Amaitu dira Elkarte, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeitiko saneamendu-kolektoreko obrak - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2023

2023KO MARTXOAK 31

Amaitu dira Elkarte, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeitiko saneamendu-kolektoreko obrak

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak Elkarte, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeitiko saneamendu-kolektore berria aurkeztu du; Berriobeitiko udalerrian daude guztiak. Ekitaldia Berriogoitin egin da, eta Fernando Mendoza NILSAko zuzendari kudeatzaileak, David Campión Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak eta Raúl Bator Berriobeitiko alkateak parte hartu dute.

Bukatu berriko kolektorea Txulapain ibaiaren saneamenduaren aldeko apustu handia da, Elkarte, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeitiko kontzejuetako eta Gipuzkoako errepidearen (NA-240) ondoan dauden industrietako hondakin-urak biltzen baititu. Proiektuari esker, kolektore nagusi bat jarri ahal izan da ibaiaren ibilguarekin paraleloan, lau herrietako isurketak bilduko dituena. Gainera, adar baten bidez, Berriobeitiko industrialdeko hondakin-uren isurketa jasotzen da. Orain arte, arazketa partikular baten bidez bakarrik tratatu ahal izan dira isurketak industrialdean, inguruan kolektorerik ez zegoelako.

Bestetik, azpiegitura berriari esker, Elkarte-Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeitiko hobi septikoak kendu ahal izan dira. Instalaturiko hodia eskualdeko saneamendu-sarearekin lotzen den erregistro-putzu batean bukatzen da; sareak Arazuriko araztegira eramaten ditu hondakin-urak.

Kolektore berriak 5.071 metro ditu guztira, eta 100 erregistro-putzu jarri dira. Kolektorea egiteko, material desberdineko hodiak erabili dira (PVC grisa, hormigoi armatua edo burdinurtu nodularra), lur bakoitzaren ezaugarri teknikoen arabera hautatuak.

Egindako jarduketak nabarmen hobetuko ditu Txulapain ibaiko urak, araztu gabeko edo arazketa desegokiko urak ibilgura iristea saihestuko baita eraikitako kolektoreari esker. Epe laburrean, igarri egingo da uraren kalitatea hobetu dela, baita ibaiko eta, oro har, ibaiertzeko ekosistemen fauna eta floraren egoera orokorra ere.

Aipatzekoa da Elkarte-Ballariaingo adarrak harrizko zubi batetik gurutzatzen duela Txulapain ibaia; Plazaolako trenbideak ere erabiltzen zuen igarobide hori. Horretarako, zubiaren albo batean jarri da hodia. Halaber, uretan beheragoko tartea, kolektore nagusia izenekoa, AP-15 autopistarekiko paralelo igarotzen da, lur-erauzketako ezpondaren barruan.

Obrak 2.413.576 euroko aurrekontua izan du (BEZ barne), eta saneamendu-kanonaren (NILSA) kontura finantzatu da. Construcciones Mariezcurrena enpresak egin du.