NILSAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak drainatze jasangarriko sistema bat jarri dute abian Tuterako campusean - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko azaroak 20a

NILSAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak drainatze jasangarriko sistema bat jarri dute abian Tuterako campusean

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Tuterako egoitzako campusak NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako saneamendu eta arazketarako enpresa publikoak, garatutako hiri-drainatze jasangarriko sistema bat du orain. Aparkalekuan jarri da sistema, eta gainkarga hidraulikoak arintzeko eta udal-sareetako uholdeak kontrolatzeko aukera ematen du. Hori lortzeko, sortzen den lekuan bertan kudeatzen du euri-ura; ura propio egokitutako gainazaletatik lurrera iragazten da, herrietako hoditeriara artifizialki eraman gabe. Halaber, sistemari esker, jariatze-urak udal-estolderian geroago sartzen dira; hala, emari handiak dosifika daitezke, ekaitz handiak edo euri-jasak daudenean, adibidez.
 
Hiru urtez egon dira lanean bi entitateak, eta pasa den otsailean amaitu zuten proiektua; obrek sei hilabete iraun dute. Koronabirusaren pandemiak bisita ofiziala eragotzi zuen obrak amaitzean, baina gaur goizean egin da, eta Alejandro Toquero herriko alkatea, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea eta Fernando Mendoza NILSAko zuzendari gerentea egon dira, besteak beste.
 
Proiektuaren hiru eremuak bisitatu dituzte, eta nabarmendu dute LIFE NADAPTA klima-aldaketara egokitzeko Europako proiektuaren barruan kokatzen dela proiektua eta 15,6 milioi euroko aurrekontua duela azpiegituren, ur-masen, nekazaritza eta abeltzaintzaren, basoen eta osasunaren arloetan ekintzak egiteko. 79.104 euroko kostua izan du (BEZa kanpo); horren % 40 NILSAk kudeatzen duen eta zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren bidez finantzatu da, eta gainerako % 60a, Europar Batasuneko LIFE NADAPTA programaren bidez.
 
Orain arte, campusak kolektore bereiziak zituen hondakin- eta euri-uretarako, baina kolektore bateratu bakar batean batzen ziren. Beraz, euri-ura eta etxeetatik zetorren ur zikina nahastu eta araztegira bideratzen  ziren. Egoera hori ohikoena da Nafarroako herri guztietan; horren ondorioz, euri-ur ugari inolako beharrik gabe arazten dira, eta ez, ordea, lurrean iragazi egoera bikainetan. Soluziorik onena estolderian sare bereiziak eraikitzea da: bata, hondakin-uretarako (araztegira eramateko), eta bestea, euri-uretarako (ez baitira araztu behar). Izan ere, euri-urak lurrean bertan iragaziko balira, hiri-drainatze jasangarriko sistemen bidez, hain zuzen, bigarren hori ez litzateke beharrezkoa izango.
 
Tuterako kasuan, erregimen hidrologikoa berreskuratzea zaila zen, hiri-eremu gehienetan bezala. Dena den, proiektuari esker, 3.983 eta 2.293 metro karratu drainatu ahal izan dira, bi eremutan. Halaber, sistemak urak dakarren kutsadura murriztu (plastikozko poltsak, bilgarriak, zigarro-puntak...) eta sortutako jariatze-ura dosifikatzen du. Horrela, zailagoa da sarea kolapsatzea emari handia dagoenean (euri-jasak daudenean, adibidez).
 
Ezin dugu ahaztu pasa den mendeko 70eko hamarkada arte lursail horiek nekazaritzarako erabiltzen zirela eta jariatze-urak (lursailak xurgatu ezin zuen gehiegizko emaria) ubide batean biltzen zirela; 1945eko argazkietan ikus daitekee ubidea. Proiektuari esker, ura lurrera zuzenean iragaztea lortu da.
 
Gainkarga hidraulikoa Tuteran
 
Herrian arazoak egon ohi dira kolektore bateratuek hartu behar duten emariarekin; izan ere, batzuetan gehiegizkoa da emaria, euri-jasa handiak daudenetan, zehazki, eta kolektoreek ezin dute osorik jaso. NILSAk zenbait ekintza egin ditu udalarekin eta ur-batzordearekin batera azken hamabost urteetan. Garrantzitsuenetako bat 4.000 metro kubikoko jariatze-tanga eraikitzea izan zen; 2,5 milioi euroko inbertsioa izan zuen.
 
NUPeko ekintza egoera hobetzera bideratuta dago, eta, gainera, hiri-drainatze jasangarriaren egokitasuna nabarmendu du, baita haren eragin positiboa ere, kolektore-sare baten arro osoan ezarriz gero.
 
Drainatze horrek, mota horretako azpiegiturak eraiki ez ezik, kudeaketa-praktikak eta kontrol-estrategiak ere jasotzen ditu, azaleko jariatze-urak modu eraginkorrean eta jasangarrian drainatzeko diseinatuak; helburua da euri-urak udal-sareetatik deskargatzea, urak kaleetan barna daraman kutsadura ahalik eta gehiena murriztea eta lurpeko ur-masen kalitate onari eustea.
 
LIFE NADAPTA
 
Proiektuaren % 60 LIFE16 IPC/ES/000001 - LIFE-IP NAdapta-CC europar programak finantzatu du (Towards an integrated, coherent and inclusive implementation of Climate Change Adaptation policy in a region: Navarre. Eskualde batean, Nafarroan, aldaketa klimatikora egokitzeko politikaren ezarpen integratu, koherente eta inklusibo baterantz). Haren barruan, 3.329.813 €-ko aurrekontua du NILSAk, uraren arloan askotariko ekintzak egiteko. Aurrekontu horretan, 1.997.888 € Europar Batasunak eman ditu, eta 1.331.925 € enpresa publikoaren autofinantzaketari esker lortu dira, saneamendu-kanona kudeatzen baitu, uraren ordainagiriari esker ordaintzen den zerga gisa.