Cintruénigoko araztegia handitu eta edukiera hirukoiztuko da - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko irailaren 14a

Cintruénigoko araztegia handitu eta edukiera hirukoiztuko da

Obrak irailaren 1ean hasi zituzten eta lau hilabetean amaitzea aurreikusi dute
 
NILSAk, saneamenduaz arduratzen den eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako enpresa publikoak, irailaren lehen egunetan hasi zituen Cintruénigoko araztegia handitzeko obrak; horri esker, instalazioaren edukiera hirukoiztuko da, izan ere, orain 80 litro segundoko hartzen ditu eta 250 litro segundoko hartuko ditu.
 
Instalazioa 1996an inauguratu zen. Alhama ibaira isurtzen du tratatutako emaria; ingurumenaren ikuspuntutik Nafarroako arrorik sentikorrenetako bat da, eta, horregatik, tratamenduak zorroztu behar dira eta segurtasun-neurriak hartu, izan daitezkeen larrialdietan ahalik eta eragin txikiena izan dadin ibilguan.
 
Egungo proiektuak 4.000 metro karratuko hezegune artifizial bat eraikiko dela jasotzen du, eta landare nagusia lezka (phragmites australis) izango da hartan; ohiz kanpoko ur-emariak hartzeko balioko du hezeguneak, ibaira araztu gabe hel ez daitezen. Halaber, hondakin-urak tratatzeko egungo lerroaren errefortzu-elementu gisa erabiliko da. Horretarako, gainezkabide bat jarriko da araztegiaren sarrerako hustubidean; hezegunera zuzenean eramango du instalazioak momentu puntualetan hartu ezin duen emaria, ekaitzak, uholdeak edo, orokorrean, euri-jasak daudenean, adibidez.
 
Gainezkabidea hormigoi armatuzkoa izango da, harriak eta legarrak biltzeko sistema izango du barruan eta ibaiaren ondoan egongo da, herriko urak jasotzen dituzten bi adar nagusiak elkartzen diren lekuaren ondoren. Orain araztegiaren sarreran dagoen gainezkabidea kenduko da.
 
Bestetik, hustubide bat eraikiko da araztegitik hezegune-eremu berrira, eta hiru zatitan banatuko da: lehen sifoi bat eta hobi bikoitz bat, Alhama ibaia gurutzatzeko; ibaiarekiko paraleloa den hustubidea bera; bigarren sifoi bat hezegunearen ondoan, hodi bikoitzarekin hau ere.
 
2021eko urtarrilaz geroztik, obrak amaitzean, araztegiak batez beste 22 litro segundo inguruko emaria tratatu ahalko du (1.900 m³ egunean) eta, esan bezala, 250 litro segundoko jaso ahalko ditu gehienez (21.600 m³ egunean). Emari handiko egunetan, uholde-urek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 47 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da; beraz, etorkizunean emari handiagoak jasotzeko tartea badu instalazioak, birmoldaketa edo inbertsio berriak egin beharrik gabe horretarako. Obren aurreikusitako kostua 505.137,53 eurokoa da, eta NILSAk kudeatzen duen eta Nafarroako zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko da guztia.
 
Instalazioaren mantentze-lanei dagokienez, astean behin zerbitzuko bi langile joatea aurreikusi da; hezegunearen sarrerak eta irteerak, bahe-eremua, isuriaren kalitatea eta emari-neurgailua berrikusi, eta hondakinak, sastrakak eta abar kenduko dituzte.
 
Nafarroan 160 araztegi baino gehiago daude, 31 urtean zehar eraikitakoak, eta, beraz, zaharrenak, Cintruenigokoa kasu, partzialki edo guztiz berritu behar dira. Ildo horretatik, Olaztiko instalazioa guztiz birmoldatzeko obrak hasteko asmoa du NILSAk urrian (2,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dute). Fiteroko instalazioaren birmoldaketa lizitatzeko asmoa ere badu; obrak azaro eta abendu artean hastea aurreikusi du eta 2,3 milioi euroko aurrekontua dute. Aurtengo azken hiruhilekoan, Lizarrako araztegiko lohi-lerroaren berrikuntza ere lizitatuko da (ia milioi bat euroko aurrekontua du).
 
Bestetik, NILSAk araztegiak eraikitzeko planarekin aurrera jarraitzen du: 2021. urtea amaitu baino lehen Meotz, Uxue, Arbeitza-Zubielki, Arano, Zuaztoi, Azpilkueta, Zorokiain eta Aroztegin araztegi berriak eraikiko direla jasotzen du. Proiektuen lizitazioak datozen bi hilabeteetan egingo dira.