Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean herritarrek parte hartzeko prozesuak amaiera emango dio 5 hilabeteko lanari 741 ekarpenekin - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018KO MAIATZAREN 25EAN

Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean herritarrek parte hartzeko prozesuak amaiera emango dio 5 hilabeteko lanari 741 ekarpenekin

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko Departamentuak hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren 2019-2030 plan zuzentzailean herritarrek parte hartzeko prozesuari amaiera emateko eguna ospatu du. Ur-arloan klima-aldaketaren aurka borrokatzeko tresnarik handiena da plana. Urtarrilaren 23an hasitako prozesuan 741 ekarpen jaso dira: 556 bileretan, eskua jasota eta lan-taldeetan egindako proposamenen bidez, eta beste 185 Internet bidez. Horietatik 140 Gobernu Irekiaren web-orriaren bidez iritsi dira eta beste 45 posta elektronikoz. Gobernu Irekiaren bidez hainbat tokitatik jaso dira ekarpenak: Martzilla, Galoze-Izize Kontzejua, Irunberri, Erromantzatua, Ibargoiti, Lekunberri, Garde, Atetz, Salvemos el Ega-Ega Bizirik,  Arguedas, Azkarate, Garralda, Gorza, Urbizi-Ibaien aldeko nafar plataforma, Izarbeibar, Moncayo, Mairaga, Jurramendi, Sakana eta Iruñerriko mankomunitateak, eta baita bost ekarpen anonimo ere. Posta elektronikoz honako hauek bidali dituzte mezuak: Ekologistak Martxan-ek, Cortes, Ergoiena eta Etxarri Aranazko udalek, GAN eta SODENA enpresa publikoek eta Congelados de Navarra enpresak. Mezu guztiak aztertu eta azaldu egingo dira, azken dokumentuan txertatuko direlako edo baztertzeko arrazoiak emateko. 
 
Prozesuak planaren hasierako bertsioa zazpi deliberazio-bileratan, dagozkien itzulera-bilerekin, azaltzeko balio izan du. Egungo hornidura-mugapenak Nafarroan aurreikusten dituen zazpi zonetan oinarrituta egin dira bilerak: Baztan-Bidasoa, Sakana, Pirinioak, Mairaga, Erribera, Jurramendi, Iruñerria eta Izarbeibar. Horiez gain, gaikako hiru bilera (gobernantza eta fiskalitatea; azpiegiturak; kudeaketa jasangarria), hasierako bilera bat eta amaierako hau egin dira Iruñean. Guztira, 19 bilera izan dira urtarriletik maiatzera bitartean banatuta.  Bertaratutakoei dagokienez, zonako bileretan 306 lagunek hartu dute parte (235 gizonezko eta 71 emakume), eta gaikako bileretan 88 lagunek (66 gizonezko eta 22 emakume). 
 
Prozesuaren edukiari dagokionez, jasotako ekarpen nagusiak nabarmendu dira gaur, “erregistratu gabeko uraren gaineko helburu errealistenak” eta “kontsumo-mota hori neurtzeko hodi-kilometroetan oinarritutako beste modu bat erabiltzea” aldarrikatzean ardaztuta. Erregistratu gabeko ura eztabaidetako gai nagusia izan da. Nafarroan kontsumo osoaren % 60 gainditzen du. Iruñerrian, aldiz, % 15etik beherakoa da. Zuzkidura askok (udal-kiroldegiak eta -igerilekuak, parke eta lorategiak, erabilera publikoko eraikinak...)  kontagailurik ez dutelako eta sareetan, batik bat berritu gabe urte asko daramatenetan eta/edo oso handiak direnetan ihes asko izaten direlako gertatzen da hori (Iruñerrian gertatzen denaren alderantzizkoa, sareak oso kontzentratuta daudelako eta errazago delako ihesak erregistratzea eta konpontzea). Guztira galdutako uraren kontzeptua erabili ordez hodi-kilometroko zenbat ur galtzen den adierazteak datu zehatzagoak eskainiko ditu eta horregatik eskatu dute hainbat agentek prozesuan zehar. 
 
Gainera, plana gauzatzeko oztopo nagusiak identifikatu dira. Horien artean, ura banatzeko tokiko entitateetako bitarteko- eta baliabide-falta nabarmentzen da. Nafarroa osoan 254 dira gaur egun eta asko kontzejuak edo tamaina txikiko eremuak direnez, “gainditu” egiten dituzte ezarritako mugarriek. Egoera horren aurrean, ezarritako helburuak berrikusiko dituela eta helburu horiek betetzeko denborak kasu jakin bakoitzaren aukera eta espezifikotasunetara egokituko dituela iragarri du. 
 
