Nola arindu aldaketa klimatikoaren ondorioak araztegietan alerta-sistemen bidez jorratutako dute NILSAko jardunaldiek - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018ko abenduaren 12an

Nola arindu aldaketa klimatikoaren ondorioak araztegietan alerta-sistemen bidez jorratutako dute NILSAko jardunaldiek

NILSAk, hondakin-uren saneamenduaz arduratzen den Nafarroako Gobernuko enpresa publikoak, bi jardunaldi antolatu ditu, Iruñean, alerta goiztiarreko sistemei eta araztegietako kontrolari buruzkoak. Helburua da inpaktuak prebenitzea, hala nola kontrolik gabeko isurketak, uholde-urak eta bestelako aparteko gertaerak. Aldaketa klimatikora egokitzeko LIFE NADAPTA programan parte hartzen du NILSAk. Europar Batasunak kofinantzatutako programa horren aurreikuspenen arabera, Europa hegoaldean maizago gertatuko dira uholdeak eta lehorteak, eta emari zirkulatzaileak, urriago. Beraz, agertoki horretan, ur-masak sentikorragoak izango dira kutsadurarekiko eta isurketekiko. Eta araztegiek sistema aurreratuagoak izan eta teknologia berriak ezarri beharko dituzte egoera berri horri aurre egiteko.

Jardunaldiak gaur eta bihar egingo dira, Baluarten, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Uraren zuzendari nagusi Xabier Lasa jaunak inauguratu ditu. Ondokoetako adituak arituko dira haietan: Bilbao Bizkaiko Ur Partzuergoa, Sevillako Urak Hornitzeko eta Arazteko Enpresa Metropolitanoa, Gironako Unibertsitatea, Asturiasko Partzuergoa,  Gipuzkoako Azterketa eta Ikerketa Teknikoen Zentroa, Iruñerriko Mankomunitatea eta NILSA. Eta gai hauek jorratuko dira, besteak beste: Bizkaia eta Sevillako kasu arrakastatsuak industria-karga handiko araztegien prebentzio-kontrolari dagokionez; ezagutzan oinarritutako sistemak saneamendu-sistemen diseinu eta eragiketara aplikatzea; kontrol- estrategiak jatorrian; erabakiak hartzen laguntzeko sistemak eta alerta goiztiarreko sistemak; big data erabiltzea. Ostegun arratsaldean, Tuterako araztegia bisitatzeko aukera eskainiko zaie parte-hartzaileei, alerta goiztiarreko sistema bat ezartzen hasi baita NILSA han.

Enpresa publikoa, garatu ohi duen Isurketak Kontrolatzeko Planaren osagarri, arauz kanpoko isurketa industrialak denbora errealean detektatzeko sistema bat ezartzen ari da, eragin negatiboa izan baitezakete araztegien funtzionamenduan. Horretarako, Europar Batasunaren kofinantzazioa jasoko du, LIFE NADAPTA proiektuaren bidez. Behin sistema hori ezarrita, izan litezkeen isurketa anomalo horiek kudeatzeko erabakietan laguntzeko tresna bat izango dugu, ibilgu hartzaileek jasan ohi dituzten inpaktuak prebenitze aldera.

NUP-NILSA proiektu bateratua

Alerta goiztiarreko sistemez gain, NILSAk badu beste ikerketa-lerro bat: hiri-drainatze jasangarria. LIFE NADAPTA proiektuaren barruan dago, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin garatzen ari da. Izan ere, jardunaldi batzuk egin ziren gai horri buruz, azaroaren 21ean eta 22an, oso arrakastatsuak.  Kasu horretan, drainatze-eremuak eraikitzen ari dira NUPeko Tuterako campuseko aparkalekuan, baita egun iragazgaitzak diren eremuak iragazkor bilakatzen ere, euri-urak eroritako lurzoruan bertan zuzenean iragazkortu daitezen bideratu beharrik gabe. Horretarako, hormigoizko edo asfaltozko zoladurak kendu, eta aukeratutako material pikordunarekin eta landarediarekin konbinatzen da lurzoru naturala. Eredu naturalari imitatzen zaio horrela, hau da, erortzen den tokian iragazten da ura lurpera, beste toki batera eraman beharrik gabe. Helburua da euri-jasa edo ekaitz handiak gertatzen direnean urak laminatzea, hustubideak kolapsatu ez daitezen eta araztegiek tratatu ez ditzaten hondakin-urak ez direnak edo zikinak ez daudenak. Energia aurrezten da horrela.

