Arbeitza eta Zubielkiko kontzejuetarako araztegiaren obrak datorren hilabetean bukatuko dira - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2022

2022ko otsailak 16

Arbeitza eta Zubielkiko kontzejuetarako araztegiaren obrak datorren hilabetean bukatuko dira

Arbeitzak eta Zubielkik, Allingo udalerriko kontzejuak biak, araztegi bat izango dute martxotik aurrera, bukatzear baitaude duela hamar hilabete hasitako obrak. Instalazioak erroldatutako ia 300 biztanleei emango die zerbitzua (184 Arbeitzan eta 105 Zubielkin). Orain arte ez batak ez besteak ez zuten tratamendurik. Dena den, hala Arbeitzak (Ega ibaiaren eskuinaldean) nola Zubielkik (ezkerraldean) ez dute ingurumenean eragin nabarmenik uzten duen industria-jarduerarik.

Proiektua, NILSAk egina, Jurramendiko Mankomunitatearekin akordio bat sinatu ondoren burutu da, hura baita bere eremuko arduraduna.

Araztegia Allingo udalerriko landa-finka batean kokatu da, Egaren eskuinaldean. Hustubide batek eramaten ditu Arbeitzako isurkiak araztegiraino; Zubielkikoak ere hustubide horretatik beretik iristen dira haraino. Beraz, kolektore bakar batean zentralizatu dira isurketa guztiak; horri esker, errazago egingo dira mantentze-lanak.

Instalazio berriak iragazki biologikoa eta amaierako segurtasun-urmaela ditu; ura atxikitzeko gune gisa balio du urmaelak, ekaitz bortitzak izanez gero, baita garbitzeko beste etapa bat gisa ere. Hona hemen dimentsioak: 14 metro luze eta 8 zabal, eta 2 metroko sakon, hau da, 224 metro kubiko. Araztegia egunean batez beste 85 metro kubiko (ia litro bat segundoko) emaria tratatzeko diseinatuta dago.

Lizitazio-aurrekontuak 949.000 euro jo zuen, eta 874.000 euroan adjudikatu zen azkenean. Saneamendu-kanonaren bidez finantzatu dira, zeina Nafarroako biztanle guztiok uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dugun eta NILSAk kudeatzen duen.

200 biztanle baino gutxiagoko herri guztietan araztegia jartzearen helburuaren barruan kokatzen da proiektu hau; izan ere, hobi septikoak badituzte ere (gaur egun Nafarroan ia bostehun daude), araztegiak osatuagoak eta fidagarriagoak dira. Gaur egun, soilik biztanleen % 1,5ek ez du saneamendu osorik (errolda 650.000 pertsona inguru da). Oso sakabanatuta dauden tokiak dira, hala nola mendiko toki habitatu batzuk, baserriak, oso sakabanatutako nukleoak, jaurerriak edo isolatutako etxeak. Horiek ingurumenean duten eragina oso txikia da, etxeko isurketak izan ohi direlako, hau da, ez dagoelako industria-karga kaltegarririk, organikoa soilik.

Esparru horretan, 2019-2030 Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzaileak jasotzen du sistema biologiko horien bidezko saneamendua 100 biztanletik gorako nukleo guztietara zabaltzea. Adierazi bezala, helburua konplexua da, baina horretara bideratzen dira araztegi hau eta antzeko proiektuak.