Prentsa oharra

2024

2024ko abenduaren 10a

EIBk eta Nilsak indarrak batu dituzte Nafarroako hondakin-uren arazketan inbertitzeko

Fitero araztegia

EIBk eta Nilsak 36,5 milioi euroko mailegu bat sinatu dute Nafarroako hondakin-uren araztegien eraikuntza eta modernizatzea finantzatzeko.

Araztegi berriak 100 eta 250 biztanle bitarteko guneetan egitea aurreikusten da.

Finantzazio horrek saneamendurako Nafarroako 2023-2030ko inbertsio-planari lagunduko dio.

Europako Inbertsioen Bankuak (EIB) eta Nilsak, Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako departamentuari atxikitako sozietate publikoak, 36,5 milioi euroko mailegu bat sinatu dute Foru-erkidegoko hondakin-uren araztegien eraikuntza eta modernizazioa finantzatzeko.

Inbertsio hori, batez ere, dagoeneko martxan dauden instalazioak zaharberritzera, hobetzera eta handitzera bideratuko da, instalazio horietako batzuek dagoeneko ia hogeita hamar urte baitituzte; baita 100 biztanle baino gehiago dituzten, eta 250 biztanlera arteko, guneetan instalazioak eraikitzera ere, izan ere, azken kopuru horretatik gorako guneetan, Nafarroako udalerri guztietan saneamendua eta hondakin-uren tratamendua estalita dagoelako.

Mailegu horrek beste behin ere erakusten digu EIBk ingurumen-jasangarritasunari nola laguntzen dion eta hondakin-uren kudeaketa eraginkorraren moduko arlo garrantzitsuan ekonomia zirkularra nola sustatzen duen. Nafarroaren kasuan, araztegietan eguzki-plakak instalatzea baloratu da, arazketa-prozesuan karbono-neutraltasuna lortzeko Europako helburua lortzeko laguntza-neurri gisa. Lokatzen kasuan, lokatzak tratatzea bultzatuko da lurretan aplikatu ahal izateko, horrek nekazaritzarako eta ingurumenerako dakarren onurarekin, eta horrez gain, nekazarientzako aurrezkiak sortuko ditu ekonomia zirkularri arreta berezia jartzen dion prozesu batean.

Europako Inbertsio Bankua (EIB) Europar Batasuneko epe luzerako finantzazio-erakundea da, eta bere akziodunak estatu-kideak dira. EBren politika publikoaren helburuak lortzen dituzten inbertsioak finantzatzen ditu. EIBren proiektuek lehia indartzen dute, berrikuntza sustatzen dute, garapen jasangarria bultzatzen dute, gizarte- eta lurralde-kohesioa finkatzen dute eta klima-neutraltasuna lortzeko trantsizio justu eta bizkor baten alde egiten dute.

Europako Inbertsioen Bankuaren Taldeak (EIB Taldea), Europako Inbertsioen Bankuak (EIB) eta Europako Inbertsioen Funtsak (EIF) osatutakoak, 2023an Espainiarekin, guztira, 11.400 milioi euroko finantzazioa sinatu zuela adierazi zuen, eta horietatik, gutxi gorabehera, 6.800 milioi euro ekintza klimatikoari eta ingurumen-jasangarritasunari buruzko proiektuetara bideratu zirela. Bere guztizko jarduerari dagokionez, EIB Taldeak 88.000 milioi euro sinatu zituen finantzazio berrian 2023an.