NILSAk Orotz-Beteluko araztegia lizitatu du, 537.401,67 euroan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko irailak 9

NILSAk Orotz-Beteluko araztegia lizitatu du, 537.401,67 euroan

Orotz-Beteluk 153 biztanle ditu erroldatuta, eta herriko hondakin-urak 2004an eraikitako hormigoizko Imhoff batera bideratzen dira data bereko hainbat hustubideren bitartez. Datorren urtetik aurrera, araztegi oso bat izango du, eta haren obra-proiektua 537.401,67 euroan lizitatu da, Nafarroako Gobernuaren Kontratazio Publikoaren Atarian.

Instalazio berria NA-2040 errepidearen eskuineko aldearen partzela batean kokatuko da. Alde batean errepidea eta bestean Itoizko urtegia izango ditu mugakide, zehazki. Hondakin-ura ponpaketa bidez iritsiko da partzelaraino (Imhoff tangaren ondoan jarriko da). Tanga hori segurtasun-elementu gisa erabiliko da. Ponpaketak ura arindu beharko balu instalazioak nahikoa gaitasun izango ez balu emarian izan litezkeen aparteko gertaerengatik, ur zikina Imhoffen biltegiratuko da, halako moldez non, gutxienez, aldez aurretiko dekantazioa gertatuko baita eta atxikitze-denbora egongo baita Irati ibaira iritsi aurretik.

Halaber, urrutiko kontroleko sistema bat ezarriko da (NILSAko bulegoetatik edo interneten bidez kontrolatu ahalko da), eta, horri esker, gerta litekeen edozein matxura edo alarmaren berri izan daiteke (24 orduko epean, gehienez, konponduko dira). Bestalde, mantentze-lanetako langileek astero bisitatuko dute instalazioa, lohi-mailak eta egoera orokorra gainbegiratzeko, baita hondakinak kentzeko eta lorezaintza eguneratzeko ere.

Instalazio berria egunean batez beste 0,69 litro segundoko emaria tratatzeko diseinatuta dago (60 m³/egun); 4,84 litro segundoko hartuko lituzke gehienez eta hortik aurrera funtzionatzeari utziko lioke; hala ere, nekez gertatuko da hori, aurreikusitako batez besteko emaria halako zazpi baita kantitate hori. Ur-emari handiko egunetan, euri-jasek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 1,66 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da.

Aurrekariak
2017ko ekainean, herrian araztegi osoago eta eguneratuago bat eraikitzeko lehenengo proiektua idatzi zuen NILSAk. Baina Ebroko Konfederazio Hidrografikoak proiektuaren aurkako txosten bat idatzi zuen, Itoizko urtegiaren atzealdeko presa txikia eraikitzean sortutako uholde-arriskurako kurbak zirela eta. Kurbek uholde-kota igotzen zuten, eta proiektua ehun urteko birgertatze-aldiaren barruan zegoen; horregatik, 2018ko azaroan beste proposamen bat idatzi zen.

Urte hartako abenduan, udalak beste leku batean kokatzeko eskatu zuen, herritik hurbil zegoelako eta inpaktu bisuala zuelako, eta hori oso garrantzitsua da Pirinioaurreko herri honetarako. Hala, hirugarren kokaleku bat bilatzen hasi zen NILSA 2019an, errepidearen ondoan, eta azkenik adostasuna lortu zen urtearen amaieran. 2020an, beharrezko izapideak moteldu egin ziren COVIDen pandemia zela eta; esleipena abendua baino lehen egingo da, obrak hasten direnean, 2022ko lehen hiruhilekoan, aurreikusitakoaren arabera. Lanek seihileko bat iraungo dute.