infekzio- eta kutsadura-gune bat da”.

Laguntza-informazioa –Nazio Batuen Erakundearen webgunea – 6. GJH

6. GJH helburua 2030. urtera arte - ura eta saneamendua

6.1 –  edateko uraren sarbide unibertsala eta bidezkoa lortzea, guztientzako prezio merkean.

6.2 - guztientzako saneamendu- eta higiene-zerbitzu egokiak eta bidezkoak lortzea, aire zabaleko sabel-husteei amaiera emateko, emakumeen eta nesken beharrei eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei arreta berezia jarrita.

6.3 - uraren kalitatea hobetzea, kutsadura murriztuta, isuriak ezabatuta eta produktu kimikoen eta material arriskutsuen isurtzeak murriztuta, tratatu gabeko hondakin-uren ehunekoa erdira murriztuta eta mundu osoan birziklatzea eta arriskurik gabeko berrerabiltzea nabarmen areagotuta. 

6.4 - ur-baliabideen erabilera eraginkorra nabarmen handitzea sektore guztietan, eta ur gezaren erauzketaren eta horniduraren jasangarritasuna bermatzea, ur-eskasiari aurre egiteko eta ur falta jasaten duten pertsonen kopurua nabarmen murrizteko. 

6.5 - ur-baliabideen kudeaketa integratua ezartzea maila guztietan, baita mugez gaindiko lankidetzaren bidez ere, bidezkoa denean.

6.6 - urari lotutako ekosistemak babestea eta berrezartzea; basoak, mendiak, hezeguneak, ibaiak, akuiferoak eta lakuak barne.