Aranok araztegia izango du 2021ean - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko maiatzaren 20a

Aranok araztegia izango du 2021ean

Aranoko 116 herritarrek araztegia izango dute 2021ean eta Sagarbakoitz inguruan kokatuko da. Proiektuaren arabera hustubide berri bat jarriko da, 420 metrokoa, Beheko Herriko herrigunetik instalaziora, eta, beste hustubide bat, 120 metrokoa, araztegitik Lorentxoren Bordako bidera; aurreko fase batean berritutako hustubidearekin elkartuko da puntu horretan.
 
Aranoko herriguneak bi nukleo bereizi ditu eta malda handiko hegal batean daude: Beheko Herri, azpikoa eta txikiena, eta Goiko Herri, goikoa eta handiena. Orokorrean, orografia konplexuko eremua da; malda handiko hegalek eta bailara mehar (Urumea ibaia, Latxeko erreka) eta oso estuek proiektu osoa baldintzatu dute.
 
Oro har, eremura iristea zaila izan da, bai hustubidea jartzeko bai araztegia egiteko, errepide eta bideak malda handikoak (% 15) eta estuak zirelako eta bideetan zabalgune gutxi eta materialak metatzeko puntu gutxi zeudelako.
 
Beste alde batetik mantentzeko lan gutxi behar duten eta, gainera, energia elektrikorik gabe funtzionatzen duten sistema sendoak instalatzeko ahalegin handia eskatzen dute tamaina honetako herrietako araztegiek. Horregatik, txikia izan arren, proiektu konplexua izan da.
 
Arazketarako hautatutako soluzioak lehen mailako Imhoff (iragazki) bat eta balantzin-elementu baten bidez kargatutako iragazki bakteriano bat (bakterio-ohantze ere deitua) ditu, eta, tratamenduko azkeneko elementu gisa, bigarren mailako Imhoff bat ere. Iragazki bakteriano mota horrek energia elektrikorik gabe ura ohantzera iristea ahalbidetzen duen malda behar du, eta, baita ere bigarren mailako Imhofferako isurbide bat. Eremu horretako orografiak baldintza horiek guztiak betetzen dituenez, sistema hori ezarriko da eta 675 metro karratu inguruko azalera hartuko du.
 
Proiektuaren obrak 2021ean hasi eta bost hilabete iraungo dute. Aurreikusitakoaren arabera, 0,28 litro segundoko emaria tratatuko du (24 metro kubiko egunean), eta 1,89 litro segundoko, gehienez ere, tratatu ahalko ditu (168 metro kubiko egunean). Goreneko emaria, ekaitzak edo euri-jasak daudenean kasu, 0,67 litro segundokoa izatea espero da (58 metro kubiko egunean), beraz, ia ezinezkoa da gainezkatzeak gertatzea araztegia buxatu eta bete delako.
 
Aurrekontuak 470.611,86 euro jo du, eta NILSAk kudeatzen duen eta nafar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko da osorik.