NILSAk hitzarmen bat sinatu du Zientzia Ministerioarekin, hondakin-uretan COVID-19a egon litekeen aztertzeko - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020KO MAIATZAREN 22A
     

NILSAk hitzarmen bat sinatu du Zientzia Ministerioarekin, hondakin-uretan COVID-19a egon litekeen aztertzeko

Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) Nafarroako araztegietako laginak ikertuko ditu; araztegiak Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako enpresa publikoak kudeatzen ditu.
  
NILSA enpresa publikoak (hondakin-uren saneamenduaz eta arazketaz arduratzen da) hitzarmen bat sinatu du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren menpeko Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia (CSIC) erakundearekin; elkarrekin lan egingo dute araztegietara heltzen diren emariak eta horietan egon litekeen COVID-19a aztertzeko.

NILSAk (Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikita dago) laginak bidaliko ditu CSICen laborategira hilabete batean zehar. Hala ere, hitzarmena hiru hilabetetarako da, egindako lanen ondorengo orientazioa eta azken txostenak egitea ere barne hartzen baititu. Proiektuaren izen osoa Hondakin-uretan SARS-CoV-2aren RNAren prebalentziaren eta kontzentrazioaren ikerketa da eta8.899 euro joko ditu (NILSAk finantzatzen du guztiz). Ikerketan, hamahiru lagin aztertuko dira astero lau astetan zehar. Ikerketarako araztegiak arazketa-tratamenduen eta birusak zonalde horretan izan duen eraginaren arabera hautatu dira eta honako hauek dira: Iruña, Tutera, Tafalla, Lizarra, Artaxoa eta Cortes (bere lohi aktiboen teknologiagatik). Beste puntu interesgarri bat Tuterako Ospitaleko kolektorea izan daiteke, zentro sanitarioko emaria bereizitako kolektore bakar batean biltzen baitu.

Halaber, GAN/NIK eta Nasertic enpresa publikoek ere hartuko dute parte, laginak hartzen eta laborategian aztertzen, hurrenez hurren. Bestetik, Iruñerriko Mankomunitatea ere gai horri buruzko ikerketak egiten ari da eta enpresa publiko guztiek lortutako aurrerapenak eta emaitzak amankomunean jarriko dituzte, hala, gertatzen diren aurrerapenetan elkarrekin joateko.

NILSAk ekimen hori lehenbailehen abian jartzea erabaki du; izan ere, argitalpen zientifikoek frogatu dute SARS-CoV-2a, COVID-19aren eragilea, diagnostikatutako nahiz sintomarik gabeko pertsonen gorozkietan iraizten dela, eta haren material genetikoa hainbat herrialdetako hondakin-uren laginetan detektatu da. Kasu horietan, hondakin-uren azterketatik abiatuta, azkar detektatzea ezinbestekoa da komunitate batean koronabirusa dagoela ohartarazteko.

Enpresa publikoko Jairo Gómez eta Andrea López ikertzaileak dira proiektuaren arduradunak; biak hondakin-uretako organismo patogenoei buruzko hainbat artikuluren ko-egileak dira eta frogatutako ikerketa-ibilbidea dute. Hau adierazi dute: “Murtzian, ESAMUR enpresa publikoa, CSICekin elkarlanean, araztegietako emarietan COVID-19aren material genetikoa hautemateko gai izan da. Hala ere, ez da detektatu arazketa-tratamenduaren ostean; beraz, argi geratu da eraginkorra dela”.

Hemendik aurrera, eta sinatutako hitzarmenaren bidez, NILSAk hainbat araztegitan sartzen den uretan birusaren material genetikoa dagoen al ez zehaztuko du, baita arazketa-tratamenduak egin ondoren ere. Bi helburu ditu: alde batetik, ezagutzea ea material genetikoaren detekzioa erabil daitekeen instalazio horretara isurtzen duten herrietan kutsatutako pertsonarik dagoen detektatzeko edo baieztatzeko tresna gisa, eta, beste aldetik, zehaztea birusa ezabatzeko arazketa-tratamendu eraginkorrak .