Urdazubiko urak Dantxariko araztegian (Frantzia) tratatzeko lankidetza berritu du Nafarroak - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko maiatzak 11

Urdazubiko urak Dantxariko araztegian (Frantzia) tratatzeko lankidetza berritu du Nafarroak

Lurralde Kohesioko kontseilariak eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak 2010ean sinatutako hitzarmena luzatu dute, Urdazubiri eta Ainhoari saneamendu-zerbitzu publikoa ematekoa.
 
Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Hirigune Elkargoak (Frantzia) Urdazubiko eta Ainhoako (Akitania Berria) udalerrietako biztanleei saneamendu-zerbitzu publikoa ematen lankidetzan jarraituko dute. Zerbitzu hori 2010az geroztik egiten ari da, Dantxariko araztegiaren bidez (Frantzian dago kokatuta).         
 
 Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Cirizak eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean-René Etchegarayk berritu egin dute orduan sinatutako hitzarmena. Hitzarmen horretan, araztegia ustiatzeko baldintza tekniko eta finantzarioak ezartzen dira, bai eta aipatutako herrietan altako saneamendu-zerbitzua ematea ere. Biek uste dute hitzarmenak “interes komun ukaezina” duela, erabiltzaileei zerbitzu publiko hori mugaz gaindi emateko lankidetza indartzen duelako.       
  
Aipatu beharra dago Dantxariko araztegiak Urdazubiko Bentak auzoko urak tratatzen dituela. 2019. urteko amaieratik, herriak bere instalazioa du, Nafarroako Gobernuak eraikia eta kudeatua NILSA sozietate publikoaren bidez. Hirigunea ez ezik, Hiribere eta Leorlas auzo sakabanatuak ere hartzen ditu instalazioak.        
 
Hitzarmenaren edukia     
  
Euskal Hirigune Elkargokoak SUEZ sozietatearen esku utzi du 1. sektoreko (Sud Pays Basque) ur erabilien saneamendu-zerbitzu publikoaren kudeaketa, eta Dantxariko araztegia han dago. 8 urterako da, 2019ko maiatzaren 1etik aurrera.    
   
Dantxariko araztegiaren kudeatzaileak, Nilsak eta Euskal Hirigune Elkargoak 2020ko ekainaren 12an sinatutako hitzarmenean eta zerbitzu publikoko kontratuan ezarritakoaren arabera, NILSA sozietateari fakturatuko dio Urdazubiko erabiltzaileei zerbitzua ematea.   
      
Zerbitzua emateagatiko ordain ekonomikoa urtero kalkulatuko da, ustiaketa-gastuen eta isuritako ur erabilien bolumenaren gainean; Frantzian dagoen emari-neurgailuak neurtuko ditu. Ordain ekonomiko horrek zati finko bat eta zati aldakor bat ditu.  
     
Bestalde, ekipamenduak non dauden kokatuta, lurralde bateko ala besteko entitate sinatzaileari egokituko zaizkio mantendu eta konpontzeko obrak.         
 
Azkenik, entitate sinatzaileen ordezkariek osatutako jarraipen-batzorde bat sortuko da, hitzarmenaren indarraldian zehar (bi urte) sor daitezkeen intereseko afera guztiak jorratzeko.