Zangozako Sierra de Leyre institutuak urari buruzko mahai-ingurua antolatu du tokiko hiru aditurekin eta ikasleekin - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko apirilaren 14a

Zangozako Sierra de Leyre institutuak urari buruzko mahai-ingurua antolatu du tokiko hiru aditurekin eta ikasleekin

Zangozako Sierra de Leyre institutuko DBHko bigarren mailako, Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako (PMAR) hirugarren mailako eta Curriculum Bereziko Unitateetako (UCE) ikasleek uraren aldeko apustua egitea erabaki zuten ingurumen-erreferente gisa. Horretarako, uraren erabilera, aprobetxamendua eta historia herrian landu dituzte abendutik. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusi Jesús María Rodríguezek eta NILSAko kudeatzaile Fernando Mendozak parte hartu dute ekimen horretan, NILSAko hezkuntza-taldearen eskutik, zeinak bizitzarako funtsezkoa den elementu horren zainketa eta errespetuarekiko kontzientzia sustatu baitu gazteen artean. Unai Vital, Antonio Vilches eta Manuel Navallas aditu zangozarrek ere parte hartu dute. Gainera, Zangozako alkate Lucía Echegoyen eta udalbatzako beste kide batzuk ere izan dira ikasleak protagonista izan dituen ekitaldi horretan.
 
Vitalek, almadiak jaisteko erakustaldiaren antolatzaileak, aspaldi-aspaldiko ogibide baten oroimena berreskuratu nahi izan du; ibaian erabat integratuta zegoen ogibide hori, eta oso ohikoa zen Erronkarin, Zaraitzun eta Aezkoan. Basoetan moztutako egurrera iristea ezinezkoa bazen, ibilguan zehar eramaten zuten erraz banatzeko moduko leku bateraino.
 
Vilches, biologoa eta herriko bizilaguna, Ardaska ingurumen-elkarteko lehendakaria da. Zangozako Udalarekin batera, eta herriko 2030 Agendan aurreikusitako ekintzen artean, gau-saguzar ertaina aztertu du. Desagertzeko zorian dago saguzar hori, eta kolonia bat du Aragoi ibaitik hurbil. Adituak animalia-bizitzaren eta ibai-ekosistemen arteko erlazioa aztertu du bereziki, arrain-espezieak bakarrik nabarmentzetik harago. Gau-saguzar ertaina ibaiertzeko basoetan egon ohi da, ibaien erdiko eta beheko tarteetan. Ura mantso ibiltzen da leku horietan, eta intsektu ugari daude han, saguzarraren elikagai direnak. Babesleku gisa erabiltzen dituen zuhaitzak (makalak, txopoak eta alboak edo platano arruntak batez ere) tamaina eta adin handikoak dira; beraz, bereziki garrantzitsua da ale horiek kontserbatzea.
 
Azkenik, Manuel Navallas historialaria eta La Bizkaia de Navarra. Memorias de un valle en silencio liburuaren egilekidea da; Esatik hurbileko herrien despopulatzeari buruzkoa da liburua. Horrez gain, izen bereko ebokazio-espazio bat abiatu eta sustatu du Aiesan Navallasek. 
 
Nafarroan, NILSAren hezkuntza-programak 12.600 pertsona baino gehiago trebatu ditu 2020an, eta, 2021erako, ehunekoak handitu egiten dira hilez hil (lehen seihilekoan ia 550 talde izan baitziren) herritarrek natur ondarea ezagutzeko eta kontserbatzeko duten kezkaren adierazgarri.