Prentsa oharra
2024
2024ko APIRILAREN 9a
NILSA sozietate publikoa du buru Akitania Berriaren (Frantzia), Euskadiren eta Nafarroaren arteko mugaz gaindiko proiektuak, eta Irunen izan da hura abiarazteko bilera. Europar Batasuneko POCTEFA 2021-2027 proiektuen barruan dago programa. Hiru urteko iraupena du (2026ko abenduaren 31 arte), eta hiru eskualdeetako arroetako uraren ziklo integralaren kudeaketa optimizatzea du helburu, kudeaketa-erakunde eskudunen bidez.
Besteak beste, Berako, Lesakako, Baztango, Urdazubiko eta Luzaideko udalak daude, baita Nafarroako Gobernua bera ere (NILSAren bidez). Euskadiri dagokionez, Servicios de Txingudi –Txingudiko Zerbitzuak erakundeak parte hartzen du. Bestetik, Communauté d’Agglomération du Pays Basque–Euskal Hirigune Elkargoa (Akitania Berria) da ordezkari frantziarra. Horiek guztiek hornidura-sistemak eta/edo saneamendu-azpiegiturak kudeatzen dituzte, batzuetan partekatuak, hala nola Urdazubin eta Ainhoan, eta Txingudiko badian ere. Kasu horietan, Frantzian sortutako hondakin-ura Nafarroan arazten da, Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikitako NILSA sozietate publikoak kudeatzen dituen instalazioetan. Departamentu horretako Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko zuzendari nagusiak ordezkatu du foru-gobernua gaur, NILSAko Fernando Mendoza kudeatzailearekin batera.
Cristina Laborda Irungo alkatea eta Joseba Erremundeguy Communauté d’Agglomération du Pays Basque–Euskal Hirigune Elkargoko Mugaz gaindiko, Europako eta Nazioarteko Lankidetzako kontseilaria ere bertaratu dira. Ekitaldiak balio izan du proiektua jendaurrean aurkezteko eta lurralde-maila guztietan eta Europar Batasuneko herrialdeen artean dagoen administrazioen arteko lankidetza eszenifikatzeko. Proiektuak, zehazki, hiru ibai hartzen ditu: Bidasoa, Errobi eta Urdazuri-Ugarana. Jende asko bertaratu da, beraz, eta tokiko beste ordezkari batzuk ere izan dira, hala nola Servicios de Txingudi–Txingudiko Zerbitzuetako gerentea, Leire Zubitur; Communauté d'Agglomération Pays Basque–Euskal Hirigune Elkargoko adituak, hala nola Severine Delgado eta Maider Arosteguy; eta Bidarteko alkatea, Emmanuel Alzuri. Jardunaldiaren amaieran, Irungo (Gipuzkoa) araztegia bisitatu dute.
Proiektuak 3.627.435,74 euroko aurrekontua du guztira (horietatik 690.050 euro Nafarroari dagozkio), eta Europak % 65eko finantzazioa eman du (2.357.832,39 euro). Proiektuak jarduerak uraren zikloaren gobernantza eta kudeaketa partekatuan barne hartzen ditu, bai eta saneamendu-sistemetan hobekuntzak egiteko ardatz bat ere, eta beste bat edateko uraren sareak hobetu eta, horrela, hornidura bermatzeko. 2026an amaitzen denean, NILSAk gainerako bazkideekin koordinatu, eta lortutako emaitzak aurkeztuko ditu. Hobekuntza teknikoak azpimarratuko ditu, eta aurreikusten da nahastutako erakunde bakoitzak 2027tik aurrera aplikatuko dituela.
POCTEFA mugaz gaindiko lankidetzarako europar programa bat da, Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortua. Egungo deialdia, 2021-2027, Europar Batasunak eremuari emandako seigarren laguntza finantzarioa da. Horretarako, Pirinioetako bi aldeetako eragileek diseinatutako eta kudeatutako lankidetza-proiektuak kofinantzatzen ditu, aldeak gutxitzen eta kohesio handiagoa lortzen laguntzeko. NILSAk beste POCTEFA batean parte hartzen du: Emergentcy. Europako Batasunak 1,29 milioi euro ematen ditu (aurrekontua 1,99 milioi eurokoa da guztira). Abiarazteko bilera martxoaren 22an izan zen, eta helburua da antibiotikoak eta ibaietako beste kutsatzaile emergente batzuk prebenitzea.
Uramugan bezala, NILSA ari da buru, hots, lider ari da koordinazio-lanetan Bazkide dira, halaber, Nafarroako Unibertsitatea, Navarrabiomed, Zaragozako Unibertsitatea, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionala (Parisen du egoitza), eta Akitania Berriko eta Okzitaniako Ecocène eta Eurocob enpresak, hurrenez hurren.
Proiektua bilera horrekin hasi zen modu ofizialean, eta 2026an bukatuko da. POCTEFA OUTBIOTICS aurreko proiektuan jada lortutako ondorioetan oinarritzen da. 2021ean amaitu zen proiketu hori, eta Nafarroako Gobernuak ere parte hartu zuen, NILSA sozietate publikoaren bidez. Ibai hauek aztertu ziren: Urumea, Bidasoa, Arba, Arga, Irati, Veral, Subordan, Aragoi, Gállego, Ara, Cinca, Segre, Esera, Aturri, Garona eta Salat. Oraingoan, Frantziako eta Espainiako zenbait herritako kolektoreak aztertuko dira, baita Ebro, Arga, Aturri eta Gave ibaiak ere.