Urdazubik araztegia estreinatu du - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2019

2019ko abenduaren 2an

Urdazubik araztegia estreinatu du

Urdazubik, 2019ko urriaz geroztik, araztegi-instalazio propioa dauka, Hiribere eta Leorlas auzoei ere zerbitzua ematen diena. Instalazio hau martxan jarri arte, Urdazubiko erdiguneak, non 81 herritar dauden erroldatuta, hobi septiko bat zeukan. Halaber, hobi horrek euri-urak ere hartzen zituen eta hauek bere edukiera lohiz betetzen zuten. Beste alde batetik, Leorlas auzoak, 96 herritar dituenak, hondatze-egoeran zegoen hobi septikoa zeukan; beraz, beste aukera bat bilatzea beharrezkoa izan da, eta eraginkorrena instalazio berri bat eraikitzea izan da.

Araztegi berria Komentuko Borda izeneko lekuan kokatuta dago. Puntu horretaraino Hiribereko eta herri-erdiguneko isuriak ponpatzen dira. Leorlas sifoi baten bidez konektatzen da. Behin ura arazten denean, isuria Ugarana ibaira botatzen da. Eguneko batez besteko emaria 0,98 litro segundoko izatea aurreikusten da, eta horiek egunean 85 metro kubiko izango dira. Hala ere, euri asko egiten duenean edo uholde-urak etortzen direnean, instalazioak momentu batean 2,35 litro segundoko emaria har dezake. Gehienez ere 6,86 litro segundoko har ditzake; kantitate hori ez da oso ohikoa, baina, hala ere, muturreko fenomeno klimatiko aldakorrak daudenerako ezarri da.

Inbertsio totala 664.733 eurokoa izan da, eta guztia saneamendu-kanonaren bidez finantzatu da. Hori NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitutako enpresa publikoak, kudeatzen du eta herritar guztiek ordaintzen dute ur-ordainagiriaren bidez.

Aurrekariak
Proiektu bateratu baten beharra duela zortzi urte sortu zen. 2011ko urrian Hiribere auzoaren saneamendu-lanak hasi ziren eta urte hartako abenduan amaitu ziren. Lanak auzoaren saneamendu-sarea eraikitzean zeutzan. Isuri horiek ponpaketa-putzu batera eramaten ziren. Orduan, ponpaketa horretara Urdazubiko erdiguneko eta Leorlas auzoko isuriak ere eramatea konponbidea izan zitekeela planteatu zen. Hala ere, eraginkortasun tekniko handiago bat bilatu nahian, NILSAri egokia iruditu zitzaion beste aukera batzuk aztertzea, eta, 2015ean, isurtze-puntu horietarako guztietarako araztegi oso eta bakar bat eraikitzea erabaki zen.

Mantentze-lanak
Inaugurazioaren ostean, NILSA arduratzen da instalazioen funtzionamendu egokia kudeatzeaz; beraz, astean bitan mantentze-lanak egingo dituen bikote bat etortzea aurreikusten da. Horiek egon daitezkeen buxadurak, pilatutako lokatz- eta flotatzaile-maila ikuskatuko dituzte, eta baita isuri-toxiko edo instalazioaren funtzionamendu normalarenak ez diren beste motatako hondakinik ez dagoela ere. Gainera, instalaziora hel daitekeen zaborra, materia organikoa eta abar kenduko dute.
Irteten den uraren kalitatearen laginak, ibaira itzultzen den urarenak, hilabetero hartzen dira. Beste alde batetik, hobietan pilatzen den lokatz-maila urtean behin gutxienez aztertuko da, eta dagoen bolumenaren arabera eskatuko da hori garbitzea. Kendutako lokatza Arazuriko araztegira eramango da, han tratatu dezaketelako. Biztanleria gutxi duten guneei zerbitzua ematen dieten instalazio guztiek lokatzak beste handiago batzuetara eramaten dituzte, eremu geografikoaren arabera.
 
Hezkuntza-programa
Hemendik aurrera, araztegia NILSAren hezkuntza-programan sartuko da, zeinak Nafarroako instalazio guztietan bisita gidatuak eskaintzen dituen, doan eta hiru hizkuntzatan: gaztelania, euskara eta ingelesa. 2018an, 7.717 pertsonak ekintza horietan parte hartu zuten, baita uraren erabilerari buruzko kontzientziazio-programetan ere, hala nola ikasgeletan tailerrak, haur-jolasak, zahar-egoitzetan hitzaldiak eta ibai-ertzean egindako azterketa-jarduerak.

Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea
Azkenik, aipatu beharra dago Nafarroako Gobernuak arazketari ez ezik, horniketari ere emandako bultzada 2019-2030 Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen bidez, pasa den maiatzaren 8an onetsi zena. Historian lehenengo aldia da Nafarroan urarentzako plan integral bat dagoela, lehen bi desberdin baitzeuden: bata horniketarako eta bestea saneamendurako. Plan zuzentzaile horrekin, Nafarroako Gobernuak ikuspegi integratzaileago, eraginkorrago eta zehatzago baten alde egiten du, zeina, gainera, Europako araudiarekin ados egon eta klima-aldaketaren kontrako agertoki global batekin bat datorren. Baliabide hidrikoak klima-hondatzearen puntu ahulenetako bat dira eta garrantzitsua da prebentzio- eta egokitzapen-neurriak izatea.