Otsagabiako egungo araztegia birmoldatuko da 2023an, NILSAk 1995ean eraikitakoa - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2022

2022ko martxoak 2

Otsagabiako egungo araztegia birmoldatuko da 2023an, NILSAk 1995ean eraikitakoa

Otsagabiak 501 biztanle ditu erroldatuta, eta egungo araztegiak 27 urte bete ditu. NILSAren obra aitzindarietako bat da, hots, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikitako enpresa publikoaren obra aitzindarietako bat (1989an onartutako Nafarroako Ibaien Saneamendu Plana gauzatzeko ardura izan zuen). Ia hiru hamarkada daramatza, beraz, funtzionatzen, eta beharrezkoa da instalazioa erabat eguneratzea, batetik, elementuak higatu egin direlako denborarekin, eta, bestetik, kanpinaren jarduera handitu delako (herriko biztanleria bikoiztu egin daiteke udako hilabeteetan).
 
Aurreko mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan ezarritako sistema biodiskoan oinarritzen zen; disko zirkular bat da, eta ura haren gainean botatzen da arazteko. Teknologia hori iparraldeko kasu jakin batzuetan baino ez da aplikatzen (oso erresistentea da hango baldintza meteorologiko gogorren aurka). NILSAk 2000. urtetik aurrerako proiektuetan ezarri ohi duen teknologia berria eraginkorragoa da: iragazkiak. Beraz, Otsagabiako araztegi berriak hondakin-ura garbitzeko bi etapa, iragazkien bidezkoak, izango ditu aipatutako biodiskoaren ordez. Izan ere, askoz ere gehiago garbitzen dute, eta ur-emaria garbia itzuliko da Zaraitzu ibaira, gaur egungo toki berean.
 
Araztegiak, batez beste, 414,7 m³ tratatzen ditu egunero, baina, diseinu berriarekin, halako hiru ere trata lezake, eta hori bereziki eraginkorra da ur-uholde bortitzetan edo ekaitzetan, baita etorkizuneko hirigintza-garapenei edo ostalaritza-eskaintzaren hezkundeari begira. Beste alde batetik, larrialdi-egoeretarako, urrutiko kontrol-sistema bat izango du araztegiak, eta, horri esker, gerta litekeen edozein matxura edo alarmaren berri izan daiteke berehala, SMS edo internet bidez. NILSAk gehienez ere 24 orduko epean artatuko ditu.
 
Berritze-lanak 2023an hasiko dira, eta lau eta sei hilabete bitartean iraungo dute; instalaziora iristeko bide alternatibo bat jarriko da, behin-behinekoa, NA-140 errepidetik, ibaia hormigoizko hodi-bateria baten bidez gurutzatuko duena. Obrak bukatutakoan, behar izan diren eraikuntza guztiak kenduko dira, eta lehengoratu egingo dira bai ibaiaren ibilgua, bai ukitutako lurzatia.
 
Proiektua gaur aurkeztu dio NILSAk Otsagabiako Udalari, iritzia eman eta, azkenik, oniritzia eman dezan, edo, bestela, proiektua aldatzeko egokitzat jotzen dituen iradokizunak egin ditzan.
 
Aurreikusitako inbertsioak 206.313 euro jo du, eta NILSAk kudeatzen duen eta zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko da osorik.