NILSAk drainatze jasangarriari buruzko gida bat argitaratu du, uraren kudeaketan hirigintza-praktika egokiak sustatzeko - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2023

2023ko otsailaren 16a

NILSAk drainatze jasangarriari buruzko gida bat argitaratu du, uraren kudeaketan hirigintza-praktika egokiak sustatzeko

NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikitako sozietate publikoak, zeina saneamendu eta arazketaz arduratzen baita, euri-ura artifizialki bideratu gabe kudeatzearen alde egiten du, hau da, prezipitazioak izaten diren tokian bertan kudeatzearen alde. Horretarako, drainatze jasangarriko hiri-sistemei buruzko gida argitaratu du; uraren ziklo naturala imitatzen dute sistema horiek. Helburua da kontzientziatzea ura baliabide gisa, eta ez hondakin gisa, uholdeetan gertatzen den bezala, kudeatu behar dela. Halaber, azpimarratu nahi da soluzioak aplikatzeko modurik onena arazoaren sorburuan egitea dela, hau da, euria erortzen den tokian.
 
NILSAk 2020an Nafarroako Unibertsitate Publikoko Tuterako campuserako diseinatutako drainatze-proiektu pilotuaren erabilgarritasuna egiaztatu ondoren, sozietate publikoak lehentasunezkotzat jotzen du sistema horien aukera praktiko eta zehatzak ezagutaraztea, eta sistema horiek ezartzeak dituen onurak zabaltzea ere, batez ere toki-erakundeen, hirigintza publikoaren kudeatzaileen eta eraikuntzaren zein diseinu arkitektonikoaren sektoreen artean.
 
NILSAk ikusi du azpiegitura hidraulikoek (sozietateak berak kudeatzen dituen araztegiak, besteak beste, Nafarroa osoko hondakin-ura tratatzen dutenak) gainezka egiten dutela batzuetan; ohiz kanpoko bolumenen erruz gertatzen da hori, baina gero eta ohikoagoak dira klima-aldaketaren ondorioak direla eta. Bere ustez, sistema horiek ugarituz gero, inpaktua txikiagoa izango litzateke, eta horrek arazketa-kostu txikiagoak eta eraginkortasun ekonomiko eta tekniko handiagoa ekarriko lituzke, eta, horrez gain, herrietan uholdeak arindu eta Nafarroako lurpeko urak zainduko lirateke.
 
Drainatze jasangarria ohikoa da eraikitako azalera askotan, bai hirietan, bai errepideetan, bai industrialdeetan, eta praktika egokitzat jotzen da Europako zein Amerikako herrialde batzuetako eraikuntza-proiektuetan, hala nola Herbehereetan, Belgikan eta Erresuma Batuan, eta Estatu Batuetan, hurrenez hurren.
 
Gida jende guztiarentzat dago eskuragarri www.nilsa.com webgunean; tokiko kasuak ez ezik, nazioarteko batzuk ere jasotzen ditu. Apirilean, ate irekien jardunaldiak egingo dira, dibulgazio-ekimenaren osagarri. NILSAk antolatuko ditu, jasangarritasunaren eta uraren kudeaketa egokiaren inguruan sentsibilizatzeko duen konpromisoaren barruan.
 
Bederatzi kapitulu ditu gidak, eta honako gai hauek jorratzen dituzte, besteak beste: erregulazio-esparrua, Nafarroan sistema horiek diseinatzeko parametroak eta kasu ohikoenen deskripzioa: estalki eta areka landaredunak, urpean gera daitezkeen parterreak, uraskak, zuhaitz-txorkoak, hezeguneak eta urmael artifizialak. Eta honako gomendio eta irizpide hauek eskaintzen ditu: diseinurako ezaugarri baldintzatzaileak, soluzio tekniko bat edo bestea aukeratzeko irizpideak, dimentsionatzeko eskakizunak edo nola hautatu landatu beharreko landaredia egokiena. Batez ere adituentzat bada ere, erraz irakur eta kontsulta dezakete hirigintzaren eta uraren kudeaketa egokian interesa duten guztiek.
 
Urtebete baino gehiagoko lana izan da, eta NILSAk editatu eta argitaratu du. Bestetik, Gregorio Berrozpe Ullate proiektu- eta obra-zuzendariak ikuskatu du, Jairo Gómez Muñoz eta Mikel Ilzarbe Senosiain teknikarien laguntzarekin. Hala ere, Sara Perales Momparler eta Alberto Gay Garrigues aditu independenteek idatzi dute. Horrez gain, José Javier López Rodríguez NUPeko Ingeniaritza Hidraulikoko katedradunak eta Mikel Goñi Garatea irakasleak parte hartu dute. Lorezaintzako edukiei dagokienez, Mikel Baztan Carrerak eman du aholkularitza.
 
Gidaren kostua 14.900 euro izan da, eta % 60 Europar Batasunaren proiektu honek kofinantzatu du: “LIFE16 IPC/ES/000001 - LIFE-IP NAdapta-CC: Eskualde batean, Nafarroan, aldaketa klimatikora egokitzeko politikaren ezarpen integratu, koherente eta inklusibo baterantz”. 2017an hautatu zuten Nafarroa horretarako.
 
Gainera, Nafarroako Gobernuak, zeinak iaz Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea onartu baitzuen, 2019-2030 Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean ezarritako ibilbidea aplikatzen jarraitzen du baliabide hidrikoetarako. Plan horretan, halaber, gizartea kontzientziatzea sartzen da, ahalik eta erresilientzia handiena bermatzeko neurri gisa.