NILSAk Aranoko araztegia lizitatu du, 492.540 euroan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko irailak 27

NILSAk Aranoko araztegia lizitatu du, 492.540 euroan

NILSAk, saneamenduan eta arazketan diharduen enpresa publikoak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikiak, Aranoko araztegia lizitaziora atera du, 492.540 euroan, Nafarroako Gobernuaren Kontratazio Atarian argitaratutako ohiko iragarkiaren bidez.

Iazko maiatzaren 20an aurkeztu zen proiektua herrira, udalarekin berrikuspen batzuk egin ondoren. Aranok 116 biztanle ditu erroldatuta, eta putzu septiko bat du egun, eraitsi egingo dena. Instalazio berria ia 700 metro koadroko eremu batean kokatuko da, Sagarbakoitz parajearen barruan. Bi hustubide eraikiko dira haraino: bata, Beheko Herriko hirigunetik, 420 metro luze, eta bestea, 120 metrokoa, udal-sareko jada berritutako puntu bateraino, tokiko bide baten barna.

Proiektua konplexua izan da herriaren orografia dela eta; izan ere, herrigunea bi gunek osatzen dute, bata bestetik bereizita eta malda handiko hegal batean kokatuta:Beheko Herri, azpikoa eta txikiagoa, eta Goiko Herri, goikoa eta handiagoa. Zaila da ura grabitatez garraiatzea, malden inklinazioa handia delako (% 15, batez beste) eta haranak estuak direlako (Urumea, Latxeko eta Erreka ibaien inguruan); obrak berak egitea ere zaila da horregatik, ez baita erraza materialak pilatzea eta makinak pasatzea.

Instalazioak bi Imhoff tanga eta bakterio-ohantze bat izango ditu; ohantzean, ur zikina grabitatez banatuko da harrizko hondo baten gainean (garbitzaile gisa balioko du hondoak). Energia elektrikoa ez da beharrezkoa izango, eta horrek eraginkortasun handiagoa eta mantentze-kostu txikiagoa ekarriko ditu, eta ez dio inolako eraginik egingo ez paisaiari, ez ingurumenari.

Batez besteko emaria 0,28 litro segundoko izatea aurreikusten da, hau da, 24 metro kubiko eguneko. Gehieneko emaria 168 metro kubiko izatera iritsiko litzateke eguneko, eta, une horretatik aurrera, funtzionatzeari utziko lioke; hala ere, hori ez da oso litekeena, zeren eta eguneko 24 metro kubiko horiek hamar urteetan herriak izan duen batezbestekoa da, eta instalazioak halako zazpi har ditzake gehienez, NILSAko proiektu gehienetan bezala.

Lanak 2022ko udaberriaren hasieran hasiko dira (zailtasun meteorologikoak izan ohi dira neguan), eta udazkenerako bukatuko dira.