NILSAk Olaztiko araztegia berritu eta handituko du; 1991n eraiki zen - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2019

2019ko Irailaren 02A

NILSAk Olaztiko araztegia berritu eta handituko du; 1991n eraiki zen

Olazti araztegia

Olaztik 1991n eraikitako araztegi bat du, eta berritu eta handitu egingo du orain, haren gaitasuna sortutako premia berrietara egokitu ahal izateko; izan ere, haren ahalmenak gainditzeko gertu dago instalazioa. Bi berritze izan ditu funtzionamenduan egondako ia 30 urteetan zehar. Bata, 2005ean, erreaktore bat eta lohiak biltzeko sistema bat jartzeko. Eta bestea, hamar urte geroago, erreaktore biologiko berri bat jartzeko, ura arazteko gaitasuna handitze aldera. NILSAk egin du proiektua, eta instalazioaren berritze integrala aurreikusten du, hau da, instalazio berri bat egingo da, egungoaren ondoan. Nafarroako Gobernuaren enpresa publiko bat da NILSA, Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikita.

Urtebete iraungo dute lanek, eta, bitartean, instalazio zaharrak jarraituko du zerbitzua ematen, bai herriko 1.500 biztanleei, bai hainbat industriaren isurketei. Azpiegitura berria funtzionatzen hasi ondoren, zaharra eraitsi eta aintzira bat jarriko da haren lekuan. Hondakin-uraren tratamenduaren amaierako elementu bat izango da aintzira; izan ere, han egongo da araztutako ura denbora batez Arakil ibaira itzuli aurretik. 
 
Tratatu ahalko den ur zikinen batez besteko emaria 15,63 litro segundoko izango da, hau da, 1.350 metro kubiko eguneko. Gehieneko emaria, bestetik, 46,90 litro segundoko izango da. Mantentze-lanei dagokienez, astean bitan joango dira langileak instalazioa aztertzera, eta gutxienez bi ordu iraungo du bisita bakoitzak. Sarrerako ponpaketa aztertuko da bisitan zehar, baita ur- eta lohi-marra ere, buxadurak ez daudela egiaztatze aldera. Lorezaintza- eta garbiketa-lanak ere egingo dira, eta, hilean behin, ekipo elektromekanikoei egingo zaizkie mantentze-lanak. Halaber, hilean behin, hondakin-uren laginak hartuko dira. Helburua da egiaztatzea uraren kalitate-parametroak egokiak direla eta isurketen inguruko arau eta baimen guztiak betetzen direla.

Proiektuaren aurreikusitako kostua 2.058.728,64 euro da (BEZ gabe), eta NILSAk kudeatzen duen eta Nafarroako zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko da.