Lurralde Kohesiorako kontseilariak, Bernardo Cirizak, ikasturtea uraren erabilera egokiaz kontzientziatuz ireki du - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2019

2019ko urriaren 28a

Lurralde Kohesiorako kontseilariak, Bernardo Cirizak, ikasturtea uraren erabilera egokiaz kontzientziatuz ireki du

Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza, Griseras ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleekin egin den uraren erabilera egokiaren inguruko jarduera batean egon da gaur goizean, Tuteran. Ekitaldia NILSAk Nafarroako herritar guztien eskura jartzen duen hezkuntza-eskaintzaren irekiera instituzionala izan da eta haurrek uraren ziklo integralak nola funtzionatzen duen eta baliabide urria zentzuz erabiltzea zer garrantzitsua den ikasi dute; izan ere, urari eragingo dio bereziki aldaketa klimatikoak.

NILSAk, Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikita dagoen Nafarroako Gobernuko enpresa publikoak eta Nafarroan saneamenduaren arduraduna denak, hezkuntza- eta kontzientziazio-programa oso bat eskaintzen du interesatua dagoen pertsona ororentzat, 1999. urteaz geroztik. Eskaintzak tailerrak ikasgelan, ibai eta araztegietara bisitak, jarduerak ludoteketan, ekintza egokituak behar bereziren bat duten taldeekin, hitzaldiak zentro geriatrikoetan, udako programa espezifikoak eta beste jarduera batzuk hartzen ditu baitan.
Gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez egiten dira, interesatuek eskatzen dutenaren arabera, erabat doan dira eta Nafarroako geografia osoa hartzen dute: edozein herrik har dezake parte tokian-tokian adin guztietako pertsonen eskura jartzen diren ekintzetan. Txikienengandik zaharrenengana, denek har dezakete parte hondakin-uren arazketa era erraz eta entretenigarrian azaltzen duen programa askotariko eta dinamikoan. www.nilsa.com webguneko hezkuntza atalean izena eman edo informazioa lortzea besterik ez da behar.

Kontzientziazioa gora doa
2018an, 449 taldek parte hartu zuten programan, hots, 7.177 pertsonak guztira. Talde bakoitza ezin da 25 pertsona baino gehiagokoa izan, baina hiru pertsonatik gorako taldeekin ere egiten dira jarduerak, eskariaren arabera. 2017an, 6.903 pertsonak parte hartu zuten, 361 taldetan; parte hartzeak joranzko joerari eutsi dio duela hogei urte sortu zenetik. Eskola-tailerrak oraindik ere gehien eskatzen diren jarduerak dira: 3.431 parte-hartzaile 2018an, aurreko urtean baino gehiago (2.878).
 Ikasle ez direnei dagokienez, ordutegi murritzagoa baitute, 55 saio egin ziren, hainbat taldetan: talde mistoak (familiak, helduak eta haurrak); dibertsitate funtzionala zutenek osatutako taldeak; adinekoek osatutakoak. Azken kasu horretan, saio gehiago (15) egin dira Uraren memoriak tailerraren barruan, 327 pertsonak parte hartu dutela. Tailerrik berrienetakoa da, geriatrikoetan, zahar-etxeetan eta 70 urtetik gorako pertsonak dituen eskatzen duen edozein elkartetan egiten delako. Saioan, parte-hartzaileek amankomunean jartzen dituzte haurtzaroan eta nerabezaroan urarekin zituzten esperientziak, eta batez ere landa-eremukoa den ikuspegia marrazten dute, gaur egungoarekin zerikusi gutxi daukana. Esteka honen bitartez, pasa den irailean Martzillan egindako saio bat ikus daiteke.
 
Jatorriari erreparatuta, 102 entitatetatik etorri dira: ikastetxeak, auzo-elkarteak, okupazio-taldeak; eta Nafarroako 72 herritakoak ziren. Batez ere udaberrian (%43) eta neguan (%28) bisitatu zituzten instalazioak. Hizkuntzei dagokionez, programaren % 71 gaztelaniaz egin zen eta % 29 euskaraz. Aipagarria da parte-hartzaileen %12k, gutxi gorabehera, jarduera bat baino gehiago egin duela eta asebetetze-maila bikaina izan dela.
 
Informazio gehiagorako, NILSAren webgunean eskuragarri dagoen urteko memoria kontsulta daiteke.