Prentsa oharra

2023

2023ko EKAINAREN 22a

2023an izango du Ezkurrak araztegia, bertako 146 biztanleentzat

Ezkurrako 146 biztanleek araztegia izango dute datorren urtean, egun Aztugo errekara egiten den isurketa desagerraraziko duena. Udal-sareak, zeinak 1997an berritu baitziren euri-urak eta ur beltzak bereizteko sistema bat jartzeko, kolektore batera konektatuko dira, eta kolektore horrek etorkizuneko instalazioraino eramanen du ur zikinen emaria. Hain herri txikiak arazteak ahalegin handia eskatzen du, mantentzeko lan gutxi behar duten eta, ahal bada, energia elektrikorik gabe funtzionatzen duten sistema sendoak instalatu behar direlako.

Hango topografia egokia denez horretarako, iragazki biologikoko araztegi bat instalatuko da, ura balantzin bidez banatuko duena. Gainera, ura atxikitzeko amaierako hezegune bat egongo da, segurtasun-elementu gisa. Proiektuak lau kokaleku-aukera aztertu behar izan ditu lehenago: lehena, egungo isurketa-gunearen ondoan; bigarrena, 86 metrora; hirugarrena, are urrunago (217 metro) eta landare-zerrenda batek babestua; eta laugarrena, isurketa Aztugo errekaren ezkerralderaino eramango lukeena. Lurraren malda handiak eta zailtasun orografiko orokorrak aukera posible guztiak kontuan hartzera eraman dute, eta distantzia, sarbidea, kostu ekonomikoa, segurtasun-arriskuak (luiziak, batez ere) eta paisaia- eta ingurumen- afekzioak ebaluatu dira.

Lehena baztertu egin zen etxebizitzetatik hurbilegi zegoelako (40 metrora), nahiz eta merkeena izan (aurrekontua 357.384 euro zen). Bigarrenak, % 9 garestiagoak (389.562 euro), malda handiegia zuen (% 23) eta etxebizitzetatik 86 metrora baino ez zegoen. Laugarrena baserri batetik hurbilegi zegoen, eta horrek ere aldapa handia behar zuen (ia % 20), eta baztertu egin zen.

Azkenik, NILSAk hirugarren aukera hautatu du, nahiz eta garestiena izan (merkeena baino % 26,6 gehiago), paisaian hobeto integratzen delako, hirigunerainoko distantzia 150 metro baino gehiagokoa delako eta erraz iristeko delako (% 13ko malda).

Instalazioan ez da elementu elektromekanikorik egongo, beraz, ez du kontsumo energetikorik izango eta matxurak egoteko aukera asko murriztuko da. NILSAko langileen esku geratuko da instalazioaren egoera ona ikuskatzea, eta hilabetean bi aldiz bisitatuko dute buxadurarik ez dagoela, pilatutako lohi- eta flotatzaile-mailak egokiak direla eta ohiko funtzionamenduarenak ez diren isuririk ez dagoela ziurtatzeko. Halaber, uraren laginak hartuko dira sei hilabetean behin, kalitatea eta isurketen inguruko baimena betetzen dela ziurtatzeko.

Obren lizitazioa (hemen argitaratu da) 476.276,65 euro da (BEZa barne), eta prozesuan parte hartu nahi duten enpresek uztailaren 3ra arte aurkez ditzakete eskaintzak.