Orbaizetako araztegia, funtzionamenduan jada - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko ekainaren 4a

Orbaizetako araztegia, funtzionamenduan jada

Orbaizetak (200 biztanle) hondakin-uren araztegia estreinatu du. Obrek 8 hilabete iraun dute. Instalazioak garbiak isurtzen ditu urak berriro Irati ibaira. Nafarroako ibai ederrenetako bat da, ingurumen-balio handiko baterik iragaten dena, Iratiko oihanetik, paisaia zinez ederra osatuz. 
 
Udalak estolderia-sareak berritu zituen 2003an, eta hustubide orokorrak eta Imfoff tanga bat ere eraiki zituen ur zikinak bildu eta dekantatzeko; herriko isurketa guztiak iristen ziren tanga horretara, ezkerreko ertzeko urbanizazio pribatu batekoak izan ezik (hobi septiko propioa eta iragazketa-sistema zituen urbanizazioak).
 
Hamabost urte ondoren, lanean hasi da araztegi berria, sendoagoa eta ahalmen handiagokoa. NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako enpresa publikoak, instalazio tipo bat eraiki du herri txikietarako; ez dute energia elektrikorik behar eta mantentzen errazak dira instalazio horiek. Sistemak 2003an eraikitako Imhoff tanga aprobetxatu, eta hauek gehitu ditu: dekantazioa, iragazki bakterianoa eta amaierako hezegune bat (115 metro koadro eta 80 zentimetro sakon), ura arazteko hirugarren etapa bat bermatzen duena.
 
Horrez gain, NILSAk herriko ekialdeko adarra –137 metro luze da eta larreetan barna doa– berritu du, Hirigintza Garapeneko Udal Planean xedatutakoarekin bat (zona hori etorkizunean hedatzea aurreikusita dago).
 
0,48 litro segundoko emaria tratatzeko (42 metro kubiko egunean) diseinatuta dago araztegia, eta 1,15 litro segundoko, gehienez ere, tratatzeko gauza izan daiteke. Goreneko emaria, ekaitzak edo euri-jasak daudenean kasu, 3,37 litro segundokoa izatea espero da, beraz, ia ezinezkoa da gainezkatzeak gertatzea araztegia buxatu eta bete delako.
 
Kendutako lohiak beste araztegi handiago batean tratatuko dira, araztegi txiki guztietan bezala. Izan ere, lohi gutxi ekoizten da, eta du merezi sistema propiorik izatea ez eraginkortasunaren, ez inbertsioaren ikuspegitik.
 
Inbertsioak 232.258,41 euro jo du, eta saneamendu-kanonaren kontura finantzatu da osorik. NILSAk kudeatzen du kanon hori, eta  uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dute nafar guztiek.
 
Gaur egun, arazketaren eta 2019-2030 Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen ardura duen enpresa publiko hau 2.000 biztanletik beherako herrietako proiektuetan lan egiten ari da; izan ere, %100a araztea lortu nahi da Nafarroan (egungo tasa %98tik gorakoa da). Planean 2024. urterako ezarritako helburua da 100 biztanle baino gehiagoko herrigune guztiek izatea hiru etapako arazketa-sistema oso horiek (dekantazioa, iragazketa eta hezegunea). Egun, eta tarte horri dagokionez, Cabredo eta Hiriberriko instalazioen obrak egiten ari dira eta Meotz eta Uxuekoen proiektuak idazten ari dira. Horrez gain, noski, 2.000 biztanletik gorako herriei zerbitzua egiten dieten instalazio zaharragoak konpontzen, zabaltzen eta osorik birmoldatzen jarraitzen du.