Arbeitza eta Zubielkiko araztegia 2020an hasiko da lanean - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

Iruñean, 2018ko azaroaren 8an

Arbeitza eta Zubielkiko araztegia 2020an hasiko da lanean

Allingo udalerriari dagozkio Arbeitza eta Zubielki, Jurramendiko Mankomunitatearen esparruan, 185 eta 104 biztanle erroldaturekin, hurrenez hurren, eta 2020an hasiko dira bertako hondakin-urak arazten. Orain arte, Arbeitzak, Ega ibaiaren eskuinaldean, bi isurketa-puntu zituen, tratamendurik gabeak. Zubielkik, aldiz, Ega ibaiaren ezkerraldean, isurketa-puntu bakarra zuen, tratamendurik gabea. Instalazio berria eraikita, hiru puntuak kendu, eta egoera bikainean itzuliko da ibaira ur-emari osoa. 
 
Proiektua egiteko orduan, uholdegarritasuna izan da baldintzatzaile nagusia. Izan ere, lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan dago bi herriguneen arteko lautada uholde-gertakarietan. Horregatik, eremu horretatik kanpo kokatu beharra zegoen, errepide eta herriguneetatik urrun, gainera, jarduketaren inpaktua ahalik eta gehiena murrizte aldera biztanleen artean. Azkenean, eskuinaldean kokatutako landa-finka bat aukeratu da, baldintzatzaile guztiak hobekien asetzen dituelakoan.
 
Hantxe eraikiko da araztegia, beraz, eta Arbeitzako isurketak bateratzen dituen grabitate-hustubide baten bidez iritsiko dira haraino hondakin-urak. Zubielkiko isurketa ere hustubide horretatik iritsiko da araztegiraino; sifoi baten bidez bideratuko da isurketa hustubidera. Sakonera handian dago hustubidea araztegira iristen denean, eta, horregatik, ponpaketa-sistema erabiliko da desnibela gainditu eta hondakin-urak araztegira sartu ahal izateko. Arbeitzatik, 462,10 metro luze izango da hustubidea, eta Zubielkitik, 221,95 metro. 
 
Proiektatutako instalazioak 0,98 litroko ur-emaria tratatuko du segundoko, batez beste, eta, gehienez, 6,87 litrokoa hartuko du segundoko (hortik gora, funtzionamendua eten egingo da). Edonola ere, ez da espero puntako ur-emariak (ekaitza gogor batean, adibidez) 2,36 litrotik gorakoak izatea segundoko. Horrez gain, karga kutsatzaile honetarako diseinatu da: 29 kilo DBO5 eguneko. 
 
Instalazioak iragazki biologikodun arazte-sistema izango du, ohikoena NILSAn eta zabalduena Nafarroan; lehen dekantazioa, azken dekantazioa eta kontrol-urmaela hartuko ditu prozesuak. Urmaela 14 x 8 metro luze-zabal izango da, eta bi metro sakon, hots, 224 metro kubikoko edukiera izango du. 
 
2019an hasiko da eraikitzen obra, eta gauzatzeko epea hamar hilabetekoa da. Aurrekontuak 872.710,70 € jo du, eta saneamendu-kanonaren bidez finantzatuko da osorik. Zerga bat da hori, NILSAk kudeatzen duena, eta zergapeko guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dute.