Nafarroan egindako hogeita hamar urteko saneamendu- eta arazketa-lana kasu arrakastatsu gisa azaldu du NILSAk Investagua nazioarteko foroan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko apirilak 16

Nafarroan egindako hogeita hamar urteko saneamendu- eta arazketa-lana kasu arrakastatsu gisa azaldu du NILSAk Investagua nazioarteko foroan

Fernando Mendoza

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikitako enpresa publikoko zuzendari kudeatzaile Fernando Mendozak nafar egoera ezagutzera eman du nazioarteko mailan.
 
Ur-arloko nazioko eta nazioarteko adituek Investagua foro birtualean parte hartuko dute apirilaren 12tik 23ra. Fernando Mendoza NILSAko zuzendari kudeatzailea hizlari izango da foroan. Mendozak Nafarroaren kasua ezagutaraziko du, hots, kasu arrakastatsua saneamenduan eta arazketan. NILSA enpresa publikoak burutu ditu lana horiek sortu zenetik, 1989an. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikita, 1988ko Saneamenduari buruzko Foru Legea gauzatzeko tresna gisa sortu zen NILSA, eta gaur egun hondakin-uren %98,6 sistema biologikoekin tratatuta egotea lortu du.
 
Gainerako %1,4k hobi septikoak ditu, eta egun lanean ari gara toki horiek tratamendu osoagoko arazketa-proiektuak izan ditzaten; mantsoago egiten da aurrera, dena den, ehun biztanle inguruko eremu horietan, inbertsio handiak behar direlako, planifikazioa urtean zenbait ekitalditan ezartzen delako eta berezitasun konplexuak dituztelako (orografikoak, ur zikinaren tratamendukoak, udal-estolderia, eta abar).
 
Foroak, iAgua argitalpen espezializatuak antolatuak eta Espainiako Gobernuko laugarren lehendakariorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministro Teresa Riberak inauguratuak, Estatuko Administrazioan garrantzitsuak diren eragileak biltzea du helburu —tokiko eta udalez gaindiko erakundeak, autonomia-erkidegoak eta Estatuko Administrazio Orokorra—, uraren hiri-zikloari buruzko inbertsio-planak eta -programak azaltzeko. Horrez gain, Latinoamerikako hainbat erakunderi dei egin die, baita teknologia- eta ingeniaritza-enpresa pribatuetako adituei ere, berehalako erronkak eta konponbide posibleak identifikatzeko xedez bai tokiko, bai nazioko, bai nazioarteko mailan.
 
Fernando Mendoza NILSAko zuzendari nagusiak Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea ezarri zenetik hogeita hamar urteetan Nafarroan egindako ibilbidea azaldu du kasu arrakastatsu gisa.
 
Aurrekariak
 
1988an, sei araztegi zeuden Nafarroan, Ebroko eta Iparraldeko konfederazio hidrografikoek eraikiak: Lesaka, Etxalar, Zubieta, Zugarramurdi, Agoitz eta Tafalla-Erriberri. Horiek biztanleriaren % 5ari soilik ematen zieten zerbitzua. 1989an, NILSAk sei instalazio aitzindari horiek —Espainia mailan ere aitzindari— bere gain hartu eta 1988an Foru Parlamentuak onetsitako saneamendu-plana gauzatzen hasi zen. Esparru horretan, 159 araztegi eta 586 hobi septiko eraiki dira. Jarduketa horiek saneamendu-kanonaren bidezko diru-bilketari esker (azkeneko bost urteetan tarifak ez dira igo) egin ahal izan dira, baita Europako funtsei (36 milioi euro) eta Nafarroako Gobernuko Tokiko Azpiegituren Planei (94 milioi euro) esker ere 2012ra arte. 2013az geroztik, soilik kanonaren bidez finantzatzen da.
 
1989tik, ia 330 milioi euro inbertitu dira instalazioak eraikitzeko, eta 250 milioi euro horiek martxan jarri eta mantentzeko; bestetik, 550 milioi euro bildu dira saneamendu-kanonaren bidez (% 72 etxeetatik eta % 28 industria-jardueratik), zeina 1989ko urtarrilaren 1etik zergadun guztiek ordaintzen duten uraren ordainagiriaren bidez.
 
Ur araztua
 
Ur-kantitateei dagokionez, Nafarroan 80 milioi metro kubiko hondakin-ur baino gehixeago tratatu ziren iaz, eta, 2019an, 82 milioi metro kubiko baino gehiago; joera antzekoa izan zen aurreko hiru urteetan. Nafarrek batez beste 112 litro ur pertsonako eta eguneko kontsumitzen dituzte. Zentzu horretan, NILSAk garrantzitsutzat jotzen du herritarrak kontzientziatzea ur-gastua optimiza dezaten, aldaketa klimatikoaren ondorioek asko eragiten baitiote baliabide horri; xede horrekin, hezkuntza-programa bat du sozietateak, doakoa, herritar guzti-guztien eskura. Beste alde batetik, herri guztietan sare bereiziak jartzearen beharraz kontzientziatzeko lan egiten du: euri-uretarako eta hondakin-uretarako kanalizazio bereiziak. Gaur egun, bi emariak nahasten dituzten sare unitarioak dira nagusi: ondorioz, ur guztia araztu behar da, hori beharrezkoa ez den arren.
 
Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea
 
Saneamendurako Plan Zuzentzailea ezartzeak —NILSAren ardura izan zen hori, toki-entitateekin elkarlanean beti ere (mankomunitateak, udalak, kontzejuak)— zera ekarri zuen: Nafarroa 91/271/CE Europako Zuzentaraua betetzen zuen autonomia-erkidego bakarra izatea 2006an; zuzentarauak ezartzen zuen 2.000 biztanle baino gehiagoko herri guztiek araztu egin behar zituztela hondakin-urak. 2018an berrikusi zen azkenekoz plana, eta, orduan, arazketa eta saneamendua gehitu ziren 2019-2030 Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean; Plana Nafarroako Gobernuak 2017an sustatu zuen, Parlamentuak 2019an onetsi zuen eta NILSAren ardurapean jarri zen 2020an. Egun, hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren proiektu berri hau klima-aldaketaren aurka borrokatzeko tresnarik handiena da uraren arloari dagokionez, eta 400 milioi euro baino gehiagoko jarduketak aurreikusten ditu hurrengo hamarkadarako. Jarraipen-batzordea joan den otsailean eratu zen, eta mailaz maila ezartzen eta betetzen ari dela zainduko du.