Cabredok hondakin-uren araztegia izango du urte amaieran - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko apirilaren 30a

Cabredok hondakin-uren araztegia izango du urte amaieran

Cabredok, 107 biztanleko herriak, araztegi berria izango du 2020. urtearen amaieran, oraingo hobi septikoa ordezkatuko duena. Hobi septiko horrek bi hustubidetatik jasotzen du ura, bata ekialdekoa eta bestea mendebaldekoa; egoera onean daude, duela gutxi berri baitziren, eta probestu egingo dira, baina hobiaren egoera ez da egokia, zaharra baita.     

Instalazio berriaren obrak Construcciones Boreste enpresari esleitu zizkion martxoan NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako enpresa publikoak, eta 264.500 euro joko dute. Obrak ekainean hastea aurreikusi da, eta sei hilabete inguru iraungo dute. Proiektuak sistema osoagoa jasotzen du eta hondakin-uraren tratamendu eraginkorragoa bermatuko du.   

Araztegiak, batez beste, 0,40 litroko ur-emaria tratatuko du segundoko (34 m³ egunean), eta 2,77 litro har litzake gehienez segundoko, guztiz ezohiko egoeretan; izan ere, goreneko emaria (ekaitz bortitzak, erantsiak edo euri-jasak daudenean kasu) 0,95 litro segundokoa izango litzatekeela kalkulatu da. 

Proiektuak hauek hartzen ditu baitan: sarrera-hustubideen amaierako tartea aldatzea, isurketa-hustubidearen tarte berri bat egitea (araztutako ura Ega ibairaino eramaten du), hiru putzu eraikitzea eta araztegia bera. Arazketarako soluzioak lehen eta bigarren mailako dekantazioa dituen iragazki bakterianoa duen sistema bat izango du, eta baita amaierako hezegune bat ere, uraren garbiketaren hirugarren etaparen berme gisa. Hezeguneak 115,50 metro karratuko azalera eta 80 zentimetroko sakonera izango du.     

Instalazioaren urbanizazioak, bi gunetan banatuta, zolaketa, itxitura, landareztatzea eta edateko uraren sare baten instalazioa hartuko ditu; ura herritik ekarriko da, ekialdeko hustubidearekiko paraleloa doan hodi baten bidez. Instalazioaren barruan ureztatze-ahoak jarriko dira lorezaintza- eta garbiketa-lanetarako, eta, garbiketa-mahai batean, txorrota bat eta altzairu herdoilgaitzezko harraska bat, langileak garbitzeko.    

Instalazioan ez da elementu elektromagnetikorik egongo, beraz, ez du kontsumo energetikorik izango eta matxurak egoteko aukera asko murriztuko da. NILSAko langileen esku geratuko da instalazioaren egoera ona ikuskatzea, eta hilabetean bi aldiz bisitatuko dute buxadurarik ez dagoela, pilatutako lohi- eta flotatzaile-mailak egokiak direla eta funtzionamendu normalarenak ez diren isuririk ez dagoela ziurtatzeko. Halaber, uraren laginak hartuko dira sei hilabetean behin, kalitatea eta isurketen inguruko baimena betetzen dela ziurtatzeko.    

Cabredoko obra NILSAri agindu zaio; izan ere, Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa eta toki-entitateak (mankomunitateak, udalak eta kontzejuak) etengabe aritu dira lanean Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailearen hogeita hamar urteko ibilbidean. Plan hori betetzeko sortu zen enpresa, hain zuzen. Horri esker, Nafarroa osoak du arazketa-sistema bera, tasa bera (zergapeko guztiek uraren ordainagiriaren bitartez ordaintzen duten saneamendu-kanona) eta kudeaketa bakar, homogeneo eta ez-diskriminatzailea (ez arrazoi geografikoengatik, ez biztanle-dentsitatearengatik, ez gaitasun tekniko edo ekonomikoengatik, edo ez beste arrazoiren batengatik ere). 
   
Gaur egun, NILSA lanean ari da oraindik hobi septikoak baino ez dituzten 11.000 herritarrek arazketa-proiektu osoagoak izan ditzaten, hau da, bi dekantazio-faserekin eta iragazki biologikoarekin. Proiektu horiek entitatearen 2021era arteko plan estrategikoaren barruan daude eta Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean jasotako helburua betetzen lagunduko dute, hau da, 100 herritar baino gehiagoko herri guztiek arazketa osoa izango dute 2024an. Hala ere, motel doa aurrera, inbertsio handiak behar direlako, planifikazioa hainbat ekitalditan egin behar delako eta espezifikotasun konplexuak (orografikoak, tratamendukoak eta abar) dituelako.