Hiriberrik araztegia izango du urte amaieran - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko ekainaren 15a

Hiriberrik araztegia izango du urte amaieran

Hiriberri herriak 115 herritar ditu erroldatuta, eta araztegi berria izango du urte amaieran, obrak maiatzean hasi baitziren; NILSAk esleitu zituen obrak, saneamenduaren arloan lan egiten duen eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako enpresa publikoak, alegia. Egun, Imhoff tanga bat dago herrian, 2003an eraikia, eta oraindik ere funtzionatzen du eta egoera onean dago. Horregatik, instalazio berrirako erabili eta probestuko da. Urte berean hustubide nagusiak ere eraiki ziren; haiei esker, isuri guztiak batuta daude eta ez da ezer ingurumenera zuzenean isurtzen.
 
Herrian iru landetxe eta jatetxe bat baino ez daudenez, ez dago hondakin-ur industrialik, hirikoak baino ez, eta, beraz, karga kutsatzailea oso txikia da. Oraingo tangak Zorrate errekastora isurtzen du, eta urak tratamendu egokia jasotzen du. Baina soluzio berriari esker, uraren tratamendua egonkorragoa izango da, edukiera handiagoa izango du eta etapa gehiago gehituko zaizkio.   
 
Egiaztatu da mantentzeko lan gutxi behar duten eta, gainera, energia elektrikorik gabe funtzionatzen duten sistema sendoak instalatzeko ahalegin handia eskatzen duten araztegiak behar direla Hiriberriren adinako herritar kopurua duten herriguneetan. Hiriberriko topografiak posible egiten du hori, eta, ondorioz, egungo Imhoff tangaren ondoan eraikitzen ari dira araztegia; ura balantzin bidez banatuko da, hau da, ez da elementu elektromekanikorik beharko. NILSAk normalean sistema hori erabiltzen du. Aipatutakoaz gain, lehen eta bigarren mailako dekantazioa eta segurtasunerako eta ura atxikitzeko amaierako hezegune bat ere izango ditu; azken horrek 129 metro karratuko azalera eta 80 cm-ko sakonera izango ditu. Ura hezegunetik pasa ostean, araztutako ura errekastora isuriko da, orain egiten den leku berean.   
 
Instalazio berria egunean batez beste 0,27 litro segundoko emaria tratatzeko diseinatuta dago (23 m³/eguneko); 1,86 litro segundoko hartuko lituzke gehienez eta hortik aurrera funtzionatzeari utziko lioke. Hala ere, nekez gerta daiteke, aurreikusitako batez besteko emaria halako zazpi baita kantitate hori. Euri-jasek edo ekaitzek eragindako emari handiko unetan (goreneko emaria), 0,64 litro segundoko jaso ahalko dela aurreikusi da.   Mantentze-lanei dagokienez, bi profesionalek bisitatutako dute instalazioa hilean bi aldiz, tangak zaintzeko eta sarrerak eta irteerak buxatuta ez daudela egiaztatzeko, baita metatutako lohi- eta flotatzaile-mailak egiaztatzeko ere. Bestetik, isuririk bota ez dela ere ziurtatuko dute. Instalazioak izan litzakeen hondakinak, zaborrak, sastrakak... kenduko dituzte eta garbiketa orokorreko eta lorezaintzako lanak egingo dituzte. Urtero, hezegunea ikuskatuko da, eta bertan egon litezkeen landareak moztu eta kenduko dira, hala behar balitz.  
 
NILSAk instalazioko lohiak kentzeko beharra dagoela erabakitzen duenean, horiek tratatzeko sistema duen beste araztegi batera eramango dira, beste araztegi txikiekin egiten den bezala. Araztegiaren esleipena 2020. urtearen hasieran egin zen, obrek hamar hilabeteko iraupena izango dute eta inbertsioak 223.260 euro jo du (Nafarroako herritar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen eta NILSAk kudeatzen duen saneamendu-kanonaren bidez ordainduko da).  
 
Gaur egun, arazketaren eta 2019-2030 Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen ardura duen enpresa publiko hau 2.000 biztanletik beherako herrietako proiektuetan lan egiten ari da; izan ere, % 100a araztea lortu nahi da Nafarroan (egungo tasa % 98tik gorakoa da). Planean 2024. urterako ezarritako helburua da 100 biztanle baino gehiagoko herrigune guztiek izatea hiru etapako arazketa-sistema oso horiek (dekantazioa, iragazketa eta hezegunea). Egun, eta tarte horri dagokionez, Hiriberrikoez gain, Cabredoko instalazioen obrak egiten eta Meotz eta Uxuekoen proiektuak idazten ere ari dira. Horrez gain, noski, 2.000 biztanletik gorako herriei zerbitzua ematen dieten instalazio zaharragoak konpontzen, zabaltzen eta osorik birmoldatzen jarraitzen du enpresak. Halaber, datozen asteetan, NILSAk Orotz-Beteluko Udalean aurkeztuko du herrirako proiektua, eta Jurramendiko Mankomunitateari entregatuko dio Torres del Ríoko araztegia, eraiki berria.