Iruñerriko hirigintza-garapenak planaren azterketetan aztertuko dira - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018ko martxoaren 13a

Iruñerriko hirigintza-garapenak planaren azterketetan aztertuko dira

Etorkizuneko ur-kontsumoak Iruñerrirako onartu eta aurreikusitako bizitegitarako nahiz industriarako hirigintza-garapenek baldintzatuko dituzte, % 30 eta % 40 artean handitu baitezakete gaur egungo kontsumoa. Hala azaldu zuen atzo mankomunitatearen egoitzan Iñaki Urrizalkik, Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Sailari atxikitako NILSA enpresa publikoko kudeatzaileak. Zentzu horretan honako hau adierazi zuen: “antza denez, ez da erraza izango garapen horiek guztiak egitea eta are gutxiago aldi berean egitea, baina planaren betebeharra da egoera hipotetiko hori planteatzea, eta halaxe egingo da”. 
 
Bileran dozena bat lagunek hartu zuten parte. Izarbeibarko mankomunitateko ordezkaria ere hantxe izan zen eta adierazi zuen bere eremuan azterketak egin zirela biztanleen eta industria-jardueren kopurua handitzeko eta, ondorioz, ur-eskaria handitzeko aurreikuspenarekin.  “Guk herri guztietako hirigintza-planak aztertu ditugu, kontrolpean izateko eta ezustekorik ez izateko. Egia da higiezinen eztandan ere gero herenean geratu ziren garapenak aurreikusi zirela eta badirudi hori dela joera, beti ere beheranzkoa, baina ezarritako gehienekoa aurreikusiz egin behar dira zenbakiak, hari-muturrik utzi gabe”, adierazi zuen Julio Laita, mankomunitateko lehendakariordeak.
 
Gero, Urrizalkik azaldu zuen gaur egun dauden baliabide guztiak, benetako kontsumo-eskaerak eta etorkizuneko kontsumo-aurreikuspenak, plan zuzentzailean ez ezik, Nafarroak 2017ko amaieran esleitu zuen LIFE NADAPTA klima-aldaketara egokitzeko proiektuan ere aztertuko direla. Aurrekontuak 15,565,090 euro jo du; haietako 9.339.054 euro (% 60) Europar Batasunak jarriko ditu, eta gainerako 6.226.036 euroak (% 40), Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Saila buru duen proiektu horretan parte hartzen dute Osasun Sailak (Nafarroako Osasun Publikoaren Institutua), Gizarte Eskubideen Sailak eta Garapen Ekonomikorako Sailak, GAN-NIK, INTIA, NASUVINSA-Lursarea eta NILSA enpresa publikoek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere. 
 
Proiektua zortzi urtera planteatu da eta ur-baliabideen eboluzioa xehetasunez aztertuko duten zatiak ditu, eta baita haien portaera, joerak, eskaerarekiko erlazioa, aurreikuspen estatistikoak eta uraren ziklo integralaren jakineko aurreikuspenak eta zonakakoak egiteko parametro fidagarriak ezartzea lortuko duten beste kontu batzuk ere.
 
Atzoko bileran ez zuen garrantzi berezirik izan erregistratu gabeko uraren gaiak, Nafarroako gainerako zonetan (erregistratu gabeko uraren % 60 eta % 70 arteko batez bestekoa) gai nagusia izan zenak, eskualdeak sare oso kontzentratua eta duela hainbat urtetatik jarraipen zorrotza egiten zaiona duelako, ur-bolumenaren % 80 baino gehiago behar bezala ikuskatuta izateko aukera ematen diona. 
 
Gobernantza-kontuei dagokienez, ordezkariak ados azaldu ziren Nafarroa osorako koordinazio-erakunde publiko bat eta kostu guztiak estaliko dituen tarifikazio-sistema arautu bat sortzeko orduan, hain zuzen ere, Europar Batasunak idatzitako eta estatu kide guztiek nahitaez bete beharreko Uraren Esparru Zuzentarauak xedatzen duen bezala.  

Jurramendi  
 
Bilera horren ondoren eta gaur Mairaga mankomunitatearen esparruan (Tafallako kultura-etxean, 16:30ean) egingo denaren ondoren, partaidetza-prozesua Jurramendiko mankomunitatearen esparrura eramatea bakarrik falta da. Orain arte ezin izan da egin, Lokiz mendikatean ura hartu eta ponpatzeari buruz GAN-NIK enpresa publikoak egindako txosten bat aztertzen aritu direlako (Ponpaketa-putzuek Alboron-Antzin akuiferoan eta Ega ibaian duten eraginari buruzko azterlan hidrogeologikoa). Azterlanaren ondorioek zona horretako planaren garapenari eragingo diote, eta ordura arte itxaron beharko da deliberazio-bilerak eta itzulera-bilerak antolatzeko. Seguruenik, apirilean egin ahal izango dira.
 
Hurrengo pausoak
 
Plan zuzentzaile honi lotutako legea lehenbailehen izapidetzeko xedez, aurreikusita dago hasierako bertsioaren behin betiko dokumentua maiatza baino lehen aurkeztea, horri dagokion ingurumen-azterketaren dokumentuarekin batera. Jendaurrean edukitzeko aldia (45 egun baliodun) igaro eta hortik atera beharreko ondorioak atera ondoren, Nafarroako Gobernuak lege-proiektua idazteko behar diren plana eta izapide parlamentarioak onartu ahal izango ditu. 
 
Planak bi seiurtekoren epea aurreikusten du plana ezartzeko, 2019an hasi eta 2030ean amaituko liratekeenak. Seiurteko bakoitzak bere mugarriak ditu, eta toki-erakunde bakoitzaren aukeren arabera eta Nafarroako Gobernuak herrien eskura jar ditzakeen baliabideen arabera berrikusiko dira.