Legarda, Muruzabal eta Uterga, Garesko araztegira konektatuta - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko uztailaren 16a

Legarda, Muruzabal eta Uterga, Garesko araztegira konektatuta

Legardak, Muruzabalek eta Utergak kolektore berri bat dute, hondakin-urak Garesko araztegira eramateko. Nafarroako Gobernuak, NILSA sozietate publikoren bidez, milioi bat euro inbertitu ditu instalazioan; Robo ibaiaren saneamenduaren bigarren fasea da.
 
Jesús Mª Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak Legardako ponpatze-estazio berria aurkeztu du gaur goizean, Fernando Mendoza NILSAko gerentearekin, David Campión Iruñerriko Mankomunitateko presidentearekin, Silvestre Belzunegui Legardako alkatearekin eta Izarbeibarko Mankomunitateko zein bigarren faseko beste herrietako ordezkariekin batera.
 
Kolektore berria bost kilometro luze da, eta, hari esker, hiru herrietako hondakin-urak saneatzeko erabiltzen ziren lau hobi septikoak kendu dira. Hala, Garesko araztegian bateratu da tratamendua, eta eraginkortasun-maila handitu eta baliabide tekniko eta ekonomikoak hobekiago probesten dira.
 
Legardak 125 metroko adar bat du, eta ponpatze-estazio bat eraiki behar izan da urak jasotzen diren puntuaren eta kolektore orokorraren arteko 15 metroko desnibela gainditzeko. Estazioak 5kW-ko potentzia duten bi ponpa ditu urak eramateko. Utergan 700 metroko adar bat eta Muruzabalen 120 metroko beste bat eraiki dira.
 
Obrarako aurrekontu likidatuak 1.078.650 euro jo du, BEZa kanpo, eta saneamendu-kanonaren bidez finantzatu da (nafar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dute eta NILSAk kudeatzen du). Iruñerriko Mankomunitateak proiektua idatzi eta obra zuzendu eta exekutatu du.
 
Ezin dugu ahaztu 2002an saneamendu-proiektuaren lehen fasea egin zela, kolektore bat eraiki baitzen, Robo ibaiarekiko paraleloa, Adios, Añorbe, Eneritz, Tirapu eta Ukar herrietako hondakin-urak Garesko araztegiraino eramateko. Bigarren fasea bukatuta, araztegiak Erreniegako hegoaldeko hegaleko herrietako hondakin-ur guztiak bilduko ditu.