Uxuek araztegia izango du 2021ean - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko irailaren 23a

Uxuek araztegia izango du 2021ean

Uxuek araztegia estreinatuko du 2021ean. Herrian 187 pertsona daude erroldatuta, eta Erdialdeko leku turistikoa da (ostalaritza- eta gozogintza-jarduera altua du); horrez gain, erromeria ugari egiten dira udaberrian, erakargarri kulturala direnak. Ez dugu ahaztu behar, bestetik, udala kanpin edo oporleku bat jartzea pentsatzen ari dela; beraz, etorkizunean biztanleria-dentsitatea handiagoa izan daiteke, eta egungo arazketa-soluzioa, hobi septikoetan oinarritzen dena, ez da aski.    

Haatik, aurreikusi da datorren udaberrian instalazio berri eta oso baten obrak hastea NILSAk, saneamenduaz arduratzen den eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako enpresa publikoak; obrek hamar hilabete iraungo dute.     

NILSAk proposatutako, eta Mairagako Mankomunitateak (Uxue haren parte baita) onetsitako, soluzioak puntu bakar batean bilduko du saneamendu guztia, herriaren hegoaldean. Horretarako, beharrezkoa zen saneamendu-sareak moldatzea ere; horiek berritzeko proiektua irailean amaitu zen, eta NILSAk (48.370,19 euro) eta Mairagako Mankomunitateak (226.310,57 euro) batera finantzatu zuten. Ez dugu ahaztu behar Uxueko saneamendu-sarea hiru arrotan banatuta dagoela eta bakoitzak hobi septiko bat duela. Hala ere, biltzen ez den isuri sakabanaturen bat badago oraindik, eta araztegi berriak horiek ere tratatuko ditu.     

Instalazioaz gain, emari zikina mendebaldetik eta ekialdetik eramango duten bi hustubide ere eraikiko ditu NILSAk. Lehena 193 metro luze izango da, eta bigarrena, 331 metro. Tratamendua ohikoa izango da: bakterio-ohantzea eta amaierako kontrolerako hezegunea (494 metro karratuko azalera eta 80 zentimetroko sakonera izango ditu). Ur garbia Aitzandietako amildegiraino eramango da, ia 350 metroko beste hustubide baten bidez.    

Beste alde batetik, larrialdi-egoeretarako, urrutiko kontrol-sistema bat izango du araztegiak, eta, horri esker, gerta litekeen edozein matxura edo alarmaren berri izan daiteke berehala, SMS edo internet bidez. Edozein matxura edo alarmari 24 orduko epean, gehienez, erantzungo zaio.    

Instalazioak batez beste 1,11 litro segundo inguruko emaria tratatu ahal izango du (94 m³ egunean), eta, 7,74 litro segundoko jaso ahal izango ditu gehienez. Emari handiko egunetan, uholde-urek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 2,65 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da; beraz, etorkizunean emari handiagoak jasotzeko tartea badu instalazioak, birmoldaketa edo inbertsio berriak egin beharrik gabe horretarako.   
 
Obren aurreikusitako kostua 923.750 eurokoa da, eta NILSAk kudeatzen duen eta Nafarroako zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko da guztia.