Nafarroako ikasleek Stockholmeko Uraren Sariaren gazte edizioan parte hartzeko aukera izanen dute - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2017

2017ko otsailaren 20a

Nafarroako ikasleek Stockholmeko Uraren Sariaren gazte edizioan parte hartzeko aukera izanen dute

Stockholmeko Uraren Sariaren (Stockholm Junior Water Prize) gazte edizioan parte hartzeko aukera eskaintzen die Nafarroak hezkuntza-zentroei; hiri horretako Uraren Nazioarteko Institutuak ematen du 1997an sortu zen sari hori. Ekimen aitzindari bat da; izan ere, Nafarroako Gobernuak, saneamenduaz eta arazteaz arduratzen den NILSA sozietate publikoaren bitartez, akordio bat sinatu du Uraren Eskolarekin –sariaren fase nazionalaren antolatzailea–, eta, horren bidez, aukera ematen zaie Nafarroako Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, eta Lanbide Heziketako ikasleei lehiaketan parte har dezaten.

Lanak banaka edo bikoteka aurkeztu daitezke, tutore batek gainbegiratuta, eta honako gai hauei buruzkoak izan beharko dute: ur-baliabideen kudeaketa, uraren babesa eta haren tratamendua. Gainera, izan daitezke esperimentazio zientifikoan eta teknologien garapenean oinarritutako ikerketak edo izaera sozialeko lanak, jada eginak direnak. Helburua da gazteek ingurumena zaintzeaz duten kezka saritzea, baita klima-aldaketaren aurkako jarduketak bultzatzea ere.   

Lanak 2017ko apirilaren 7a baino lehen bidali beharko dira Uraren Eskolara (hola@laescueladelagua.com), hark antolatzen baitu lehiaketa Espainian. Fase nazionaleko irabazleak nazioarteko fasera pasako dira –abuztuan eginen da–. Ospe handiko bost profesionalek osatuko dute Espainiako etaparen epaimahaia; finalistak hautatzeko orduan, honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan: garrantzia (zientzia, ingurumen eta gizarte arloetan), sormena, metodologia, ezagutza eta trebetasun praktikoak. Maiatzaren erdialdean jakinaraziko dira zein diren lan finalistak, eta haien egileak final nazionalera gonbidatuko dira; ekainean eginen da, Madrilen.

Epaimahaiak lan bakarra aukeratuko du Espainiako ordezkaria izan dadin lehiaketan, eta aitorpen gehigarriak emanen dizkie beste lan batzuei, haren ustez halakorik merezi badute. Lanaren egileek, tutorearekin batera, Suediako hiriburura bidaiatuko dute nazioarteko fasean parte hartzeko. Bidaiak bost egun iraunen du, eta Uraren Mundu Astean kokatuko da, parte hartzeko moduko beste hainbat jarduerarekin batera.  

Sari horren helduentzako edizioa Uraren Nobel saritzat jotzen da, eta ospe handia du esparru akademikoan zein zientifikoan; izan ere, sariaren filosofiak iraunkortasunaren eta baliabide naturalekiko errespetuaren balioak azpimarratzen ditu gazteen heziketan, eta, gainera, eztabaida zientifikoa bultzatu nahi du bizitzaren hasierako etapetatik hasita.

Ekitaldia Espainian antolatzen dutenen eta NILSAren arteko akordioa sozietate publikoak herritar guztiei eskaintzen dien hezkuntza-kanpainaren barnean dago.  Programa urte guztian zehar garatzen da etengabe, baita zenbait asteburutan ere, eta guztiz doakoa da; gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz eskaintzen da, eta hondakin-urak nola arazten diren ezagutzeko interesa duen talde bakoitzaren beharretara egokitzen da.  Entitate horren webgunean ikusteko moduan daude, halaber, jarduera guztiak (hemezortzi dira) eta haietan izena emateko formularioak.
2015eko uztailean berritu eta zabaldu egin zen hezkuntza-programa, eta, horri esker, parte-hartzaile kopuruaren zifrak gainditu dira azken ikasturtean: 6.976 pertsona. NILSA bereziki arduratu da gazteenen kontzientziazioa eta heziketa lantzeaz ingurumenarekiko eta ur-baliabideekiko errespetuaren arloan, eta, hain zuzen,  Stockholmeko Uraren Sariaren haurrentzako edizioan Nafarroak parte hartzea beste urrats bat da norabide horretan.