NILSA, Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.

Prentsa oharra

2021

2021ko ABUZTUAREN 20a

Dorraok hondakin-uren araztegia izango du 2022ko lehen hiruhilekoan

Dorraoko kontzejua Ergoienako Udalaren menpe dago, Sakanako Mankomunitatearen eremuan; 109 herritar daude erroldatuta eta gaztandegi txiki bat dago. Horren hondakin-urek etxekoen oso bestelakoak diren osagai espezifikoak dituzte. 2022ko lehen hiruhilekoan araztegia amaituta egongo da. Obrak hurrengo bi hilabeteetan hasiko dira eta seihileko bat iraungo dute. Esleipena joan den astean egin zitzaion Construcciones Valeriano Santesteban enpresari, 399.917,11 euroan (BEZa kanpo). 

Egungo arazketa-sistema Leziza ibaiaren eskuineko ertzean dago, herritik 190 metrora, eta Imhoff tanga bat du. 2 metroko diametroa eta 3,5 metroko sakonera duen poliesterrezko tanga bat da, eta herritik datozen bi hustubideren urak hartzen ditu: bata iparraldetik eta bestea ekialdetik. Bigarrenak herriko isuri gehienak hartzen ditu, eta lehenengoak herriko mendebaldean dauden hainbat etxetako isuriak ere hartzen ditu.

Gaztandegi txikiaren berezitasunak direla eta erabaki da eraikitze-proiektu berri hau egitea, izan ere, gaztandegiaren eta ohiko isuriek muturreraino eraman ohi dute araztegi-sistemaren gaitasuna, oso oinarrizkoa baita. Hala, NILSAk araztegi osatuagoa eta edukiera handiagoko bat diseinatu du. Instalazio berria egunean batez beste 0,47 litro segundoko emaria tratatzeko diseinatuta dago (40m³/eguneko); 3,28 litro segundoko hartuko lituzke gehienez eta hortik aurrera funtzionatzeari utziko lioke. Hala ere, nekez gerta daiteke, aurreikusitako batez besteko emaria halako zazpi baita kantitate hori. Emari handiko egunetan, euri-jasek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 1,13 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da.
 
Proiektuaren arabera, araztegi berria oraingo tanga dagoen partzelan jarriko da, eta hori bigarren mailako dekantazio-tanga izatera pasako da, etorkizuneko instalazioaren elementuetako bat, hain zuzen. Instalazio berria iragazki biologikoetan oinarrituko da; NILSAK iragazki horiek erabili ohi ditu duela hogeita hamar urtetik hona, eraginkorrak eta egonkorrak direlako.

Azkenik, urak 180 m2-ko eta 80 cm-ko sakonerako bi hezegunetan amaituko du ibilbidea; arazketa-prozesuan indargarri gisa erabiltzen diren putzuak dira, eta ura atxikitzeko ere erabil daitezke noizean behingo larrialdi-egoeretan. Haietan, lezka hostoestuak hazten dira. Orain dauden bi hustubideak erabiltzen jarraituko da, eta berdin mantenduko dira, egoera onean daudelako, baina aldaketa txiki batzuk izango dituzte instalazio berriarekin bat egin ahal izateko.

Halaber, urrutiko kontrol-sistema bat ezarriko da, NILSAko bulegoetatik edo interneten bidez kontrolatu ahal izateko, eta, horri esker, gerta litekeen edozein matxura edo alarmaren berri izan daiteke (24 orduko epean, gehienez, konponduko dira). Beste alde batetik, mantentze-lanak egingo dituen bikote bat joango da instalaziora astean bitan buxadurak, lohi-mailak eta egoera orokorra ikuskatzeko, hondakinak eta zaborra kentzeko eta lorezaintza-lanak egiteko.

Instalaziotik kendutako lohiak beste araztegi handiago batean tratatuko dira, araztegi txiki guztietan egiten den bezala. Izan ere, lohi gutxi ekoizten da, eta ez du merezi sistema propiorik izatea ez eraginkortasunaren, ez inbertsioaren ikuspegitik.
Aurreikusitako inbertsioa 413.293,96 €-koa da, eta Nafarroako herritar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten eta NILSAk kudeatzen duen saneamendu-kanonaren bidez finantzatuko da zenbateko osoa.

Gaur egun, Nafarroako hondakin-uren % 98 tratatzen da. NILSAren kalkuluen arabera, 11.000 bat biztanle daude saneamendu-proiektuak noiz eginen zain; halere, 150 biztanletik beherako biziguneetan bizi dira horiek, eta kasik ez dute karga kutsagarririk sortzen. Horietako bat da Dorrao. Proiektu horiek 2021. urtera arteko plan estrategikoaren barnean daude, baina oso motel egiten da aurrera inbertsio handiak behar direlako, planifikazioa zenbait ekitalditan ezartzen delako eta berezitasun aski konplexuak dituztelako (orografikoak, tratamendukoak, eta abar).   

Recreación de la futura instalación de depuración.Recreación de la futura instalación de depuración.

Los números de la imagen corresponden a los elementos siguientes:

  1. Arqueta de entrada del agua
  2. Tanque Imhoff (estanco)
  3. Pozo de bombeo a lecho bacteriano
  4. Filtro de lecho bacteriano
  5. Decantador
  6. Humedal artificial
  7. Arqueta de salida
  8. Cuadro eléctrico