NILSA, Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.

Prentsa oharra

2024

2024ko urriaren 10a

Erriberako 15 udalerrik 3,55 milioi euro jasoko dituzte Europako funtsetatik uraren zikloa digitalizatzeko

Perte

Proiektuak Erriberako ur-hornidura eta Nafarroako Kanalaren bigarren fasea lotzeko hazia da

Erriberako hamabost udalerrik PERTEaren bigarren deialdian emandako 3.550.439 euroko dirulaguntza jasoko dute, uraren zikloa digitalizatzeko. Proiektua Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitako NILSA sozietate publikoak gidatzen du; nazio mailan aurkeztutako proposamen ugariren artean aukeratu dute eta Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatuko da.

Proiektuak Nafarroako Erriberako Ur Digitala (ADNRa) du izena eta barne hartzen ditu Tutera, Fontellas, Cabanillas, Fustiñana, Castejon, Corella, Barillas, Ablitas, Monteagudo, Tulebras, Murchante, Ribaforada, Buñuel, Valtierra eta Arguedas udalerrietan egingo diren jarduketak. Udalerri horiek Tuterako Udalaren Ur Batzordean, Moncayoko Ur Mankomunitatean edo, zuzenean, bakoitzaren alkatetzetan biltzen dira.

Gaur goizeko aurkezpenean, Jesus Mari Rodriguezek, Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak, azaldu duenez, “PERTEak altako ur-hornidura kudeatzen duten lau erakunderen gobernantza-eredua jarri du martxan, eta 15 udalerri biltzen ditu. Nafarroako Kanalera iristeko hazia izatea nahi dugu, oso azpiegitura garrantzitsua baita. Iristen denean, Erriberako uraren arloko gobernantza-eredua aldatuko du, kalitate handiagoko ur gehiago emango digulako eta, nolabait, Erriberan gaur egun dauden hornidura-sistema guztiak elkarrekin lotzeko balioko duelako”. Hitz-hartzean, zuzendari nagusiak, gainera, azpimarratu du “PERTEa, berez, helburu bat izan behar dela, hau da, orain Nafarroako zonalde horrek duen ur-hornidura indartzea eta sendotasun eta erresilientzia handiagoa ematea; horretarako, digitalizazioa behar da, baita Nafarroako Kanalera iristea ere”. 

Aurkezpenean, Fernando Mendoza NILSAko gerenteak, Tirso Calvo Moncayoko Ur Mankomunitateko presidenteak, Tuterako Udalaren Ur Batzordeak, Valtierrako eta Arguedaseko alkateek eta Fustiñanako hirigintza zinegotziak ere parte hartu dute.  

Proiektuak jarduketak 2026ko ekainera arte gauzatzea aurreikusten du eta Erriberako uraren ziklo integralaren gobernantza hobetzea du helburu; horretarako, uraren erabilera egokiaren inguruko eraginkortasuna eta sentsibilizazioa sustatuko dute herritarren artean, klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko esparruan.   

Prozesuen digitalizazioa izango da esku-hartzeen ardatz nagusia eta, besteak beste, hauek nabarmenduko dira: lehorteetarako larrialdi-planak, kontsumorako uraren kalitatea zaintzeko eta kudeatzeko protokoloak, saneamenduko kudeaketa integraleko planak, onera ekarritako uraren erabilera sustatzea, babes zibileko planak uholdeetarako, ihesen eta eraginkortasunaren inguruko azterketak, bilketa-, hornidura- eta arazketa-azpiegiturak, energia-sistema eraginkorragoak ezartzea edo tresna digitalak eta komunikaziorako tresnak garatzea.  

Oraingoa uraren PERTEaren lehen deialdian izandako arrakastari gehitu behar zaio; orduan, NILSAk gidatzen zuen Nafarroako Ur Digitala (ADNa) proiektuaren bidez Nafarroa ere hautatu zuten, eta 7,99 milioi euroko dirulaguntza jaso zuen. Deialdi horretan, Jurramendiko eta Iruñerriko mankomunitateek parte hartu zuten.  

Lankidetza interinstituzionala eta lurraldearekiko konpromisoa.

Nafarroako Gobernuak konprometituta jarraitzen du Europako funtsak biltzearekin eta toki-entitateekin lankidetzan aritzearekin baliabide hidrikoen erabilera arduratsua eta eraginkorra sustatzeko, funtsezkoa baita etorkizuneko erronkei aurre egiteko.  

Ahalegin horrek indartu egiten du Gobernuak modernizazioaren eta digitalizazioaren alde egindako apustua, funtsezkoak baitira uraren kudeaketaren eraginkortasunerako eta iraunkortasunerako eta, horrela, garapen ekonomiko eta sozial erresilienteagoaren bidean laguntzen dute.