NILSAk Cintruénigoko araztegiaren bigarren berritzeari ekingo dio, edukiera hirukoiztu eta 1996ko instalazioa eguneratzeko - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko martxoak 25

NILSAk Cintruénigoko araztegiaren bigarren berritzeari ekingo dio, edukiera hirukoiztu eta 1996ko instalazioa eguneratzeko

NILSAk lizitaziora atera du Cintruénigoko araztegia berritu eta handitzea, 327.959,40 euroko zenbatekoarekin. Eskaintzak aurkezteko epea martxoaren 31n amaitzen da. Obrak maiatzean esleitu eta ekainean hasiko direla aurreikusten da. Aurreikuspenen arabera, sei hilabete iraungo dute, eta joan den irailean hasi eta 2020ko abenduan bukatu zirenak osatuko dituzte.
 
Berritze-lan horiek osagarriak dira, eta aurreikusita zeuden; instalazioaren ohiko funtzionamenduari ez eragiteko erabaki zen mailaz maila egitea. 1996an eraikitako instalazio bat osorik birmoldatuko dute obrek, eta aurreko edukiera halako hiru izango du araztegiak. Horrela, 22 litro segundoko tratatuko ditu (1.900 metro kubiko egunean), eta 250 litro segundoko tratatu ahalko ditu gehien-gehienez (21.600 metro kubiko egunean). Uholde handiko uneetan, hala nola euri-jasetan, emaria 47 litro segundoko izango dela kalkulatu da; beraz, hirigintza- edo industria-garapen berriak onar litezke, geroago birmoldatu edo inbertsioak egin beharrik gabe.
 
Udan hasiko den berritze-fasea sarrera-obran oinarritzen da, hau da, ura jasotzen duen araztegiaren zatian. Obra gaur egungoaren ondoan egingo da, eta horrek ez du funtzionatzeari utziko; beraz, instalazioak bete-betean jarraituko du. Fase berrian, kutxatila bat eraikiko da hormigoi armatuz, lodien burdin sare bat jartzeko. Sareak urarekin iristen diren solidoak kentzen ditu. Gainera, sarrerako ponpaketa indartuko da, zaharrak baino edukiera handiagoko erosi berriko bi ponparekin. Bestalde, baheketa-sistema bat jarriko da hormigoi armatuzko beste kutxatila batean: bi bahe hartuko ditu, gaur egun dagoen bakarraren ordez; ponpaketa-emaria xurgatu ahalko dute horrela, eta hori ere handiagoa izango da, ponpek potentzia handiagoa izango baitute. Baheak, bestetik, ura garbitzen du. Kasu horretan, 90 litro hondakin ur ere segundoko trata ditzake. Elementu horren atzean, harea kentzeko gailu bat jarriko da, torloju helikoidalaren formako pieza bat; euriek eramandako harea eta lurrak biltzen ditu gailuak. Azkenik, dekantagailuan lan egingo da; uretatik ateratako lohiaren loditzailea hobetuko da, putzu berri baten bidez, eta zenbait kutxatila hobetuko dira, emaria aparatu batzuetatik beste batzuetara birzirkulatzeko aukera ematen dutenak.
 
Obra bukatutakoan, egungo sarrerako ekipo guztiak desmuntatu, zati bat eraitsi eta ponpaketa-putzua mantenduko da, hareak eta legarrak kenduko dituen elementu gisa.
 
Aurrekariak
 
2020ko azken lauhilekoan egindako berritze-lanak 505.137 euro jo zuen; 4.000 metro koadroko hezegune artifizial bat eraiki zen. Hezegunea lanean ari da jada bete-betean, eta dagoeneko hazten ari da han landatutako landare-espeziea (lezkadia). Aintzira horrek aparteko emariak atxikitzeko balio du, eta, horri esker, ez dira ibaira botako aurretik araztu gabe.
 
Jairo Gómezek, instalazioaren eta I+G+Bren NILSAko arduradunak, gogorarazi duenez, “Alhama ibaia Nafarroako arro sentikorrenetako bat da. Asko kezkatzen gaitu; izan ere, Corella, Fitero eta Cintruénigoko instalazioetatik araztuta ateratzen den emaria da nagusi agorraldian, eta horrek esan nahi du araztegi baten funtzionamenduan edozein aldaketa egiteak eragina duela ibaian. 2018an, Corellako instalazioa eguneratu genuen, eta, iaz, Cintruénigokoa handitu genuen, aurten amaituko duguna. Fiterokoa ere birmoldatuko dugu, 2021 eta 2022 artean. Lehentasuna ematen ari gara, beraz, emari txikia arazo handiena duen arro bateko instalazioei. Gure esku dauden jarduera guztiak egin nahi ditugu arroak daraman ur-kantitate oso txikia babesteko, baina oso ahula, konplexua eta sentikorra da. Ez da lan erraza. Instalazioak martxan jarri aurretik, ez zegoen arrainik. Orain edozein gorabehera gertatzen bada, berehala nabaritzen da, eta, paradoxikoa dirudien arren, seinale ona da; horrek esan nahi du ur-ekarpen estra, funtsezkoa ekosistemarako, egiten ari garela, emaria araztuta baitago”.
 
NILSAren jarduketa guztiak enpresa publiko horrek kudeatzen duen eta Nafarroako zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu kanonaren kontura finantzatuko dira.