Zonako azpiegiturak
Une honetan, eremu geografiko bakoitzak bere hornidura-iturriak eta bere kudeaketa-eredua ditu. Urdalurreko eta ipar-ekialdeko zonan gehienek uste dute dauden iturburuak mantendu egin behar direla eta ez dutela uhertasun handiegirik. Hala ere, Iribasko iturburuaren erabilerari buruz eztabaidatu egingo da. Pirinioetan, Irati eta Goi Aragoi eremuetan kasu hauek hartu dira kontuan: Arratoz, Izaba-Erronkari, Irunberri eta Zangoza. Lehenengoan, irtenbiderik onena Arratoz Galozetik konektatzea dela uste da; Izaban, udala lehengo hitzarmenarekin jarraitzearen alde dago eta Gardek bere iturburuetatik hornitu nahi du; Irunberriko herritarrek Arbaiungo hartzea bere horretan uzteko eskatu dute eta Erromantzatuak alternatibak aztertzeko eskatu du. Azkenik, Zangoza Kasedarekin konektatzearen alde azaldu da, horrek aparteko kosturik eragiten ez badu. 
 
Mairagan eta Behe Arga eta Aragoi eremuetan, Mairagako mankomunitateak eskatu du Nafarroako Kanaletik hornitzeko aukera aztertzeko, Oloritz baliabide gisa badu ere kontingentzia-planean. Bestalde, Erriberan egungo iturriak uztea eskatu da, Moncayo mankomunitatearen eta Itoitzen egungo emakidak barne direla, Esaren laguntzarekin. Jurramendin, Lokizko mendilerroko urarekin hornitzen diren putzuak, Antzin eta Mendazakoak, itxi egingo dira lehenengoan eta 6 hm³/urteko erauzketara mugatuko da bigarren herrian. Egindako azterketak frogatu du Antzingo erauzketak maila freatikoari eragin diezaiokeela hamar metroko murrizketarekin eta Mendazaren kasuan, aldiz, ez dela iristen metro bateko mailara.
 
Gobernantza eta kudeaketa jasangarria
Gobernantzaren eta kudeaketa jasangarriaren atalean, parte-hartzeko prozesuak agerian utzi du adostasun-falta. Entitate batzuk koordinazio-erakunde batez hornitutako udalaz gaindiko eredu baten aldekoak dira eta beste batzuek egungo eskumenekin jarraitu nahi dute. Nolanahi ere, tokiko maparen erreforma, gaur egun izapidetzen ari dena, funtsezkoa izango da eskualdeen mugak eta eskumenak ezartzeko. 
 
Tarifei eta zerbitzuaren kostuari dagokienez, kostu guztiak berreskuratzeko akordio orokor bat dago, Uraren Esparru Zuzentarauan ezarrita dagoen bezala, Europar Batasuneko herrialde kideek nahitaez bete beharrekoa eta plan zuzentzaile honek erantzuna eman behar dien erronka nagusietako bat dena. Tarifa kobratzeko eta ezartzeko kudeaketa-ereduak gobernantza-ereduan dagoenaren antzeko ikuspegi desberdinak ditu. Entitate batzuk Nafarroa osoan tarifa bakarra ezartzearen aldekoak dira eta beste batzuk zona bakoitzerako tarifa indibidualizatua jartzearen aldekoak. Kostu eta aukeren azterketa bat eskatzea aurreikusten du planak. Gaur egun, Nafarroan ez dago gastatzen duena berreskuratzen duen kudeaketa-sistemarik, zenbait partida ez direlako aurreikusten kontuetan, esaterako, azpiegituren amortizazioa, eta beste batzuk ez direlako kontuan hartu ere egiten, esaterako, ingurumen-kostuak. 

Hurrengo urratsak
Gaurko amaiera-egunaren ondoren, Departamentuak ekainean aurkeztuko du planaren hasierako bertsioaren behin betiko dokumentua ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera. Dokumentua jendaurrean jarriko da 45 egun baliodunez kolektibo, erakunde edo herritar orok alegazioak aurkezteko aukera izan dezan. Denbora hori igarotakoan eta ingurumen-adierazpen estrategikoa egin ondoren, urteko bigarren seihilekoan behin betiko dokumentua aurkeztuko da onespena emateko eta Parlamentura igortzeko. 
 
Gogora ekarri nahi dugu bi seiurtekoren epea aurreikusi dela plana ezartzeko, 2019an hasi eta 2030ean amaituko direnak. Seiurteko bakoitzak bere mugarriak ditu, tokiko entitate bakoitzaren aukeren eta Nafarroako Gobernuak herrien eskura jar ditzakeen baliabideen arabera berrikusiko direnak, plana dokumentu bizia delako, eboluzionatu egingo duena eta aldiro-aldiro berrikusiko dena, ikusten diren eskaera eta premiekin batera. Ñabardura hori esanguratsua da zona guztietan helburuak betetzeko denbora eskatuz egin diren eskaerak kontuan hartuta, batez ere erregistratu gabeko uraren inguruko helburuak. Helburu horien arabera, 2024an sareek % 75eko efizientzia izan behar dute eta orain, gehienak, % 30-% 40 inguruan daude.