LIFE NADAPTA proiektua

Ikerketa eta Garapenaren arloan, NILSAk hainbat erronka hartu ditu bere gain azken urteetan, hala nola aurrerapen teknologikoetatik sortutakoak –azaleratzen ari diren kutsatzaileetan jarri dute jomuga–, etengabe hazten ari den mugikortasun globaletik sortutakoak –arrisku sanitario berriak sartzen ari dira– eta ekonomia zirkularreranzko aldaketatik sortutakoak –materia organikoa mantenugaiak ingurune naturalera itzultzeko aprobetxatzeko premian jartzen du arreta–. Esparru horren barruan, hiru ikerketa-ildo garatzen ditu, eta haietako bat drainatze jasangarriko sistemak dira, hots, jardunaldien gaietako bat.

Nafarroa aldaketa klimatikora egokitzeko apustuaren barruan –onespen handia jasotzen ari da Europako Batasunaren barruan– kokatu behar dira lan horiek, LIFE NADAPTA programaren bidez. Aldaketa klimatikora egokitzeko lehen proiektu europarra da. 15,6 milioi euroko aurrekontuarekin, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa eta haren estrategian politikak zein eragileak integratzeko gaitasuna baloratu ditu EBk. Proiektuak (“Erregio batean, Nafarroan, aldaketa klimatikora egokitzeko politikaren ezarpen integratu, koherente eta inklusibo baterantz”) aldaketa klimatikoaren ondorioetara egokitzea du helburu, sei arlo estrategiko desberdinetan (ura, basoak, nekazaritza, osasuna, azpiegiturak, eta planifikazioa eta monitorizazioa) garatuko diren 53 neurritan. LIFEk finantzatu eta autonomia-erkidego batean abian jarri duen lehen proiektua da. Egokitze-estrategia bat ezarri nahi du lurralde batean, eta hango emaitzak erakusgarriak izango dira beste erregio batzuentzat.

NILSAri dagozkion lanek (alertako eta kontroleko sistema aurreratuez gain) bi ildo hauek dituzte ardatz: hondakin organikoen tratamendua eta balorizazio agronomikoa zein hondakin-uretatik fosforoa berreskuratzea prezipitazio bidez. Lehengo aukeran, lohi-konposterako eta eguzki-lehorterako instalazio pilotuak operatzen dira, zeinetan araztegiko lohiak eta hiri-hondakin solidoen frakzio biodegradarria tratatzen baitira helburu hauekin: aztertzea zein den tratamendurik onena haientzat, ebaluatzea lortutako ongarriak erabiltzearen abantaila eta desabantailak, egokitzea nekazaritza arloko jokabide egokiak, eta koordinatzea materia organikoa kudeatzeko sektore publikotik datorren estrategia nekazaritza-sektorearen premiekin. Hondakin-uretatik fosforoa berreskuratzeari dagokionez, estruvita-prezipitaziorako planta pilotu batean lan egiten ari gara, fosforoa ateratzeko Tuterako araztegian tratatzen diren lohietatik.

Aldaketa klimatikoari buruzko azterketa-ereduek prezipitazio-erregimena aldatuko dela iragartzen dute, uholdeak eta lehorteak gertatzeko probabilitatea handituko baita, eta, horregatik, gizateriak aurrean dituen erronka global handienetako bat da. Ildo horretatik, Nafarroak jokabide egokien aitzindari izan nahi du, eta mundu-mailako adibide eta erreferente bilakatu.

DOKUMENTAZIOA (DRIVE NILSA)