Iguzkitzak araztegia estreinatu du - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko urtarrilaren 8a

Iguzkitzak araztegia estreinatu du

Iguzkitzak araztegia estreinatu du gaur, eta bertan erroldatuta dauden ia 200 biztanleei zerbitzua ematen die. Instalazioari esker, aurreko hobi septikoa baztertu ahal izan da; 40 urte baino gehiagokoa zen eta funtzionatzeko arazo larriak zituen. Araztegiaren edukiera jadanik ez zen nahikoa eta lohiz betetzen zen maiz; hori dela eta, Jurramendiko Mankomunitateak, NILSAk haren eremuan eraikitzen dituen araztegien mantentze-lanen eta funtzionamenduaren entitate arduradunak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitako enpresa publikoari adierazi zion eraikuntza-proiektu berri eta osatuago bat egitea komeni zela.

Instalazio berriak bi Imhoff tanga, iragazki biologiko bat eta amaierako hezegune bat jasotzen ditu, aurreko ingurumen-inpaktuak konpontzen dituztenak, hala nola gainezkatzeak eta usainak, eta emariaren benetako beharrei erantzuten dietenak. Halaber, 37 metro luze eta 3 metro zabal den bide berri bat eraiki eta zolatu da instalaziora sartzeko.

Imhoff tangak poliester indartuzkoak dira, beira-zuntza dute eta 6,55 metro luze, 5,10 metro zabal eta 5,25 garai dira; hondakin-ura atxikitzen dute eta, haiei esker, horren hasierako tratamendu prozesua egin daiteke, gero iragazkiarekin osatzen dena. 545 metro karratuko hezegunea tratamenduko hirugarren etapa da eta, horri esker, ekaitz edo euri-jasetan ura gorde daiteke, emariak zuzenean ibaira bideratu beharrik gabe.

Hori egiaztatu ahal izan dute gaur goizean Jose Ignacio Urra alkateak eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko kontseilariak eta zuzendari nagusiak, Bernardo Cirizak eta Jesús María Rodríguezek, hurrenez hurren, baita Jurramendiko Mankomunitateko presidenteak eta kudeatzaileak, Emilio Cigudosak eta Nicolás Ulibarrik, hurrenez hurren, zein NILSAko zuzendari kudeatzaile Fernando Mendozak ere.

Instalazioa egunean gehienez ere 72,40 metro kubiko tratatzeko diseinatutako dago eta 271.244 euroko inbertsioa izan du; saneamendu-kanonaren bidez finantzatu da, zeina Nafarroako biztanle guztiok uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dugun eta NILSAk kudeatzen duen.

Proiektuaren helburua 200 biztanle baino gutxiagoko herri guztietan araztegiak jartzea da, jadanik hobi septikoak badituzte ere (gaur egun Nafarroan 486 daude), instalazio horiek hobiak baino osatuagoak eta fidagarriagoak direlako. Gaur egun, Nafarroako biztanleriaren % 1,81k soilik ez du saneamendu osoa, hau da, 11.530 biztanlek, 649.775 pertsonako erroldaren arabera. Sakabanatutako herriak dira, hala nola baserriak, 20 biztanle baino gutxiagoko herriguneak, jaurerriak edo isolatutako etxeak. Horiek ingurumenean duten eragina oso txikia da, etxeko isurketak izan ohi direlako, hau da, ez dagoelako industria-karga kaltegarririk, organikoa soilik.

2018an, NILSAk hainbat araztegi eraiki zituen toki txiki eta geografikoki sakabanatuetan, hala nola, Erron, Ezkarozen edo Figarolen, eta biztanle gutxiko beste herrigune batzuetarako, Baraibar edo Torres del Ríorako, adibidez, proiektuak lizitatu zituen.

Etorkizunari begira, pasa den maiatzean onetsitako 2019-2030 Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean ezartzen da, 2024rako, sistema biologikoen bidezko saneamendua zabaltzea 100 biztanle baino gehiagoko herrigune guztietan, eta NILSA helburu horretan ari da lanean. Plan zuzentzailea Nafarroako Gobernuaren bide-orria da ur-arloan klima aldaketari aurre egiteko. Orokorrean, gainazaleko zein lurrazpiko ur-masen egoera ekologiko ona lortzearen alde egiten du dokumentuak, baita 2027rako kostuak erabat berreskuratzearen alde ere. Izan ere, Uraren Esparru Zuzentarauak, garrantzitsuenak Europar Batasunean, ezinbesteko betekizuntzat jotzen du hori. Halaber, I+G+B inbertsioa jasotzen du (lehentasunezko 11 ikerketa-lerro ditu eta aurrekontuaren % 2ra iritsiko da 2030ean) zerbitzua hobetzeko printzipio gisa, baita informazio-, heziketa- eta sentikortasun-kanpainak herritarrentzat ere.

Gaur egun, Nafarroan 159 araztegi daude; NILSAk eraikitzen ditu toki-entitateekin batera harreman estuan arituta. Jurramendiko eta Iruñerriko Mankomunitateek euren alorreko instalazioetan jarduten dute, baina guztiak NILSAk kudeatzen duen Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailearen bidez exekutatzen eta finantzatzen dira. 2018an, Nafarroan 86.750.609 metro kubiko hondakin-ur araztu ziren, eta, aurreko urtean, aldiz, 75.657.875. Hazkunde horren arrazoiak pasa den negu eta udaberriko plubiometria ugariak eta urte osoan zehar emandako industria-jardueraren igoera dira.