NILSA, Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.

Prentsa oharra

2024

2024ko abuztuak 20

NILSAk Tuterako araztegiko lanei berrekin die, 10 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa jota

Makinak Tuteran, gaur goizean

NILSAk Tuterako hondakin-uren araztegia berritzeko lanei ekin die berriro, ibilguaren polizia-eremutik kanpo egin beharreko instalazioetarako, zehazki. Proiektua joan den apirilean esleitu zen, eta 10 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Obrak egiteko epea 18 hilabete dela jo dute.

Uztailaren 4an sozietate publikoak aurkeztutako alegazioak udalak aintzat hartu ostean ekin diegu berriro lanei. Lan horien bidez, araztegiaren funtzionamendua optimizatu eta hobetu nahi du NILSAk; izan ere, 2002an eraiki zen, eta haren ahalmen operatiboa mugaraino iritsi da. Eraikuntzei dagokienez, motorrak kontrolatzeko zentro berri bat, biltegi berri bat eta deshidratazio-eraikin berri bat egingo dira. Gainera, instalazio elektrikoa hobetuko da, gaur egun egoera txarrean baitago; kamioiak pisatzeko baskula eguneratuko da; eta laborategia, zerbitzu-galeria, bi biltegi eta bi kutxatila berrituko dira.  

NILSAk nabarmendu duenez, “ezin da atzeratu Nafarroako bigarren araztegirik handienaren eguneratze sakona, ia 25 urte bete dituelako jada eta aspaldi iritsi delako haren gaitasun teknikoaren azken mugaraino, eremuaren hazkunde dinamikoaren ondorioz”. Sozietate publikoak azpimarratu du helburua dela elementu berritzaileak eta erreformak sartzea, araztegia egungo beharretara egoki dadin eta etorkizuneko beharrei erantzun ahal izan diezaien. Ildo horretatik, eraginkortasun energetikoa, besteak beste, garrantzi berezi-berezikoa da. Hori dela eta, adibidez, biomasako galdara bat instalatuko da, hondakin-urak araztean sortzen den materia lehorretik biogasa sortu ahal izateko.

Proiektua Nafarroako Erriberan gai organikoak tratatzearen aldeko apustuaren plangintza batean kokatzen da, eta guztira 39 milioi euroko inbertsioa jotzen du.