Prentsa oharra

2024

2024ko irailaren 26a 

NILSAk Corellako araztegiaren birmoldaketa integrala lizitatu du, 4.089.833 euroan

Visita a la depuradora de Estella-Lizarra

Corellako araztegia 1996an hasi zen martxan, eta 2025ean birmoldatuko dute osorik, instalazioa egungo beharretara egokitzeko. NILSA Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikita dago eta Nafarroako arazketaz eta saneamenduaz arduratzen da; lau milioi euroak gainditzen dituen aurrekontuarekin, enpresak lizitazioaren iragarkia Kontratazio Atarian publikatu du, eta eskaintzak aurkezteko epea urriaren 17an amaitzen da.

Araztegia Moncayoko Ur Mankomunitatearen esparruan dago, baina NILSAk kudeatzen du. Duela 30 urte diseinatu zuten 8.200 biztanleren hondakin-urak tratatzeko baina, egun, karga hori bikoiztu egin da, eta une jakin batzuetan hirukoiztu ere egin da. Datozen hamarkadetan, aurreikuspenen arabera, zonalde horretako industria- eta biztanleria-hazkundea urtean % 1eko batez besteko erritmoan igoko da. Hori dela eta, NILSAk instalazio berri bat planteatu du, zaharreko elementuak berraprobetxatzeko baina eskakizun berrietara egokitzeko.

Sozietate publikoak, gainera, kontuan izan du ur garbia berriz jasotzen duen ubidea, ekologiaren ikuspuntutik, Nafarroako sentikorrenetako bat dela: Alhama ibaia. Horregatik, 38.000 biztanleren urak daraman kargari erantzun diezaiokeen proiektu bat planteatu du; neurri horrek biztanle-kopuru horren karga industrial baliokidea barne hartuko du. 

Birmoldatutako instalazioak 3.600 metro kubikoko emaria tratatuko du eguneko batez beste (41,7 litro segundoko). Gaur egungoak, berriz, 2.990 metro kubiko tratatzen ditu, hau da, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran aurreikusi zuten batez besteko karga.

Birmoldatutako instalazioaren berrikuntza nagusia iragazki biologikoaren teknikaren ordez (ura garbitzen duten bakterioak itsasteko plastikozko betegarriak) IFAS sistema, aurreratuagoa, erabiltzea izango da. Egungo iragazki biologikoak errefortzu gisa erabiliko dira, batez ere amonio-kontzentrazioa murrizteko. Gainera, Alhama ibairako egungo gainezkabidea ere kenduko da, tratamendurik gabeko isurketarik egon ez dadin; halaber, jariatze-tanga bat eraikiko da, eta, horretarako, egungo bi elementu aprobetxatuko dira: dekantazio-tangak. Bestalde, 3.800 metro karratuko azalera duten hiru urmael artifizial jarriko dira, eta horiek azken atxikipen-elementu gisa funtzionatuko dute ur-bolumena oso emaritsua denean (ekaitz batean, esaterako).

Obrek hamar hilabete inguru iraungo dute eta ez dute oztopatuko instalazioak etengabe funtzionatzea; ez du, beraz, ohiko jarduera etengo, larrialdietan izan ezik. 2025eko urtarrilean hasiko dira eta herritar guztiek uraren ordainagirien bidez ordaindu eta NILSAk kudeatzen duen saneamendu-kanonarekin finantzatuko dira.

Alhama ibaiaren arroa Nafarroan arreta gehien eskatzen dutenetako bat da, batez ere agorraldietan, emari urria duelako. 2021ean, Fiteroko araztegiaren birmoldaketa osoa lizitatu zen, NILSAk proiektua 2022an amaitu zuen eta bi milioi euro baino gehiagoko kostua izan zuen. 1991 eta 1993 artean eraikitako instalazioa zen, ibai-arro berean, hau da, Foru Erkidegoko sentikorrenetako batean, Zidakosen eta Arakilen arroekin eta Argaren arroko zati batzuekin batera. Horregatik, jarduera horiek, industriaren eta herritarren zerbitzura dauden instalazio zaharkituak eguneratu ez ezik, ingurune naturalen jasangarritasuna ere hobetzen dela bermatzen dute.